GARA
BILBO

Monteverdiren «L’Orfeo» eguneratua, Arriagan

Arriaga Antzokiak denboraldi honetako ekoizpen propiorik handiena taularatuko du maiatzaren 5ean eta 6an. Claudio Monteverdi konpositore italiarraren pieza nagusia, «L’Orfeo», historiako lehenengo operatzat hartzen dena, ikusi ahal izango da Bilboko antzokian, bi emanalditan.

Claudio Monteverdiren jaiotzaren 450. urteurrenarekin bat etorriz, Arriaga Antzokiak aurten bultzatu dituen lanen arteko obrarik garrantzitsuena aurkeztuko du maiatzaren 5ean eta 6ean, 20.00etan abiatuko diren emanaldi banatan. Hain zuzen, historiako lehenengo operatzat jotzen den “L’Orfeo” lana taularatuko du, muntaketa eguneratu batekin, Barbora Horakova Jolyren zuzendaritzapean.

“L’Orfeo” lanaren taularatze osoaren ardatza Monteverdiren musika izango da, eta lanaren zuzendaritza musikala Karel Valter txekiarraren esku egongo da. Ikuskizunak bertako eta nazioarteko interpreteak izango ditu. Zazpi abeslari arituko dira bakarlari gisa, eta Orfeo protagonistaren paperean arituko da Jonathan McGovern baritono britainiarra. Berarekin batera arituko da Marysol Schalit soprano suitzarra, Musikaren, Esperantzaren eta Ninfaren paperei bizia emanez; baita ere Jose Manuel Zapata baritonoa Apolorena eginez; Alicia Amo sopranoa (Euridize); Ismael Arroniz baxua (Karonte); Anna Alas y Jove mezzosopranoa (Proserpina eta Messagiera); eta Jose Manuel Diaz euskal baritonoa (Pluton). Bakarlariez gain, ikuskizunean parte hartuko du San Juan Bautista Abesbatzak eta Sevillako Orkestra Barrokoak.

Eszenografia Eva-Maria Van Ackerrek diseinatu du. Aldamio handiak eta ura eta lurra bezalako elementuak erabiliz, artista belgikarrak agertoki handia, iluna, itxura gotiko samarrekoa eta izaera apokaliptikoduna sortu du, une batzuetan Monteverdiren lanak transmititzen duenarekin bat etorriz. Izan ere, Orfeok inork gainditu ezin duen etsaiaren, hau da, heriotzaren kontra daraman borroka du hizpide.

Inspirazio estetiko eta bisualerako, Barbora Horakova Joly zuzendariak Bosniako gerra hartu du erreferentzia gisa. Lengoaia berriak ere izango ditu ikuskizun honek. Janiv Oron musika elektronikoko konpositoreak soinuzko koltxoia emango dio ikuskizunari emanaldietan. Belaunaldi berrietatik gertuago dagoen estilo garaikideagoa erabiliz Monteverdik transmititu zituen emozio berberak adierazteko beste lengoaia bat erabiltzea du helburu.

Bestalde, Herve Thiot artistak iPad batean zuzenean sortuko ditu agertokian kokatuak izango diren pantailetan proiektatuko diren marrazkiak. Horrela, emanaldi bakoitzean, haren irudiek operaren ekintzan iradokitzen diren sentimenduak indartuko dituzte.