Julene LARRAÑAGA
Entrevista
aimar rubio
Ikerlaria eta Aministia Internacional-eko kidea

«Homosexualitatea birkriminalizatzen ari da munduan»

Afrikako homofobiari buruz osatu du bere doktorego tesia Aimar Rubiok. Hegoafrikan igaro dituen hiru hilabeteetan, bertatik bertara ezagutu ahal izan du kontinente beltzean homosexualek pairatzen duten egoera

Gezurra badirudi ere, gaur egun maitasunak delitu izaten jarraitzen du munduko hainbat lekutan, bai behintzat maitasun hori sexu bereko pertsonen artekoa denean. Zigorrak nahieran aurki ditzakegu mundu zabalean: Ugandan, adibidez, heriotza zigorra ezartzen diete «homosexualitatea praktikatzen» dutenei; Iranen, latigoarekin jotzen dituzte; Aljerian, bizi osorako kartzelan sartzen dituzte. Baina homosexual izatea delitu ez den herrialdeetan ere, kolektibo horrek pairatzen duen jazarpena eguneroko ogia da eta, zoritxarrez, ez bakarrik Afrikan. Horixe ohartarazi du homosexualen eskubideen alde Amnistia Internacional erakundean lan egiten duen Aimar Rubiok (Getxo, 1984).

Zientzia Politikoetan lizentziaduna, Nazioarteko Ikasketetan masterra egina dauka Rubiok, eta Afrikako Homofobiaren inguruan osatu du doktoretza, “Sexual orientation, violence and human rights in Africa: South African case study” izenburuko tesia defendatuz.

Afrikako homofobia aztertu duzu. Zergatik homofobia eta zergatik Afrikan?

Zientzia Politikoak ikasten hasi nintzenetik nire lanak lotura handia izan du Afrikako gaiekin, batez ere giza eskubideen arloan. Afrikako kultura, hizkuntza eta ohitura anitzek nire jakin-mina piztu izan dute betidanik, eta Afrikatik datozen albiste eta gertaerak interes bereziarekin jarraitu izan ditut beti. Bestalde, ni neu ere homosexuala naiz eta txikia nintzenetik, bai ikastolan eta bai kalean, eraso homofoboak jasan ditut, beste lesbiana edo gay askok bezala. Horrela ba, orain dela bost urte, Afrikatik zetozen gay eta lesbianen giza eskubideen inguruko albiste lazgarriek nire arreta piztu zuten, eta gai horren inguruan lan egiteko gogoa piztu zidaten.

Zure lana burutu ahal izateko Hegoafrikara joan zinen. Non mugitu zinen eta zer egin zenuen?

Hiru hilabete eman nituen Johannesburgon, eta batez ere elkarrizketak egiten eta ‘Gay and Lesbian Memory in Action’ erakundearen artxiboak ikertzen aritu nintzen. Erakunde horretan Afrikako LGTBI (Lesbiana, Gay, Transexual, Bisexual eta Intersexual) historiari buruzko milaka dokumentu dauzkate, eta izugarria da homosexualitatearen memoria historikoaren alde egiten duten lana. Pretoriara eta Lurmutur Hirira ere joan nintzen. Bertan, LGTBI aktibista, ikertzaile, mediku, kazetari eta homosexualen eskubideak defendatzen dituzten apaiz kristau zein musulmanei egin nizkien elkarrizketak, homofobiaren jatorriak eta ondorioak aztertzeko.

Kontraste ugariko herrialdea aurkitu omen zenuen. Zer zentzutan?

Bai, Hegoafrika kontraste izugarriko herrialdea da. Desmond Tutuk eta Nelson Mandelak ‘Ortzadar Aberria’ (Rainbow Nation) deitu zioten Hegoafrikari, herrialdeak duen biztanleriaren aniztasunagatik. Zoritxarrez, Apartheid garaiko desberdintasun sozio-ekonomikoak ez dira gainditu oraindik, eta beltz edo mestizo askok pobrezia jasaten jarraitzen dute. Kontraste handia dago biztanleria zuriaren eta zuriak ez diren pertsonen artean. Hegoafrikako biztanleen %10 inguru soilik dira zuriak, baina beraiek dira herrialdeko aberastasunaren zati handienaren jabe. Baina, gauza guztien gainetik, musikaren, kolorearen, iraultzaren eta borrokaren herrialdea da Hegoafrika.

