Andoni Urbistondo

Tradizioa irentsi duten zenbakiak

Tradizio handiko kirol diziplina asko dugu Euskal Herrian. Arrauna gehien duenetakoa, ziurrenik. Urteen joan-etorrian, ordea, modernitatearen besoetan jausi da, zenbakien diktadura zorrotzean. Hamalau urte luze bete dira TKE Traineru Kluben Elkarteak GPSa, satelite bidezko neurketa abiatu zuela. Polemika eta iskanbila oro desagertu da, ia-ia, oharkabean, iskanbilarik inoiz egon izan ez balitz bezala. Zenbakiek ez baitute gezurrik esaten.

Arraunak eraldakuntza itzela ezagutu du XXI. mendean. Arraunlarien prestakuntzan, adibidez. Zeresanik ez ontzien materialaren hobekuntzan. Edota klub gehienek azpiegituren alorrean izan duten onerako bilakaera. Dena hobetu da, modernizatu egin da arrauna. Egun Eusko Label Liga delakoa kudeatzen duen elkartea ere XXI. mendean sartu eta gutxira sortu zen, 2003an: Traineru Kluben Elkartea. TKEk arraun klubek aginte-makila izango zuten elkartea sortu zuen, orduan erabat iraultzailea zen antolakuntza eredua. Liga berri bat sortu zuten, beste kirol diziplina ezagunetako ereduak baliatuz. 2003a arte bandera, estropada solteak jokatzen ziren. Ligak traineru erregularrena saritu zuen, eta lehiaketak distira irabazi zuen.

Distira, prestigioa lortze horretan funtsezkoa izan zen GPSaren erabilera onartu izana (ingelesez Global Positioning System). GPSari esker, edozein objektuk edozein lekutan daukan posizioa jasotzen da une oro. Alegia, ontziek itsatsita daramaten GPSak ontzi horren posizioa markatzen du, eta horri esker, ontzi batetik bestera dagoen distantzia markatzen da. Eta jakina, ontzi bakoitza bere kaletik norabide onean doan edo ez. Telebista emankizunetako ikuskizuna biderkatu egin zen.

Prestaketa lanak. Eusko Label Ligan Eibarko G93 enpresak hornitzen du GPS sistema. Grafismo enpresa bat da, errotuluak egiten dituena hainbat emankizun eta programatan. GPSa kirolean aplikatu zuen lehen euskal enpresa ere izan zen. Txirrindularitzarekin, hain zuzen ere: Euskal Bizikleta, Euskal Herriko Itzulia... «1994-1995 urteetan izango zen, ez nago ziur. Ondoren Frantziako Tourrean eta Espainiako Vueltan ere aritu izan gara». Kepa Saenz de la Cuesta G93 enpresako arduradun teknikoarenak dira hitzak. Txirrindularitzaren ondoren arraunera egin zuten jauzi, «2003ko Kontxako Banderan, oker ez banago. Eta orduz geroztik, hamalau urte daramatzagu, dagoeneko, etenik gabe».

Larunbatean jokatzen diren estropadak arratsaldeko seiak inguruan hasten dira. Igandekoak, eguerdian. Baina arraunlariak lanean hasi aurretik jende asko aritzen da prestaketa lanean. G93 enpresak zortzi edo bederatzi laguneko taldea erabiltzen du estropada bakoitzean. Ondarroakoan, goizeko bederatziak jotzerako talde osoa lanean hasita zegoen. «Muntaketa serioa da. Hiru bat ordu ematen ditugu dena prestatzen, eta garaiz ibiltzen gara», dio Saenz de la Cuestak. Egin beharreko etxeko lanak asko dira: «Aurren-aurrena estropada eremua neurtzen dugu, arauek diotena betetzen dela ziurtatzeko». Ondoren, antenak jartzen dituzte, eta haiek GPS seinalea arazorik gabe jasotzen dutela ziurtatu. «Ontzi guztietan jarritako GPSak ondo daudela ere konprobatzen dugu, une oro zein puntutan dauden jakin dezagun». Ontzietako telebista kamerak ere eurek jartzen dituzte.

G93ko kideak epaileen harmailan kokatzen dira, balizen parean dagoen tranpaldoan. Kable anabasa ikaragarria sortzen da bertan. Epaileak alboan dituztela, dozena erdi telebista pantaila erabiltzen dituzte. Euskal Telebistako lankideek ere beste bizpahiru pantaila, eta delegatuen eta kazetarien harmailan, beste hainbeste. Helburua, hauxe: «Estropadaren jarraipena ahalik eta zehatzena izatea, lanean dagoen jende guztiarentzat: epaile, kazetari eta arraun elkarteetako delegatuentzat».

