Maider IANTZI

EMAKUMEENA KONTATZEN EZ BADA, EZ DA KONTATZEN EGIA

Itzali dira argiak; hemezortzi lagun agertokian, Berakoak eta ingurukoak, profesionalak diruditen aktore eta musikari ez profesionalak. Ia denak emakumeak, indartsu, pasioz, beren historia transmititzen, 1936tik gaur arte. Hasi da «Harritik hazia» herri antzerkia.

Lehenbiziko entsegu orokorra da hau, lehenbiziko proba. Ez dugu moztuko. Inportantea da erritmoa eta kontzientzia hartzea», azaldu die Ramon Albistur gidoi eta taula zuzendariak oholtzan eserita, kontzentratuta dauden aktoreei. Eta abiatu da funtzioa, sortu da magia, Aitziber Almandoz aktorea ahots goxoz errezitatzen hasi orduko: «Emakumeena ez bada ageri ez da kontatzen erdia. Non ote da nire historia? Emakumeena kontatzen ez bada ez da kontatzen egia».

Oroimen historikoan oinarritutako herri antzerkia da “Harritik hazia”; Beran eta bailaran 1936an gerra lehertu zenetik gaur egun arte izandako gertakariak agertzen ditu. Hori baino gehiago, herritarrak markatu dituen momentuekin bat egiten du, gogoetara gonbidatzen gaitu eta mezu baikorra ematen du, umoreari bidea irekiz. Eta, batez ere, hori dena emetasunetik egiten du. Agertokiko hemezortzi laguneko taldean lau gizon daude soilik; gainerakoak emakumeak dira, haurrak, gazteak eta helduak, eta beren historia kontatzen dute. Gure historian duten presentzia eta protagonismoa aldarrikatzen dute. Gaur bertan estreinatuko da antzezlana, 20.00etan Berako kultur etxean, eta bihar eta etzi ere izanen dira paseak, leku eta ordu berean.

Duela 80 urte gerra gure etxean, familian eta herrian sartu zenean, jendea zatitu egin zen; batzuk alde, bertzeak kontra, ezin zen erdian gelditu. Zenbaitek irabazi ederrak izan zituen; bertzeek, ordea, dena galdu zuten. Eta gero, nola bizi elkarrekin alde batekoak eta bertzekoak? Erran daiteke bi zati dituela obrak: lehena historikoa da eta bigarrena gaur egungo auzietan sartzen da.

Galduko ez den sumendi naturala

Musikaz, bertsoz eta dantzaz lagunduta, Iruñera eraman gaituzte Errepublika defendatu zuten emakumeek. Endarlatsako zubia eztandaraztea lortu zuten frankistak pasatu ez zitezen, baina horren ordaina ere jaso zuten. Jende aunitz fusilatu zuten Beran. Kamioian ekartzen zituzten, gau ilunean, farolen argitan. Desertoreak preso hartu zituzten eta ama, emazte eta alargunek umeak eskutik hartuta eskapu egin behar izan zuten mendiz. Baina esperantza ez zen guztiz galdu, eta lur azpian hazi iraunkor zabal bat gelditu zen. «Inoiz galduko ez den sumendi naturala». Bertako hizkeran eta hitanoa ere erabiliz osatutako testu ederrok Mikel Taberna idazlearenak dira. Papera eskuan, adi segitzen ari da entsegua, Albisturrekin eta Esther Carrizo adierazpen lanaren zuzendariarekin batera. «Begiratu publikoari, erran gorputz guztiarekin», eskatzen die honek antzezleei.

Bi ordu pasako saioaren ondotik, nekatuta daude, baita hunkituta ere. «Eta askatuak», adierazi digu Nagore Orbeltzuk, koreografia zuzendari ere baden aktoreak. «Ni nerbioso egon naiz», erantsi du Kemen Ruiz haurrak. 9 urte baino ez dituen Axuri Zapiainekin batera lan ederra egin du. Orokorrean kontent daude, «nahiko dexente atera da», diote. Zerbait ederra egiteko gai direla frogatu dute. «Ez dut imajinatzen hau beteta», aitortu du Ainara Mayak antzokiko aulkiei so.

Araitz Bizkai musika sortzailea eta zuzendaria da. Musikak indar handia du obra guzian. Zuzenean jo eta kantatzen dituzte aktoreek sortu edo moldatutako abesti eta bertsoak. Irudiek ere aberasten dute lana; kartzelan hildako Kotto beratarra agertzen da, adibidez. Bukaera ez dugu hemen kontatuko, baina erranen dugu gazteen eskuetan gelditzen dela. Neskatilek emanen dute bide berri baterako mezua, bidelagun dituzten mutilekin batera. Dakizkigun istorioak gizonenak dira, baina agintarien, errepresaliatuen eta borrokalarien artean ziren emakumeenak apenas kontatu digute ezer. Harriak arra du barrenean, zurruna da, gogorra, gizonentzat balio gisa hartzen diren ezaugarriak ditu. Horiei emetasunaren hazia gehitzen die antzerkiak, etengabeko bizi emaile.

 

Urtebeteko tailer lana, denok barrenean dugun sormena ateratzeko

Berako Euskara eta Kultura Batzordeak bultzatutako oroimenaren lanketa zabalago baten parte da “Harritik hazia” herri antzerkia. Memoria historikoaren inguruko tailerrak antolatu ziren eta testigantzak partekatu zituen jendeak. Gero, webgunea sortu zuten (oroimena.bera.eus/es/).

Antzerkiko partaideak orain urtebete pasatxo hasi ziren biltzen. Batzuek ez zuten elkar ezagutzen, baina, diotenez, erraza izan da hasieratik mezuak elkarri pasatzea. Adin desberdinetako kideak naturaltasunez aritu dira elkarrekin eta berehala sortu da taldea. «Tailer lana» izan da dena, laburbildu du Mikel Taberna idazleak, eta bidean ikasi duten guzia nabarmendu du, idazketa, gorputz adierazpena eta harremanak. Proposamenak ekarri eta erantzunak jaso dituzte. Hala josi dute testua ere eta azken moldaketa ez dute bukatu lau egun lehenago arte.

Emakumea, euskara eta gogoeta ardatz dituen obraren entseguen lehen zatian gorputza ernatu eta burua hustu dute denok dugun kreatibitatea ateratzeko, eta beti izan dute berendua, beti zer ospatu.M. I.