Jon Ormazabal
BILBO

Victor, Ladis Galarza, Imaz eta Martija dira txapelketa oso orekatu baten aurpegi berriak

Olaizola II-Imaz, Urrutikoetxea-L. Galarza, Bengoetxea VI-Larunbe eta Victor-Albisu dira Asegarceren bikoteak ostiralean hasiko den Binakako Txapelketarako eta Altuna III.a-Martija, Elezkano II-Rezusta, Ezkurdia-Zabaleta eta Irribarria-Merino II.a Aspekoak.

Binakako Txapelketa jokatuko duten pilotariak, gaur Bilbon. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)
Binakako Txapelketa jokatuko duten pilotariak, gaur Bilbon. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)

Orekaren alde egin dute enpresek ostiralean Beran hasiko den Binakako Txapelketarako. Zituzten aukera ugarien artean, indarrak parekatu nahi izan dituzte eta, hasiera batean behintzat, ez da faborito argirik ikusten.

Azkenaldian ematen ari den belaunaldi aldaketaren barruan, lau dira txapelketaren berrikuntza nagusiak. Asegarce izan da bere ordezkariak gehien aldatu dituena eta Victor, Ladis Galarza eta Imaz dira iaz hasieratik jokatu ez zutenak. Bengoetxea VI-Larunbe, iazko txapeldunordeak dira errepikatzen den bikote bakarra.

Asperen aldetik, iaztik bikote guztiak aldatu dituzte eta Irribarriak eta Rezustak, iazko txapeldunek, bananduta defendatu beharko dute iazko garaipena. Espero zen baina Eibarko enpresak Martijaren aldeko apustua egin du Barriolaren lekua osatzeko eta lehen mailako aurrelaria izango du lagun bere estreinaldian, Jokin Altuna Lau eta Erdiko txapelduna.

Finala apirilaren 8rako iragarrita

Txapelketa ostiralean hasiko da Beran, Olaizola II-Imaz eta Ezkurdia-Zabaletak jokatuko duten partidarekin eta joko sisteman ez da inolako aldaketarik izango. Gauza bakarra, ligaxkaren ondoren, astebeteko atsedenadia izango dela finalerdiak jokatu aurretik.

Finala apirilaren 8rako, Aberri Egunez, dago iragarrita, oraindik zehazteke dagoen pilotaleku batean.