NAIZ
BAIGORRI

Alaia Martin zuzenean sailkatu da Irungo finalaurrekora Txapelketa Nagusiaren lehen saioan

2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren lehen saioa jokatu da gaur arratsaldean Baigorrin. Sei bertsolari ziren oholtzan eta Alaia Martinek lortu du puntuazio altuena; zuzenean sailkatu da azaroaren 1ean Irunen jokatuko den finalaurrekora.

Alaia Martinek eskuratu du puntu gehien Txapelketa Nagusiaren lehen saioan. (Bob EDME)
Alaia Martinek eskuratu du puntu gehien Txapelketa Nagusiaren lehen saioan. (Bob EDME)

Aimar Karrika, Alaia Martin, Ander Lizarralde, Beñat Ugartetxea, Mikel Artola eta Xabi Maia izan dira Bertsolari Txapelketa Nagusiari lehen errimak jartzearen arduradunak, Baigorrin gaur arratsaldean jokatu den lehen saioan.

Alaia Martinek lortu du puntuaziorik altuena (712) eta zuzenean sailkatu da azaroaren 1ean Irunen jokatuko den finalaurrekora. Maialen Lujanbio eta Aitor Sarriegirekin lehiatuko da saio horretan, eta puntuazioaren arabera sailkatzen diren beste bertsolariekin.

Oiartzuarraren atzetik, bigarren tokian sailkatu da Aimar Karrika, 651,5 punturekin; ondoren Beñat Ugartetxea, 631,5 punturekin; Ander Lizarralde, 627rekin; Mikel Artola, 620 punturekin; eta Xabi Maia, 598,5ekin.

Hurrengo astean, Seguran eta Leitzan

Txapelketa Nagusiaren bigarren saioa heldu den larunbatean jokatuko da Seguran. Ander Fuentes, Beñat Iguaran, Felix Zubia, Jon Martin, Nerea Elustondo eta Unai Gaztelumendi izango dira oholtzan.

Urriaren 1ean, berriz, Leitzan izango da hitzordua. Agin Laburu, Iñaki Apalategi, Julio Soto, Oihana Bartra, Oihana Iguaran eta Unai Agirrek kantatuko dute egun horretan.

Guztira 43 bertsolarik hartuko dute parte txapelketan, horietatik 30 gizonezkoak eta 13 emakumezkoak.