Zenbakien diktadura. GPSari esker, epaileek badakite zer abiadura daramaten ontziek, euren arteko tarteen berri zehatz eta berehalakoa jaso dezakete, baita gerta litezkeen ontzi arteko kale inbasioak aurreikusi ere. Epaileek ontziak ziabogetatik pasatzen direnean denbora hartzen dute, «eta denbora hori berehala gure software-an agertzen da. Guk, aldi berean, denbora horiek telebistako kideei, beste kazetariei eta delegatuei helarazten dizkiegu, aurrean dituzten pantailen bidez. Pantailetan ziabogetako denborak eta txanda artekoak erakusten dira, informazio guztia izan dezaten».

Pentsa daitekeenaren kontra, Saenz de la Cuestak ez du uste GPSaren ekarpen garrantzitsuena denbora neurketa zorrotza denik, «kale inbasioak eta ontziek elkarren aurka talkarik ez egitea bermatzea baizik». Epaileek ikusi egiten dute zuzenean ontzi bakoitzaren bidea, eta «ontzi bat bere bidetik atera dela ikusten badute, itsasoko epaileari abisua eman, eta hark ontzia ohartarazten du, bidea zuzendu dezan. Egoera horretan abordatzeak gertatzea oso zaila da». Eta gertatzen bada, akatsa ze ontzik egin duen argi geratzen da, GPSa froga gisa erabiliz.

Goizeko 10.30 aldera hartzen dute lasaitua G93ko langileek. Ordu horretarako atariko guztiak bukatzen dituzte, eta estropada hasten denerako prestatzen dira. Lehen txandan abiatzen diren ontziak orduan hasten dira itsasoratzen, beroketa lanak ondo egiteko. Presiorik, urduritasunik sumatzen ote dute, euren jardunean? «Presioa gure lana ondo egiteko beharretik dator. Bestelakoan, inork ez digu ezer esaten. Batzuetan sistemak kale egiten du, ba gu ere kableen, konexioen, Internet sarearen baitan gaudelako, baina normalean ez da halakorik gertatzen, dena aurrez frogatzen dugulako. Urte asko dira eta urteen joan-etorrian lasaitasunez jokatzen ikasi dugu».

Pasadizoak eta maltzurkeriak. Hamabost urte azkar joaten dira jendearen oroimenean. G93ko kideek dioten moduan, egun GPSak dioenari kontra egiteko argudiorik ez dago, eta horrek polemika apaldu du asko. Baina tramankulu hori abian jarri zenean, egoera bestelakoa zen. «Hasieran bazegoen mesfidati begiratzen zigun jendea, GPSarekin-eta federik ez zeukana, kirol diziplina tradizionala delako. Gaur egun, ordea, lehiaketa hau ezingo litzateke ulertu GPS bidezko neurketarik gabe». Saenz de la Cuestaren esaldi honekin laburbiltzen du GPSak ekarri duena laburbiltzeko: «Makinak dioena ez da eztabaidatzen».

TKE elkarteak erakunde publikoen babes ekonomikoa izan zuen jaio zenean, baina GPSa tramankulu garestia zen, eta sistema hori jartzeak hainbat eztabaida eragin zituen. GPSa indarrean jarri, bai edo ez? Lehentasun kontua. Tradizioaren izenean, bat-bateko aldaketa handien aurka zeudenak ere bazeuden. Izan erosotasunagatik, arrauna oso kirol tradizionala delako, eta ordura arte indarrean zegoen kronometraje sistema arruntarekin jarraitu nahi zutelako. Liga hasiera hartako lekuko pribilegiatu izan zen Eugenio Fernandez Aurreko, TKE elkarteko batzorde teknikoko kidea. «Ez zen erraza izan. Guk ere zalantzak genituen. Epaileok denborak hartzeko botoi bat sakatzeko sistematik digital batera pasatu behar ginen egun batetik bestera». GPSa jarri edo ez jarri, hortik harago, eztabaida GPSak ematen zituen emaitzak mundu guztiak ikusi behar ote zituen edo ez omen zen. «Alegia, epaile eta batzorde teknikoko kideok bakarrik ikusi behar genituen, edo telebista aurrean zegoen jende guztiak». Ikuskizunaren mesedean, noski, emaitzak telebista aurrean jartzen zen orok ikusten zituen, eta horrek epaileen ardura handitu zuen, mundu guztia epaile bilakatzen zelako bat-batean. Epaileek akatsak egiteko oso tarte txikia dute, normalean, baina kronometraje digitalarekin marjina hori desagertu egin zen.

