NAIZ
BAIONA

Parisek ez du ETAren disolbatzea presoen egoera aldatzeko aurretiazko baldintzatzat jartzen

1.000 hautetsi baino gehiagok sinatu dute euskal presoen egoeran aldaketak ematearen aldeko eskaria, Baionan egin agerraldian Lucien Betbeder Auzapezen Biltzarreko lehendakariak azaldu duenez. Aldaketa hauek emateko, gainera, Gobernu frantsesak ez du ETAren disoluzioa aurretiazko baldintzatzat jartzen, Emmanuel Macronen La République En Marche!-ko diputatu den Vincent Bruk adierazi duenez. Guztiek egin dute hilaren 9an Parisera gerturatzeko deia.

Baionan egin agerraldiaren argazkia. (@Maite_Ubiria)
Baionan egin agerraldiaren argazkia. (@Maite_Ubiria)

Agerraldi jendetsua egin dute larunbat honetan Baionan. Bake Bidea, Auzapezen Biltzarra eta erakunde ezberdinetako ordezkariak elkarrekin agertu dira abenduaren 9an Parisen burutuko den mobilizazioan parte hartzera dei egiteko.

Euskal Elkargoaren lehendakari lanetan diharduen Jean-Rene Etchegarayk adierazi du ETAren armagabetze zibil eta egiaztatua ez zela ahanzturarako keinu bat izan, «adiskidetzearen aldekoa baizik». Gaineratu du orain presoen egoeran egin behar direla aurrera urratsak: «Ez dago ezer irabazita. Izan gaitezen jendetza Parisen, bake garaiak ezin baitu gehiago itxaron».

Zentzu horretan, euskal preso guztiei zuzenbide komuna aplikatzea eskatu du. Bide horretan kokatu du zazpi presoren estatusean eman diren aldaketak, baina hauek «gutxi» direla azpimarratu du: «Gehiago behar dira».

Lekorneko auzapeza eta Auzapezen Biltzarreko lehendakaria da Lucien Betbeder. Aditzera eman duenez, 1.007 dira irailaren 23an aho batez Euskal Elkargoak presoen auzia konpontzearen alde bozkatu mozioa sinatu dutenak. Sinadura hauek guztiak Suprefeturara bideratu dituzte.

Emmanuel Macron Estatu frantziarreko presidentearen alderdikidea –La République En Marche!– eta diputatua da Vincent Bru. Honek adierazi du Euskal Herriak denbora gehiegi daramala esperoan eta urratsak eskatu dizkio bere gobernuari. Espetxeen biraren baitan hiru kartzela zapaldu dituela azaldu du eta hilaren 6an Asanblea Nazional frantsesean agerraldia egingo dutela iragarri du.

Bruren usteekin bat egin du Max Brisson senatari kontserbadoreak, eta salatu du espetxeetako egoerak ez duela zerikusirik zuzenbide estatu batekin. Onartu du ETAren desarmeak prozesua bizkortzea ekarri zuela, eta uste du hilaren 9an Parisen egingo den mobilizazioak beste bultzada bat emango diola presoen egoerak hobetzearen aldeko dinamikari.

Agerraldia amaitzear zela, eta kazetarien galderei erantzunez, Bruk adierazi du bere gobernuarentzat ez dela ETAren disoluzioa presoen egoeran eman beharreko aldaketak eztabaidatzeko aurretiazko baldintza. Zentzu berean, Etchegarayk gaineratu du hori dela Iparraldean erabiltzen duten «lan-moldea», nahiz eta gaineratu ETAren disolbatzea «desiragarria litzatekeela».