Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Lauaxeta eta Lorcaren lorratzetik geure buruari begiratzeko ispilua

Fusil berek erail zituzten Lorca eta Lauaxeta, 1936ko gerran. Heriotzan bezala, bizitzan ere hainbatetan gurutzatu ziren bien bideak eta, galera haietatik 80 urte betetzen diren honetan, «Ele!» obra estreinatuko dute gaur Barakaldo Antzokian. Bi poeten arrastoari segika, orainaldian jarri nahi dute begia, Jon Maia gidoilariak adierazi duenez: «Identitate, jatorri edo kultura ezberdinekoak izanda ere, balio unibertsal batzuetan bat egin dezakegu».

Carabansarai ekoiztetxeak bota zuen amua: Lorca eta Lauxetaren erailketaren 80. urteurrenari begira, bi figuren gaineko ikuskizuna izango zenaren gidoia osatzea proposatu zioten Jon Maiari. Bi pertsonaien arteko harremanaz gainera, bi unibertso kulturalen arteko talkak eta lotuneak islatzea eta kulturaniztasunaren balioa nabarmentzea izango zituen helburu obrak. Eta hala osatu da “Ele!”, gaur Barakaldo Antzokian estreinatuko den antzezlana.

«Lauaxetak Lorcaren eragin zuzena izan zuen, bai bere obra literarioan bai konpromisoaren ikuspuntutik ere», azaldu du Maiak. Bizirik zeudela, zeharka zein zuzenean elkartzera iritsi ziren gerora figura ikonikotzat hartuak izan diren bi pertsona hauek: bata andaluziarra eta errepublikazalea, eta bestea euskalduna eta abertzalea. «Bi jatorri oso desberdin, bi kultura oso desberdin, bi identitate oso desberdin, baina balore batzuetan eta borroka batean bat egiten dutenak: biek bizitzan konpromiso politiko, ideologiko eta literarioa adierazten dute, eta biak erailak, fusilatuak dira urte bateko epean, fusil berdinengatik, frankismoaren eskutik».

Hala, Maiak kulturartekotasun horrekin lotura duten poemen hautaketa egin du gidoia osatzeko, eta antzezlanerako propio sortutako abesti eta testuek (poeten olerki musikatuak zein Maiak sortutako testuak) ere hartuko dute oholtza. «Bi poeten eredutik eta harremanaren abiapuntutik gaur egungo elkarbizitzara diskurtso berri bat ekartzea da obra honen helburua, eta poemak horri begira aukeratu ditut; batzuk identitateaz eta ideologiaz ari dira, gero bien arteko topaketa dator, ostean gerra eta horren ondorengo heriotza, eta azkenik gaur egungo euskal gizartearen erretratu jakin bat». Antzezlanari amaiera emateko, «obrarekin hautsi» eta «Francoren garaiko immigrazioan zentratuta», obra «oraingo elkarbizitzara ekarri» nahi izan dutela ere aurreratu du.

Maiaren hitzetan, “Ele!” «ekarpen interesgarria» egin dezakeen obra da, «sakontasun karga bat baduelako eta geure burua beste era batera begiratzeko beste ispilu bat ere izan daiteke; identitate, jatorri edo kultura ezberdinekoak izanda ere, balore unibertsal batzuetan bat egin dezakegu, bi poeta hauek bizitzan eta heriotzan bat egin zuten bezalaxe».

Oholtza gainean, adierazpen artistiko ezberdinak erabili dituzte adierazi nahi dutena indartzeko: maping teknikaren bidezko irudi «inpaktanteak», Ana Salazar cantaora eta bailaora, Jesus Prieto Piti (gitarra) eta Gorka Hermosa (akordeoia) musikariak eta dantza eta antzezpena uztartuko dituzten Arkaitz Pascual eta Angela Carbajo de Lera izango dira oholtza gainean, Josu Kamararen zuzendaritzapean. «Orain, Andaluzia eta Euskal Herriaren gaineko estereotipoan oinarritutako gauza dezente egiten ari dira –nabarmendu du Maiak–, nahiko azalekoak nire iritziz, eta kontrako norabidea hartu nahi izan dugu; aurreiritziekin haustea».

Lorcaren kolorea eta iruditegia

Lorca eta Lauaxetaren inguruan lan egiteak sentimenduak piztu dizkiola ere aitortu du Maiak. «Nire abuela hil zenean, kopla batzuk idatzi nituen hiletarako eta bezperan Lorca irakurtzen aritu nintzen, bere koloreak eta irudiak hartzeko, nahiko identifikatua sentitzen naizelako; atentzioa ematen didate bere sinboloek, ilargia, zezena, zaldi beltzak, trikornioak gaizkiaren sinbolo bezala... alegia, ez dela euskaldunek asmatutako ezer». Lorca eta Lauaxeta 32 eta 34 urte zituztela erail zituzten, urte bateko epean: «Lauaxetaren dokumentu originalak ikusi ahal izan ditut, tabako kartoiaren gainean eskuz egindako autoerretratu bat, hil baino ordu batzuk lehenago marraztua... Bere azken poema hori, ‘Azken oihua’, nola idazten duen hil behar dutenaren kontzientzia osoarekin... asko inpresionatzen nau pertsona batek heriotza baten atarian nola jartzen den idaztera testamentu poetiko bat, ezin benetakoagoa», nabarmendu du.

Oholtza gainera igotzeaz gain, proiektuak bestelako bertsiorik ere izango du: antzezlaneko olerkiak eta kantuak biltzen dituen disko-liburua.