Iurre BIDEGAIN

Hogeita bost iheslari aterpetu dituzte Baionako atseden zentroan

Sudan, Somalia eta Eritreatik datozen hogeita bost iheslariei ongi etorria egin diete irailaren 19an, Baionan. Horiek aterpetuak izanen dira AFPA formakuntza zentroan ideki duten atseden gunean. Abenduaren 31a arte idekirik egotea aurreikusi du egitasmoaz arduratzen den Atherbea elkarteak.

Baionara ailegatu diren iheslariak 19 eta 30 urte bitarteko gazteak dira. ©Isabelle Miquelestorena
Baionara ailegatu diren iheslariak 19 eta 30 urte bitarteko gazteak dira. ©Isabelle Miquelestorena

Parisetik bidaia egin zuten iheslarien ongietorria "beroa" izan zela azaldu du Pantxika Ibarboure Atherbea elkarteko kideak. Lehen hartu-emanarentzat arabiar itzultzaileak presente zeuden eta horrek asko lagundu zuela uste du Ibarbourrek. "Nekatuak ziren, baina irribarrea ahoan zuten", erran du.

Hain zuzen, hogeita bost errefuxiatu horiek Pariseko zentro batean zeuden. Bertara eraman zituzten poliziak atxilotu ondoren. Hiriburutik Baionara bidaiatu zuten gizonak Sudan, Somalia eta Eritreatik datoz. Hemeretzi eta hogeita hamar urte bitarteko gazteak direla aipatu du Atherbeako kideak.

Gazteen etorrera aitzinetik prestatu du elkarteak eta horretarako Estatuko finantziazioaz gain, Baionako Herriko Etxearen laguntza izan du. Ez da lehen aldia instituzioa horrelako egitasmoenaz arduratzen dela. Oroitarazi behar da 2015ko neguan 49 errefuxiatu aterpetu zituela Baigorriko atseden zentroak.

Helburua: asilo politikoa

Lehen hartu-emanak egin eta, bakoitzaren osasuna ikertuko dute. Baigorriko zentroarekin gertatu bezala, elkarte anitzek baita laguntzaileek ere beren ekarpena eginen dute.

Erakundearen lehentasuna iheslarien atsedena da eta ondotik prozedura administratiboak abiatuko ditu. "Baionako zentroaren helburua iheslariak karrikatik ateratzea da, segurtasun baldintzak eskaini eta lehen asilo politikoen eskaerak egin", nabarmendu du Ibarbourrek. Galdeak pausatu eta, Atherbea administrazio erakundeekin harremanetan egonen da.

Kideak azaldu duenez, asilo politikoaren eskaerak egin ondoren, CADA (Asilo eskaleen aterpe zentroa) zentro batean sartzen ahalko lirateke. "Desmartxa hori guztia egin eta, administrazioak finkatutako egutegia eta libre egonen diren tokien arabera, progresiboki CADA zentroetara sartzen ahalko lirateke", gehitu du. 

Prozedura osoak denbora hartuko duela azpimarratu du Ibarbourrek. Hain zuzen, Baionako zentroa abenduaren 31a arte idekita izatea aurreikusi dute. Bitartean, Atherbea elkartea proiektu berri honekin "oso pozik" dagoela aitortu du. "Errefuxiatuei laguntza eskaintzeko engaiamendua aitzina eramaten segituko dugu", dio.