Manifestazio jendetsua izan da arratsaldean Bernan (Suiza) Nekane Txapartegi asteasuarraren askatasuna eskatzeko. Joaldunak, ikurrinak eta presoen herriratzearen aldeko oihalak izan dira mobilizazioan eta buruan ‘free Nekane’ leloarekin batera Espainiako tortura kasuak salatzen zituen alemanieraz idatzitako pankarta.
Euskal Herritik gerturatu da jendea bertako elkartasun batzordeekin batera antolatu den mobilizaziora, ‘Eusko Gudariak’ abestuz eta Txapartegiren gurasoei egindako aurresku batekin amaitu da manifestazioa.
Elkartasun erakustaldi bikaina gaur Bernan, Nekaneren estradizioaren aurka, asilo politikoaren defentsan #freenekane pic.twitter.com/T739lHplG9
— askatasun taupadak (@aurrerabolie) September 24, 2016
Txapartegi apirilean atxilotu zuten eta harrezkero Zurichen dute preso baldintza gogorretan. 18/98 auziagatik 9 urteko espetxe zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazioalak, epaiketan zehar jasandako torturak salatu zituen. Aste honetan, nazioarteko bi adituk tortura salaketaren egiazkotasuna baieztatu dute. Espainiaren estradizio eskaerari Suizak emango dion erantzunaren zain jarraitzen du Txapartegik.
Bestalde, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak (ATA) deituta Valenceko espetxera autobus bete euskal herritar joan da Ibon Goieaskoetxea eta Aletxu Zobaran presoek daramaten borrokan elkartasuna adierazteko. Espetxearen atarian kontzentrazioa egin dute dispertsioaren eta urruntzearen aurka.
Ostegunean Urduña eta Plentziako alkateek Frantziak Bilbon duen kontsulari gutuna helarazi zioten bi presoen egoera salatzeko. Gutunean Zobaran eta Goieaskoetxearen Euskal Herriratzea eskatu zieten bi alkateek frantziar agintariei.