Kontrasteak homosexualitatearen esparrura ere hedatzen omen dira…

Bai. Apartheid garaian homosexualitatea kriminalizatuta zegoen, baina trantsizio garaian (1994tik aurrera) Hegoafrikak munduko konstituzio aurrerakoiena onartu zuen. Gaur egun, sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak eta adopzioak legalak diren Afrikako herrialde bakarra da. Horrez gain, konstituzionalki debekatuta dago orientazio sexual eta nortasun identitatearen inguruan inor diskriminatzea. Zentzu horretan, munduko legedi aurrerakoienetakoa da Hegoafrikakoa. Errealitatea, ordea, kontraesankorra da, eta homofobia izugarria da kalean; zoritxarrez, oso arruntak dira irainak, jipoiak, diskriminazioa, bazterketa soziala, bortxaketak, baita hilketak ere.

Hegoafrikatik kanpo, Afrikako beste herrialde askotan homosexualek bizi duten egoera benetan kezkagarria da. Non ematen dira kasurik larrienak?

Kontuan izan behar da homofobia gaitz global bat dela eta mundu osoan ematen dela, egunero. Gainera, diskurtso eta praktika homofoboak gune guztietan gertatzen direnez –bai alor publikoan, bai pribatuan–, kasurik larrienak zeintzuk diren zehaztea zaila egiten da. Bestalde, kontutan eduki behar dugu Afrika kontinente erraldoia dela, oso handia eta oso anitza, nahiz eta askotan entitate homogeneo bat bezala hartzen dugun. Zaila da osotasun hori kontuan izanda hitz egitea; baina ez, datuek ez diote gezurrik: gaur egun, Afrikako 54 herrialdeetatik 38k era batera edo bestera kriminalizatzen dute homosexualitatea, eta horietako lautan legalki heriotza zigorra aplikatzen zaie homosexualei: Mauritania, Nigeria, Somalia eta Sudanen, hain zuzen. Malin, adibidez, ez dago inolako araudirik homosexualitatearen eta sexu aniztasunaren kontra, baina biolentzia eta hilketak eguneroko ogia dira. Ugandan, Nigerian, Ghanan, Senegalen, Kamerunen edo Zimbawen ere, bai sozialki eta bai politikoki, homofobia eta matxismoa oso hedatuta daude gizartean.

XXI. mendean, zergatik jarraitzen du gobernu askok homosexualak hain bortizki zigortzen? Zeintzuk dira arrazoi nagusiak?

Zalantzarik gabe, erlijioak eta fundamentalismo itsuek zerikusia daukate horretan. Egin diren ikerketen arabera, Afrikako homofobia Estatuaren eta agente erlijiosoen arteko dialektikan babesten eta mantentzen da. Homosexualitatea kriminalizatzen duten diskurtso erlijioso eta fundamentalistek gutxiengo sexualen aurkako erasoak legitimatzen dituzte. Erlijioaren eragina eta garrantzia handia da Afrikan, jarraitzaile asko dituelako eta azkar hedatzen delako kontinente guztian. Ugandan, esaterako, agerikoa da eliza ebanjelikoa eta zenbait talde fundamentalista gobernuaren agendan sartu direla, eta Kamerunen ere berdina gertatu da, kasu horretan, eliza katolikoarekin.

Munduko herrialde gehienetan aurrerapenak eman dira: sexu bereko bikoteen ezkontzak onartu dira, adopzioak ahalbidetu dira… Kontrako norabidea hartzeaz gain, jarrerak gogortu dituzte herrialde askok. Zergatik?

Sexu askapenaren gaiak oso urduri jarri ditu hainbat herrialde. Errusia, Uganda edo Iranek, esaterako, beraien soberania mehatxatuta ikusi dute mendebaldetik esan dietenean inor ez diskriminatzeko lege aurrerakoiak bultzatu behar dituztela. Zenbait herrialde erasota sentitu dira, nolabait esateko. Nazio Batuen Erakundeko eztabaidetan oso argi ikusten da bi bando osatu direla auzi horren inguruan: alde batetik, mendebaldeak LGTBI eskubideak defendatzen ditu; eta, bestetik, sozioekonomikoki ahulagoak diren herrialdeek homosexualitatea kriminalizatzeko beraien eskubidea aldarrikatzen dute. Mendebaldean ematen ari diren aurrerapausoak direla-eta, erreakzio moduan gero eta herrialde gehiago ari dira legediak aldatzen eta gogortzen, kartzela zigorrak edo heriotza zigorrak areagotuz, adibidez.

