Amaia Ereñaga
memorandum natura

Zientzialari esploratzaile erromantikoen erara

Zuri-beltzean irudikatzen du Maria Antonia Garcia de la Vegak natura. Gris tonalitateen ñabardurekin papereratzen ditu begien aurrean hedatzen zaizkion berde, urdin edo gorri kolore biziak. Argazkigintzaren lehen garaien kutsu nabaria duten irudiak «ehizatzen» ditu argazkilari madrildarrak, XVII. eta XVIII. mendeetako zientzialari esploratzaileek egiten zuten antzera, paisaia basatien edertasunaren bila ari baita etengabe. Hona hemen bere «Memorandum natura».

Aipatu duzun arte jabetu gabe nintzen: egia da, Estatuan dagoen mendiko argazkilari emakume bakarrenetarikoa izango naiz seguruenik». Maria Antonia Garcia de la Vega (Madril, 1956) rara avis horietako bat da, argazkigintzan ibilbide luzea duen arren ez baitu inoiz lanbide izan –egun Madrilgo Argazkigintzako Errege Elkarteko idazkaria da– . Amateurra izan da beti... erretiroa hartu zuen arte, ordutik bere bi pasioak asetzen ari baita: mendia eta argazkigintza. «Bizitzak erabateko aldaketak izan ditzake eta nik bizitza ugari bizi izan ditudala esan dezaket. Argazkigintzarekin goiz hasi nintzen, Antropologia ikasketak egin nituenean. Baina gorabehera batzuk zirela medio, baztertu egin behar izan nuen oposizioak egiteko. Zuzenbidea ikasi eta justizia arloan lan egin dut duela gutxira arte, aldez aurretik erretiroa hartu nuen arte. Orduan zera esan nion nire buruari: ‘Egin beharra daukat, behin bakarrik bizi gara-eta!’». Eta kamerak, tripodea eta beharrezko tresneria hartuta, naturan murgildu zen, paisaien edertasun eta handitasunaz gozatzeko prest. Horixe baita emakume honek behin eta berriz erabiltzen duen hitza: «gozatu». Bizitzaz gozatu, argazkigintzari probetxua atera, naturaz disfrutatu...

«‘Memorandum natura’ izena gustuko nuenez, proiektu berri honetarako erabiltzea bururatu zitzaidan. Hauxe ez da egitasmo itxi bat, denboran jarraipena izango duen zerbait baizik». Basoa, mendia eta ura dira “Memorandum natura” ekimenaren hiru adarrak. Landu zuen lehen atala basoei zegokiena izan zen. «Estatu osoko basoak erretratatu nituen, Nafarroako Urbasa eta Irati edota Kanarietako Gomera uharteko basoak kasu. Ez daude guztiak, nik gustukoak ditudanak baizik. Liburu bat kaleratzea otu zitzaidan, eta, horrez gain, iaz Zarauzko Photomuseumean ere erakutsi ahal izan nituen nire argazkiak». “Memorandum natura” liburua autoedizio txukun bat da eta 2016ko argazki liburu onena izendatu zuen Estatu espainiarreko Argazkigintza Konfederazioak.

Egitasmoaren bigarren erronkari heldu zion orduan Garcia de la Vegak. «Sei urtez, gutxienez urtean behin, astebete eman dut Europako mendietan. Egun solteak ere erabili ditut ihesalditxo batzuk egiteko. Gasteizen egun ikusgai dagoen erakusketa irudiokin osatu dudan arren, lan hau ez dut bukatutzat ematen, itzultzeko asmoa dudalako». Eta hurrengo adarra, ura al da? «Bai, baina oraindik ez diot heldu uraren gaiari».

Galdera ugari sorrarazten dituzte argazkiok. Esaterako, zergatik zuri-beltzean? «Esan nahi dudana hobeto adierazten dudalako, adierazkortasun gehiago eskaintzen dit». Eta egia al da irudiak zuk zeuk errebelatzen dituzula? «Argazki digitalak dira, baina bai, nik egiten dut prozesu osoa». Nolabait iraganeko esploratzaileen antza hartzen dio Virginia de la Cruzek Garcia de la Vegari Gasteizko erakusketaren katalogoaren hitzaurrean, leku exotiko eta urrunetara bidaiatzen zuten zientzialariena. Hauxe idatzi du horren inguruan Garcia de la Vega berak: «Espezialista gehienak bat datoz esatean, XVIII. mendera arte, mendi garaiak lurralde beldurgarri eta bortitza zirela, eta Ilustrazioak egindako lanari esker bihurtu zirela ‘paisaia’, sineskeriaren ilunpetatik aterata. Ni neu aurrez aurre jarri naiz jatorria, arbasoak, betiko misterioak eta mendiak gordetzen duen edertasunen aurrean. Mendiok begiratu eta erakutsi ditut».

«Memorandum natura» erakusketa maiatzaren 14ra arte dago ikusgai Gasteizko Amarica aretoan