Idoia ERASO
BAIONA

Super8 formatuko etxeko filmak, historia berreskuratzeko

Botabegi kolektibo sortu berria hitzordu bat antolatzen ari da Euskararen Nazioarteko Egunaren karietara. Ipar Euskal Herriko eguneroko historiaren parte bat berreskuratu nahi du etxeetan gorderik diren Super8 filmen bitartez, eta horien biltzeko kanpaina abiatu dute.

Zinema mota ezberdinak hedatu eta ezagutarazteko sortu zen uda aitzin Botabegi. Emanaldi eta dinamika mota ezberdinak lantzen ditu taldeak, eta orain kanpaina betean dago abenduaren 2an, Euskararen Egunaren bezperan, eginen duten emanaldi berezirako. Izan ere, Baionako Kalostrape ostatuan Super8 formatuko film pribatuen aurkezpen bat eginen dute, eta filmazio horiek biltzeko deialdia egin diote euskal gizarteari.

«Etxean eginak izan ziren filmak xerkatzen ditugu, hau da, film pribatuak, ez profesionalak. Bertan denetarik agertzen ahal da: jendea parrandan, hondartzan bainatzen, edozein gauza. Hala ere, oso pribatua dela ikusten badugu, filma eman duen pertsonarekin ikusiko dugu publikoan erakutsi aitzin», azaldu zuen Iban Regnier kolektiboaren sortzaileak.

Emanaldia komentatua izanen da. «Filmak emanen dituzten pertsonei galde eginen diegu aurkezpena eginen dugularik ikusten diren irudiei buruz mintzatzera etortzea. Ez baldin badute nahi, testu bat igortzea eskatuko diegu. Beraiek idazten ahal dute; olerki bat edo kantu bat ere izaten ahal da, oso irekia da», azaldu zuen antolatzaileak. Hitzorduaren dataren hautaketaren arrazoiaren bidetik hizkuntza euskara izanen da, eta ez da itzulpenik eginen.

Antolaketa berezia eginen dute emanaldi honetarako, Parisetik formatu honetan aditua den teknikari bat ekarriko dute. Hiru makina emanen dituzte elkarren ondoan, film batetik bestera pasatzean proiekzioa gelditu behar ez izateko; izan ere, pelikulak makinan ezartzeko denbora behar da. Hiru minutuko tarteak hautatuko dituzte jasotako filmetatik, eta oren bateko aurkezpena izatea espero dute. «Muntaketan ez da mezurik izanen, joko bat da. Nahasketa horiekin abstraktu eder bat egin nahi dugu», baieztatu zuen antolatzaileak.

Aldi berean, izan dezakeen dokumentu historikoaren balioa ere aldarrikatu zuen: «Formatu horretan 1970eko hamarkadako irudiak izanen dira; horien bitartez familietatik memoria kolektiboetara salto egiteko baliabidea ere izan daiteke». Artxibo lana dela nabarmendu zuen: «Hemengo familia bat Aljeriara joan bazen, horrek garai horretako ikuspegia erakusten ahal du; edo hondartzan baldin badira, garai horretan emakume gehiago titiak airean atzematen ahal zirela ikusten ahalko da. Testigantza bat da».

Horregatik, Baionako Artxibategiarekin harremanetan egonen dira, interesa duten batzuk digitalizatzea eskatzeko, eta ikus-entzunezko dokumentu horiek atxikitzeko. «Heldu den guztia hartuko dugu, Euskal Herriaren testigantza bat da, bestela galduko da. Horregatik deia egiten diogu gizarteari etxean xerkatu eta zerbait atzematen badute gurekin harremanetan ematea», dei egin zuen Regnierrek. Lapurdiko hiriburuko Images Photo Bayonne dendan kutxa berezi bat jarri dute, edo bestela, beraiekin kontaktatzeko emaila botabegi@gmail.com da.

Kolektiboa

«Zinema mota ezberdinak ezagutarazi nahi ditugu, ez soilik esperimentalak, komertziala ez den guztiari eskaini nahi diogu tokia», baieztatu zuen kideak kolektiboaren helburuaz. Baionako Arte Eskolako irakaslea den Mickael Vivier, David Legrand video artista eta irakaslea, Aude Nogues galerista eta Regnier bera izan ziren apirilean kolektiboaren sortzaileak. Gaur egun ikus-entzunezko mota hori atzemateko Ipar Euskal Herrian dagoen eskasiari erantzuteko eratu zuten taldea.

Lehen emanaldi bat egin zuten ekainean Arte Eskolan, eta heldu den martxoan mintzaldi berri bat eginen dute bertan. Marie Losier, zinema esperimental-artesanalaren eremuan ezaguna den artistak aurkezpena eginen du, ondoren, New Yorken bizi den zinemagile frantsesaren lan batzuk aurkeztuko dituzte Atalante aretoan.