NAIZ
DONOSTIA

Azkoitiko Aizpurutxon hondakin guztiak kamioi berean nahastu dituztela salatu dute

Aizpurutxoko (Azkoitia) herritar batek grabatutako bideoak erakusten du gaika banatutako hondakinak kamioi berean nahasten dituztela. Gertatutakoa gogor salatu du Azkoitia Zero Zaborrek eta Mankomunitateak, bere aldetik, 2015etik hondakin bilketan «arazo larriak» daudela azaldu du.

Sarean zein herritarren artean zalaparta eragin du Aizpurutxoko (Azkoitia) herritar batek grabatutako bideoa. Bertan, edukiontzi desberdinetan gaika banatutako hondakinak kamio berean nahasten dituztela ikusten da.

Urola Erdiko Mankomunitateak, ohar batean, azaldu du Aizpurutxoko «puntu batean» hondakin mota guztiak batera biltzen dituztela 2015etik «arazo larriak» egon direlako. Ontzi arinetan eta organikoan behar ez ziren edukiak botatzen zirela argudiatuta, erabaki dute «landa eremuko ekarpen guneetako (Aizpurutxokoa adibidez) hondakin mota guztiak errefusarekin biltzea».

Egoera «hemendik gutxira» aldatzea eta berriz gaika biltzea lortuko dutela azpimarratu dute.

Azkoitiko ‘Maxixatzen’ aldizkariak Serbitzuko buruari, Manu Arellanori, gertatutakoari buruz galdetu dio eta, esan duenez, «urtebetean ez digute utzi zaborrak Lapatxeko organikoaren plantan deskargatzen, ezta Legazpiko edukiontzienean ere (...) Horregatik erabaki zen toki horietan dena zaborrean jasotzea. Organikoa eta edukiontziak plantetara eramaten baditugu, ordaindu egiten digute; zabortegira eramanez gero, geuk ordaintzen dugu.

‘Maxixatzen’-ek herriko Zero Zabor plataformaren salaketaren berri ere eman du: «Birziklapena axola zaion itxura eman nahian ari da Azkoitiko Udala (kanpaina berria ere jarri du martxan). Bitartean, azkoitiarrok edukiontzi desberdinetan botatzen ditugun hondakin denak kamioi berean nahasten dituela ikusi dugu. Lotsagabe hauek edozertarako prest daude errauskailuari jaten ematearren!».

EH Bilduren udal taldeak, aldiz, Udalaren «arduragabekeria» salatu du eta azken egunotan arazoa konponduta zegoela esan duenean «gezurretan» aritzea egotzi dio, iturri beraren arabera.

Aizpurutxoko herritarrak grabatutako bideoa ere zabaldu du aipatu aldizkariak: