NAIZ
BILBO

LibreCon, software libre eta teknologia irekien inguruko topaketa egingo da Bilbon

Software libre eta teknologia irekien topaketa egingo dute azaroaren 11 eta 12an Bilboko Euskalduna Jauregian. LibreCon kongresuan nazioarteko adituek parte hartuko dute eta NAIZen esperientzia ere ezagutu ahal izango da.

David Olmos, Eunate Ramirez eta Unai Rementeriak aurkeztu dute LibreConen kongresua. (BIZKAIA.NET)
David Olmos, Eunate Ramirez eta Unai Rementeriak aurkeztu dute LibreConen kongresua. (BIZKAIA.NET)

LibreCon 2014 kongresuaren xehetasuna aurkeztu dituzte gaur goizean Bizkaiko Lehendakaritza diputatu Unai Rementeriak; ASOLIF Software Libreko Estatuko Federazioko presidente David Olmosek eta ESLE Euskadiko Software Libreko Enpresen Elkarteko gerente Eunate Ramirezek.

Azaroaren 11 eta 12an Euskalduna Jauregian egingo diren topaketa hauen helburu nagusiak enplegua sortzea, lehiakortasuna bultzatzea eta negozio berriak dinamizatzea dira eta horretarako teknologia irekien erabileraren, berrikuntzaren eta ekintzaletasunaren inguruko hitzaldiak eta esperientziak aurkeztuko dituzte. Horien artean, azaroaren 12an, NAIZen esperientzia komunikatiboaren eta software librearen inguruan jardungo da Iñigo Olasolo GARAko zuzendari teknikoa, 17.00etatik aurrera.

Antolatzaileen asmoa da gizarteari software librearen eta teknologia irekien onuren berri ematea da, Administrazio publikoei nahiz enpresei lehiakortasun handiagoa, aurrezpen handia eta tokiko ekonomien garapena ahalbidetzen baitiete.

Adibide gisa, ESLEko gerenteak azaldu du EAEN sektore horretan duela zortzi urte zegoen enplegu kopurua hamaika aldiz biderkatu dela, 620 profesionalera iritsita.

LibreCon-en aurtengo edizioaren tematika lau ardatzen inguruan antolatu dute: industria, merkataritza, finantzak eta hezkuntza. Lau arlo horien inguruko 60 hitzaldi eta tailer izango dira eta hainbat kasu arrakastatsu aurkeztuko dira. Hala, GNU/Linux sitema eragilearen sorkuntzaren eta banaketaren ardura duen Red Hat konpianiaren lehendakari eta CEO Jim Whitehurst Euskaldunan izango da.

Municheko Udaleko ordezkari Peter Hoffman-ek ere parte hartuko du eta erakunde horretan burututako software libreko proiektuaren nondik norakoak azalduko ditu; Europan Administrazio publiko batean arrakastarik handiena izan duenetako bat da eta hamar milioi eurotik gorako aurrezkia ahalbidetu du.

Jendarmeria frantsesak bere eguneroko lanean software librea eta teknologia irekiak nola erabiltzen dituen ere entzun ahalko da, Stephan Dumond-en eskutik.

Arlo profesionalean ere baieztatuta dago IE Business School-eko Enrique Danas Bilbon izango dela, IKTen eta enpresaren alorrean eragin handienetakoa duen pertsona.

NAIZen kasuarekin batera, adibidetzat jarriko direnen artean BBVA, Telefonica, Ford, Eroski, Euskaltel, Ticketbits eta Clínica Navarrarenak daude, besteak beste.

LibreConen babesleen artean daude Lakuako Gobernua, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako Foru Aldundiak, Bilboko Udala, Cenatic, Euskaltel, Irontec, Lanbide eta NAIZ, beste erakunde eta enpresa batzuen artean.