NAIZ

Hasier Etxeberria idazle eta kazetaria hil da

Hasier Etxeberria idazle eta kazetaria (Elgoibar, 1957) hil da, minbiziak jota. Telebistan ‘Sautrela’ eta beste saio batzuk gidatzeaz gain, hainbat generotan idatzi zituen literatur lanak eta, interneten, Zu Zeu plataforma digitalaren sortzaileetako bat ere izan zen.

Hasier Etxeberria idazle eta kazetaria. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Hasier Etxeberria idazle eta kazetaria. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

60 urte zituela, minbiziak jota hil egin da Hasier Etxeberria.

ETBn kazetaritza, euskara, gastronomia, artea eta komunikazio uztartu zituen, besteak beste, eta 1999an ‘Sautrela’ literaturari buruzko dibulgazio saioa gidatzen hasi zen, iaz gaixotasunak pantailatik aldendu zuen arte.

Irailaren hasieran Zu Zeun argitaratutako post baten bitartez eman zuen Etxeberriak berak gaixotasunaren berri, «Minbizia dut» izenburupeko idatziarekin. 

Idazle gisa genero desberdinetan aritu zen. Narrazioak (‘Ipuin ezberdinak eta erregalokoak’, ‘Karramarroaren aztarnak’eta abar), eleberriak (‘Arrainak ura baino’, ‘Eulien bazka’ eta abar) eta antzerkia (‘Antso erregea’) idatzi zituen.

Horiez gain, ‘Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan’ liburua ere idatzi zuen, Bernardo Atxaga, Koldo Izagirre, Anjel Lertxundi, Ramon Saizarbitoria eta Joseba Sarrionandiari eginiko elkarrizketekin.

Azken urteotan, sare sozialetan ere presentzia nabarmena izan zuen. ‘Alua mundua’ izeneko bloga sortu eta elikatu zuen, eta Zu Zeu plataforma digitalaren sortzaileetako bat izan zen.