Entrenatzaile eta delegatu batzuek ere gogor egin zuten GPSaren aurka. Ezagunak dira Jose Luis Korta arraunlari eta entrenatzaile izandakoak bere garaian egindako adierazpen bitxiak. Bere ontzian GPSrik ez zuela nahi, eta tramankuluaren gainean txiza egingo zuela mehatxatu zuen, gailua bera izorra zedin. Adierazpen horiek hautsak harrotu zituzten, GPSa TKEko kide ziren klubek erabakita jarri zelako indarrean. Eugenio Fernandezek garaiko beste anekdota polit bat gogoratzen du: «Ontzietan GPSa jartzea adostu eta gero, izan ziren tramankulua bera itzali egiten zutenak, erdi ezkutuan, dagoeneko ontzia itsasoan zegoenean, ostera sateliteak euren posizioa jaso ez zezan. Kaira itzultzean berriro gailua pizten zuten, eurek ezer ez zutela egin esanez, gailua bakarrik matxuratu zela». Zer egin ote zen, halako maltzurkeriak saihesteko? «Ba gailuei sarraila jarri, itxi, eta giltza gorde, inork gailua ez manipulatzeko». Umoretsu gogoratzen ditu garai haiek Aurrekok, arraun munduko hainbat kidek zer-nolako imajinazioa zuten gogoratuz.

«Bideo finish»-a hizpide. Hamalau urte urte asko dira. GPSa eta bere softwarea garatzen, hobetzen joan da urteen poderioz. 2010eko uztailaz geroztik, bideo finisha erabili da TKE Ligan. Bideo finisha «helmugako balizen pare jartzen den kamera bat da, gaininpresionatua ikusten den lerro beltz batekin. Traineruak helmugara iristean, grabatu eta denbora ofizial bat ematen du. Horiek guztiak epaile, prentsa eta delegatuen esku uzten dira berehala, eta Eusko Label Ligak Interneten duen aplikazioan ere jartzen dira, estropada aplikazio horren bitartez ikusten ari den pertsonari informazio osoa eta osatua emateko». Saenz de la Cuestarenak dira azalpenak. Bideo finisha baino lehen, estropadako denbora gailu elektroniko batek neurtutako denbora eta epaileen kronometrajea sinkronizatuz lortzen zen. Bideo finisha askoz zehatzagoa da. Bi ehuneneko zorroztasunarekin egiten du bere neurketa.

Denboraldi honetan denen ahotan dago bideo finish sistema delakoa, sarri erabili behar izan baitute estropadako garailea erabakitzeko. Zergatik hainbeste bideo finish aurten? Saenz de la Cuestak azkar erantzuten du: «Berdintasuna. Ez dago besterik». Normalean, ontziak helmugara iristean garailea nor izan den jakiten da, edo susmatzen da, baina bideo finisharen emaitzari itxaron behar horrek urduritasun handia sortzen du. Estropada batzuk bi jardunaldietakoak izaten dira, Zarauzko edo Kontxako Banderak, adibidez, eta horietan bi jardunaldietako denborak batzen dira, garailea erabakitzeko. Kasu horietan, bideo finisha ere ezinbesteko bitartekoa da denbora batuketan, garailea erabakitzeko.

Igogailuetako eguraldi elkarrizketak bezala, GPSrik gabeko estropadak iraganaren zirimolak eraman ditu berarekin. Satelite gabeko emankizunak nolakoak ziren gogoratzea ariketa zaila da. Saenz de la Cuestak berak ehunka estropada jarraitu ditu zuzenean, eta telebista bitartez, eta ez da oso ondo oroitzen: «Irteera eman eta helikopteroak hartutako irudien bitartez kronometraje bat hartuko zutela esango nuke, baina egun daukagun zehaztasunik gabe». GPSrik ez zegoen garaietan, traineruen arteko distantziak neurtzea zaila zen, balizetako denboren erreferentziarik gabe. Helikopteroko irudiak ziren nagusi, edo olatuek ondo dantzatzen zuten katamaran bat, baina haien irudiekin ez zen erraza erreferentzia zuzenak izatea, traineruek ziabogak egin arte. Egun arraunketa, olatu, aldaketa oro neurtzen da. Azken denboraldietan mikrofonoak jarri dizkiete patroiei, haien aginduak denok etxetik gertu-gertutik entzun ditzagun. Kamerak ere bai, ontzi barruan. Ligako hamabi ontzietatik lauri, xehetasun guztiak jasotzeko. Laster traineru guztiek eramango dituzte kamerak ontzi barruan, eta bat ez, gehiago. GPSa jarri zutenean bezala ere, aldaketa hori oharkabean pasatuko da.