Hegoafrikako homosexualekin esperientziak partekatu dituzu. Nolakoa da beraien egunerokoa?

Homofobia eta matxismoa gogor ematen den guneetan, ezkutuan bizi dute gehienek beraien sexualitatea. ‘Bizitza heterosexualak’ bizi dituzte homosexual askok Afrikan, ezkondu eta seme-alabak izaten dituzte. Beraien nahi sexualak sekretuan praktikatzen dituzte, isilpeko toki klandestinoetan, inolako babesik gabe, eta gaixotasun sexualen mehatxupean. Datuen arabera, azken hamarkadan homosexualitatea birkriminalizatu duten Afrikako herrialdeetan Giza Immunoeskasiaren Birusa izugarri igo da, homofobiak ezkutuko eta babesik gabeko topaketa sexualak bultzatzen baititu. Aldiz, beraien sexualitatea publikoki adierazten dutenek giza eskubide urraketa ugari jasaten dute eta beraien bizitza arriskuan egon ohi da.

Gizonezkoen inguruan maiz hitz egiten da. Zer gertatzen da lesbiana afrikarren kasuan?

Historikoki, gizonen arteko erlazioak kriminalizatu izan dira soilik. Patriarkatuarentzat emakumeak ugalketa unitateak izan dira eta emakumeen sexualitateari ez dio inork inolako arretarik jarri. Azkenengo hamarkada honetan, ordea, gero eta herrialde gehiago ari dira beren legediak aldatzen, emakumeen plazera ere kontrolatu nahi dutelako orain. Zentzu horretan, Afrikan gertatzen ari den birkriminalizazioa emakume lesbianei begira ematen da batez ere. Hegoafrikan emakume askok pairatzen dute diskriminazioa, batetik, lesbiana izateagatik, baina, bestetik, baita emakume izateagatik, beltza izateagatik, txiroa izateagatik eta gaixotasunen bat izateagatik ere. Diskriminazio askok bat egiten dute; izan ere, homofobia inoiz ez doa bakarrik, eskutik doa bestelako jarrera bortitz batzuekin. Hegoafrikan emakumeen aurkako indarkeria hedatuta dago, eta matxismoak inpaktu handia dauka emakume guztien bizitzetan, batez ere maila ekonomiko baxuenekoen artean. Testuinguru horretan, lesbianen aurkako biolentzia ugaritu egin da.

Bisexualen edo transexualen kasuan, nola dago egoera?

Pertsona transgeneroek eta transexualek giza eskubideen urraketa bereziki larriak pairatzen dituzte mundu osoan. Bazterketa sozial izugarria bizi dute, isolatuak izaten dira alor publiko eta pribatuetan, eta askorentzat, prostituzioa izaten da aterabide bakarra. Hala ere, Afrikan gero eta gehiago dira transgenero eta transexualen alde lanean ari diren aktibistak, eta solidaritate sare garrantzitsuak eratzen ari dira azken urte hauetan. Egia da, hala ere, hainbat lege aldatu beharko liratekeela pertsona horiek egunerokoan beharrezko dituzten agirietan izena eta sexua aldatu ahal izateko.

Egoera larrienen aurrean babes internazionala edo kanpoko esku-hartzea beharrezkoa direla uste duzu?

Babes internazionala eskatzea, erbesteratzea edo asiloa lortzea, irtenbide posibleak izan daitezke pertsona askorentzat. Hala ere, oso gutxik lortzen dute. Homosexualitatea legala den herrialdeetan, mendebaldean batez ere, ez baita erraza onartua izatea, baliabide ekonomiko minimo batzuk behar dira horretarako, eta normalean Europan edota Ipar Amerikan oztopo asko jartzen zaizkie asilo eskatzaileei. Tristea da mendebaldeko hainbat gobernu publikoki homofobia salatzen entzun eta gero, benetan erbesteratzeko aukerarik eskaintzen ez dutela ikustea. Nazioarteko erakundeek seriotasun handiagorekin hartu beharko lukete gai hau eta halako egoerak bizi dituzten pertsonak lagundu beharko lituzkete hitzarmen internazionalak bideratuz. Gainera, homofobiaz gain, arrazismoa, xenofobia, islamofobia, matxismoa eta serofobia ere jasan behar dituzte askok; izan ere, esan bezala, homofobia ez dator inoiz bakarrik. Homofobiarekin amaitzeko sexu indarkeriarekin eta matxismoarekin ere amaitu behar da, eta horretarako baliabide politiko, legal eta material gehiago jarri behar dira martxan, bai Afrikan, baita mundu osoan ere.

