NAIZ
Etxarri-Aranatz

Duela 20 urte hildako Josu Zabalaren heriotza argitzea eskatu dute herritarrek Etxarri-Aranatzen

1997an Deban hilda agertu zen Josu Zabalaren heriotza argitzea eskatu dute Etxarri-Aranatzen. «Josu Zabala Salegi Euskal Herrian oraindik konpontzeke dagoen gatazka politikoaren ondorioz hil zen. Bere heriotza arrazoi politikoengatik erabilitako biolentziak eragin zuen», azpimarratu dute.

Josu Zabalaren kasua argitzea eskatu dute Etxarri-Aranatzen. (Jaizki FONTANEDA / ARGAZKI PRESS)
Josu Zabalaren kasua argitzea eskatu dute Etxarri-Aranatzen. (Jaizki FONTANEDA / ARGAZKI PRESS)

Etxarri-Aranatzeko bizilagunek Josu Zabala gogoratu dute, bere heriotzetik 20 urte betetzen direnean. «Josuren heriotza nola gertatu zen jakin nahi dugu; bere heriotzaren atzean egon daitezken erantzukizun guztiak argitzea nahi dugu. Josuri gertatutakoa berriro inoiz, inon eta inori ez gertatzea nahi dugulako».

Etxarriarraren gorpua 1997 urteko martxoaren 27an agertu zen Deba udalerriko Punta Mendata parajean. Tiro bat zuen bularrean. Autopsiak esan zuenaren arabera, martxoaren 26an hil zen. Instituzio publikoetatik zabaldu zen bertsioaren arabera, Josuk bere buruaz beste egin zuen, baina ETA erakundeak poliziak bahitu eta desagerrarazi egin zuela salatu zuen.

Astelehenean 20 urte beteko dira eta Etxarri-Aranatzeko herritarrek heriotza argitzea eskatu dute. «Josuren gorpua aurkitu ondoren egin ziren ikerketak ez zuten Josuren heriotzaren inguruko xehetasunak argitzerik lortu, baina bertsio ofizialak zioena gezurtatzen zuten datu erabakigarriak azaleratu zituen: gorpua agertu zen tokian ez zegoen odol arrastorik, egin ziren miaketetan balazorrorik ez zen aurkitu; Josuk jantzita zeramatzan zapatetan itsatsita zegoen lurra ez zen inguru hartakoa», azaldu dute.

Ordutik hona, senide eta lagunak lanean aritu dira gertatutako argitu nahian, babes eskaria Europako Giza Eskubideen Auzitegiraino eramanda ere. Oraingoz, erantzunik gabe. «Josu Zabala Salegi Euskal Herrian oraindik konpontzeke dagoen gatazka politikoaren ondorioz hil zen. Bere heriotza arrazoi politikoengatik erabilitako biolentziak eragin zuen».

Zentzu honetan, Nafarroako Legebiltzarrari eta Nafarroako Gobernuari eta «gatazka politiko eta armatuaren konponbidean ardura duten eragile eta instituzio guztiei», Zabala gatazka horren biktima dela aitortzea eskatu diete eta beraien esku dauden baliabide guztiak erabiltzea kasuaren «egia osoa» azaleratzeko.