NAIZ

Euskararen «jatorri misteriotsuaren» inguruko erreportajea egin du BBCk

«Europako hizkuntzarik zaharrenaren jatorri misteriotsua» izenburuarekin, euskarari buruzko erreportajea egin du BBC kate britainiarrak. Pello Salaburu EHUko irakasle eta Euskara Institutuko zuzendaria eta Karmele Errekatxo irakasle bilbotarra izan ditu bidelagun.

BBCren erreportajearen goiburua.
BBCren erreportajearen goiburua.

Getarian hasi du bidaia BBC kateko Anna Bitong kazetariak eta hango portuan bi gizon «sekula entzun ez zuen» hizkuntza batean ari zirela aditu zituen. «Gero konturatu nintzen desgertzeko zorian egon den hizkuntza zahar bat hitz egiten ari zirela».

Erreportajean dioenez, euskara, «Nafarroa eta Basque Country komunitateetan hitz egiten dena, misterio bat da: ez dauka beste hizkuntzekin jatorri edo erlaziorik, eta anomalia horrek harrituta dauzka hizkuntzalariak duela urte askotik».

Pello Salaburu EHUko irakasle eta Euskara Institutuko zuzendariarengana jo du kazetariak argibide eske: «Inor ez da gauza esateko nondik datorren», haren hitzetan.

Gaur egun euskara 700.000 lagun inguruk hitz egiten dutela dio, «euskal populazioaren %35 inguruk»; Franco diktadorearen garaian euskaraz eta beste hizkuntza batzuetan hitz egitea debekatuta zegoela eta gaztelania inposatu zutela ere aipatzen du. 

Karmele Errekatxoren lekukotza ere badakar erreportajeak. Haurra zela, 1960 eta 1970 artean, Bilbon, eliza bateko sotoan, euskarazko eskolak jasotzen zituela kontatu dio egun irakasle den emakume honek.

Diktadura garaian ikastolak klandestinitatean nola sortu ziren eta 1970erako zortzi mila ikasle baino gehiago zituztela jasotzen du BBCk, baita izenak gaztelaniaz jartzera behartzen zutela.

Erreportajean kontatzen duenez, garai haietan euskara «Pirinioetako isolatutako herrietan eta baserrietan eta Bizkaiko Golkoko kostaldean familia askok zekiten hizkuntza bakarra» zen, baina «hirietan isilarazia zegoen eta salatariek Poliziari euskaraz hitz egiten zutenen berri ematen zioten».

«Euskara etxe barruko intimitatera zokoratua zegoen», dio Karmele Errekatxok.

Euskaraz hitz egiteagatik jasaten zen errepresioak –umiliatzeko ilea moztea, kasu– hainbat belaunalditan hizkuntza ez transmititzea izan zuen ondorio, baina hala ere «euskarak biziraun zuen diktaduran, hainbat milurtetan modu ulertezinean biziraun zuen bezala», nabarmendu du BBCk.

Euskarak ez duela jatorri indoeuroparra eta bere jatorria «erabat desberdina» dela aipatzen du kazetari britainiarrak, Salabururen hitzak jasota. «Europan bizirik dagoen eta beste hizkuntza guztiekin erlaziorik ez duen bakarra da».