Jon LEUNDA

Biarritzen futbola ere ari da bere lekua aurkitzen

Urtarrilaren 8a gorriz margotuta dago Biarritzen, egun horretan bertako futbol taldeak errugbikoari aurre hartuko baitio. Frantziako Kopan Lehen Mailako Rennesen aurka jokatuko du. Ordua ez dago jarrita; Agilera estadioan izango da, 14.00etan edo 17.00etan, telebista kateek erabakiko dute hori.

Baina berdin da, denek Agilerara joan nahi dute, eta 14.000 lagun bertan izango dira, ez baitago gehiagorentzako lekurik. Behin gutxienez, Ipar Euskal Herriko bi futbol talde nagusiei, Baionako Avironi eta Angeluko Genetsi, aurre hartuko die.

Zozketan Rennes tokatu zaie, ordea. Euren multzoan zeuden Bordeleko Girondins edo Marseilla, haiek ziren denek amesten zituzten aurkariak. «Garbi dago Girondins edo Marseilla askoz ere erakargarriagoak direla zaleentzako, baina Lehen Mailako sailkapenari begiratuta, Rennes horiek baino aurrerago dago. Beraz, tokatzerik zegoen Lehen Mailako talderik onena egokitu zaigula esan genezake», dio Xabier Legazek, Biarritz taldeko entrenatzaileak.

Berak garbi dauka, ordea, hortik aurrera egitea oso zaila izango dela. «Amestea polita izaten da, baina badakigu hau gainditzea oso zaila izango dela. Aurrena gozatu eta gero daukagun onena eman behar dugu. Hori dena egin, eta irabazten badugu, handia izango da, baina gure Kopako helburua Lehen Mailako talderen baten aurka jokatzea zen, eta hori lortu dugu», dio lapurtarren entrenatzaileak.

Kanporaketa partida bakarrera jokatzen da, eta horrek aukera gehiago emango dizkio Biarritzi, nahiz eta horrekin ez dagoen Legaz oso ados. «Gure zelaian, Saint Martinen jokatuko bagenu, agian bai, baina Agilerara goaz, askoz zelai hobea da, eta askoz ere jende gehiago sartzen da. Zelaia ere handiagoa da, leku gehiago topatuko ditugu», gaineratu du.

Ikusmina eta zaleen erantzuna handia izango da errugbiak agintzen duen hiri honetan. «Hori horrela da. Hemen errugbia jaun eta jabe da, dena eramaten du, eta egun batez, edo aste batzuetan behintzat, aurre hartuko diogu. Niri gustatuko litzaidake Biarritzen futbola gorago egotea, honek guztiak zerbaitetarako balio izatea espero dut, baina ez dakit horrela izango den», dio Legazek.

«Partida honetarako sarrera guztiak salduko dira. Jendea goi mailako futbola ikusteko amorruz dago, eta Lehen Mailako talde bat etortzea guretzat ikaragarria da. Garbi dago hemen futbolak sekulako indarra daukala, baina batzuei ez zaie buruan sartzen, errugbia bakarrik ikusten dute, eta guk askoz gehiago ezin dugu egin», gaineratu du.

Hala ere, lapurtarren entrenatzaileak garbi dauka Liga eta Akitaniako Kopa ere buruan izan behar dutela. «Aurreko kanporaketaren aurretik uste dut buruan Kopa bakarrik izan genuela, eta ligako partida batzuk galdu genituela. Oraingoan ez da hori gertatu. Garbi dago Kopa amaituko zaigula, guk ez dugu irabaziko, baina Ligan gauza politak egin ditzakegu. Akitaniako Kopa da gure beste lehiaketa bat, Maule bezalako talde gogor bat utzi genuen kanpoan pasa den astean. Hor ere gogor jarraitu behar dugu», dio Xabierrek.

 

Handien itzalpean

Aviron eta Genets dira Ipar Euskal Herriko talde nagusiak, eta oraingoz haien parean aritzea ezinezkotzat ikusten du biarriztarren entrenatzaileak. «Azkenean hemen mailaz igotzeko dirua beharrezkoa izaten da, eta guk ezin dugu haiekin lehiatu. Bi klub handi dira, dirua badute, eta jokalari oso onak ekar ditzakete. Pentsa, aurten guregana Avirondik bi jokalari etorri dira, biak oso onak, gure taldeari ikaragarrizko indarra eman diote, kalitate handikoak dira biak, baina Avironen ez zuten batere jokatzen. Badakigu Kopa pasatu arte gutaz haietaz baino gehiago hitz egingo dela, baina hori pasatutakoan, berriro ere haiek izango dira hizpide, eta normala da, beste maila batean baitaude», dio Legazek. «Gure taldean inork ez du kobratzen, baina denak daude sekulako gogoarekin. Saiatzen gara denak gustura edukitzen, eta uste dut jendea guregana oso gustura datorrela. Kopako partida honek ere bultzada handia emango digu», erantsi du entrenatzaileak.

Horrek harrobiarekin lan egitera bultzatzen dituela onartzen du Xabierrek: «Esan bezala dirurik ez daukagu, hemen errugbiak eramaten du ia dena, eta besteok nola hala moldatu behar dugu. Beraz, harrobiarekin lan asko egitea tokatzen zaigu, eta ume eta gaztetxo asko dauzkagu». Hala ere, badaki onenek Baionako bidea hartuko dutela, gazte mailakoan Avironek Frantziako Maila nagusian jokatzen baitu, baina gero itzuli egiten direla dio. «Badakigu onak badatoz, gehienak Baionara joango direla, hori normala da, baina ia denak atzera itzultzen dira. Avironek kanpoko jokalari asko ekartzen ditu, bertakoei aukera gutxi ematen die, eta azken batean, horrek guri ez digu kalterik egiten», azaldu du.

Biarritzek Akitaniako Lehen Mailan jokatzen du, Estatu espainoleko Ligarekin alderatuta, Hirugarren Maila izan daiteke pareko maila. Kopako partida honekin, ezagutzera emateaz gain, hirian errugbiaren gainetik gutxienez aste batzuetan ibiltzeaz gain, eta Ipar Euskal Herrian, egun batzuetan bi handiek baino garrantzi handiagoa hartzeaz gain, ekonomikoki ere sari potoloa jasoko du taldeak. «Azken batean denok behar dugu dirua, eta gu bezalako talde batek gehiago. Kopako partida honek diru asko utziko digu, eta hori ere garrantzitsua izango da; pentsa kanporaketa hau gaindituko bagenu. Baina lehen esan bezala, partida honetan pentsatu behar dugu», ziurtatu du. Oraingoz, abenduaren 19an jarriko dira partida hau ikusteko sarrerak salgai, eta denak zain daude. 14.000 eserlekuak bete egingo dira.