Biba!, Bilbon kultura hauspotu nahi duen deiadar alai eta askea
Bilboko kultur eremuan eragiteko jaio den espazio berria da Biba!, euskal kulturaren eta sortzaile hasiberrien aldeko ekarpena egin nahi duena. Denbora luzez mamitutako herri ekimen honek espazio kulturalak zabaldu, sustatu eta herritarron eskura jartzeko asmoa du, azterketa eta diagnostiko errealen lanketatik abiatuta.
Hainbaten buruan jirabiraka zebilen ideia aspalditik, eta atzo gauzatu zen hori lokalaren ate irekierarekin. Ideia zena errealitate bilakatu da dagoeneko. Eta gogobetez azaldu ziren Biba!-ren sustatzaileak. Alaitsu. Lan isilak azkenik fruitua eman duelako.
Sortzaile ugari bertaratu zen atzoko ekitaldira. Hainbat herri mugimendu eta eragileren ordezkaritza zabala izan zen ere komunikabideen aurrean egindako agerraldian. Arratsaldez, Biba! estreinatzeko propio prestaturiko ikuskizun arrakastatsuak lokala betetzea lortu zuen, proiektuak bilbotarren arreta piztu duen seinale.
Goizean, Oihana Bartrak eta Lutxo Egiak hedabideen aurreko agerraldia egin zuten, eta egitasmoaren nondik norakoak aurkeztu zituzten.
Azaldu zutenez, atzokoan argia ikusi zuen kultur proposamen berriak aspaldi hasi zuen bere bidea. Kulturaren inguruko ekarpen iraunkorra eta berezkoa plazaratu nahian, hainbat lagunek inguruko sortzaileekin, eragileekin eta norbanakoekin gogoeta eta kontraste prozesu zabal eta parte hartzaileari ekin zioten.
«Ibilbide horretan solaskide asko izan ditugu. Aurrez aurre bildu gara kulturgintzako norbanako ugarirekin, horien ikuspegia jaso eta gure proposamena euren esperientziarekin josteko helburuarekin», adierazi zuen.
Horrela, diziplina ezberdinetatik jaso zituzten ekarpenak, eta solasaldietan ateratako ondorioei esker, proiektuaren oinarriak ezarri zituzten, proposamen itxirik gabe. Hura izan zen abiapuntua.
Hiru lan ildo nagusi izango ditu proiektuak. Batetik, Kultur Laborategiak sortzaileen arteko harremanak eta elkarlana sustatzea izango du helburu, sortzaileei sortzeko gune bat eskainiz eta horien beharrei erantzuteko tresnak eta bideak eraikitzeko betekizuna izanik.
Bigarren zeregin nagusiari dagokionez, Gite-Ipesekin elkarlanean kultur ikerketen eremuan urratsak egingo dituzte. Hasteko, Bilboko kultur erradiografia orokor eta sakona egin nahi dute, auzorik auzo, kultur eragileak eta eremuak identifikatuz, aukerak eta mugak adieraziz. Araudien garapena ere aztergai izango dute. Eta azkenik, Kultur Agenda osatuko dute, kultur eskaintza zabala eta anitza antolatuz. Horretarako, kultur adierazpen ezberdinei lekua eman nahi diete, kultur sortzaile hasiberrien gainean arreta jarriz, eta euskal kulturaren aldeko zeregin iraunkor batetik, aniztasuna aintzat hartuz.
Erronda kaleko bigarren zenbakian kokatuta dagoen kultur guneak, askotariko ekintzak garatzeko baldintza egokiak betetzen ditu. Egitasmoaren hastapenetik, espazio fisiko propio baten garrantzia mahaigaineratu da, eta aipatu espazioak, ideiarekin bat egiten duten sortzaile eta hartzaile guztientzako bilgune eta erreferente izan nahi du. Atzo iluntzean egin zuten aurkezpenarekin, ostegun arratsaldero egingo diren kultur ekimenen egitarauari hasiera eman zitzaion.
Herritarrek sortutako tresna eta eragilea
Oihana Bartrak hitzokin azaldu zuen: «Euskal kulturaren alde eragin nahi duen herri ekimena gara. Jendarteari ekarpen propioa eskaini nahi diona. Horregatik, tresna bat izateaz gain, eragile izan nahi dugu, kulturari espazioa eskaini eta espazioa bera kulturaz betez».
Adierazpide kultural ezberdinen arteko gogoetarako guneak sortu eta artisten beharren araberako tresnak eskaintzeko ahaleginak egingo dituztela ere azpimarratu zuen. «Euskal Herrian sortzen den kultura lehenetsiko dugu, baina baliabide urriagoak dituzten sortzaile eta artistei ikusgarritasuna eman eta euren lanean aurrera egiten laguntzea ere bilatzen dugu, espektro kulturala zabalduz eta aniztasunaren aldeko apustua eginez».GARA