Aktibismoan aritzen direnek zer kontatu dizute?

Guk uste baino aktibista gehiago dago Afrikan; batzuk homosexualak dira, eta diren bezala agertzen dira, baina, gehienek, arrisku asko hartzen dute beren gain. Egoera zaila bizi dute, baina albiste edo gertaera lazgarri batetik beti atera daiteke zerbait positiboa. Esparru honetan borrokan dabiltzan milaka aktibista anonimoen esperientzia guztiz aberasgarria da. Gaur egun, jende asko dabil borrokan, maitasuna delitu izan ez dadin aldarrikatuz. Era berean, azpimarratu behar da badaudela heterosexualak diren aktibistak ere LGTBI pertsonen alde lanean dabiltzanak: Alice Knom abokatua, Kamerunen, baita apaiz batzuk ere, Christopher Senyonjo Ugandan, edo Desmond Tutu bera, Hegoafrikan.

Europan, oro har, nola ikusten duzu homosexualitatea gaur egun?

Azken hamarkadetan aurrera egin da, baina azken urteotan atzerapausoak ere eman dira, eta, batez ere, Europa ekialdeko herrialde askotan nabarmen egin du gora homofobiak. Alde batetik, mendebaldean egin diren aurrerapausoak direla-eta, erreakzio negatiboa eman da ekialdeko herrialde askotan: Serbian, Errumanian, Azerbaijanen, Errusian… Bestalde, eta Errusian batez ere, azken urteotan eliza ortodoxoaren aldarrikapenak gobernuaren agendan sartu dira, eta horrek politika homofoboen berpiztea ekarri du. Europa ekialdean eliza ortodoxoak izan duen gorakadak eta azken urteotako krisi ekonomikoak diskurtso homofobo eta xenofoboen agerpena eragin du, batez ere alderdi kontserbadore eta ultra-nazionalisten inguruan.

Hemen ere egoera ez da ideala. Bidearen zati handi bat eginda zegoela uste genuen baina, GEHITUk emandako datuen arabera, azken urteotako ‘gorroto delituen’ gehiengoa orientazioa sexualari lotuta egon da. Legeak aurrera bai, baina gizarteari uste baino gehiago kostatzen ari zaio abiadura berean joatea?

Bilbo edo Donostiko Sexu Askapenaren eguneko manifestaziora bagoaz, irudituko zaigu ezer gutxi dagoela borrokatzeko. Gauza asko lortu dira, baina bide asko dago egiteke. Datuek ez diote gezurrik: gorroto delituen barruan asko dira sexualitatearekin eta sexu askatasunarekin zerikusia dutenak: irainak, diskriminazioa, erasoak… Tamalez, homofobia gaitz global bat da, eta Euskal Herrian ere existitzen da. Sexu askapenarena prozesu bat da, luzea eta astiro gauzatzen ari dena. Zalantzarik ez dago legeak beharrezkoak direla eskubideak gauzatzeko, baina gizartea aldatzeko lege batzuk baino zerbait gehiago behar da. Legeekin batera, kanpainak eta politikak bideratu behar dira hainbat pentsaera aldatzeko eta honen inguruan pedagogia egiteko.

Gauza bat behintzat aldatu da: garai batean ez bezala, gobernuen agenda politikoan sartu da gaia. Zein neurri hartu beharko lirateke egoera hobetzeko?

Hezkuntza funtsezkoa da aniztasun afektibo eta sexualaren alde pentsamoldea irekitzeko. Hezkuntza da kontzientzia sortzeko giltza, gorrotoa errespetu bihurtzeko era bakarra. Eskolan egiten diren programez aparte, beharrezkoa da beste politika batzuk bideratzea homofobia deuseztatzeko. Adibidez, eta Euskal Herrian Afrikako hainbat etorkin daudela kontutan izanda, beraiei ere zuzendu behar zaizkie homofobia eta jarrera matxistak detektatu eta deusezteko politikak.

Bestalde, homofobiak eta transfobiak bere horretan iraungo dute heteroarauaren eta patriarkatuaren diskurtsoak baztertzen ez diren bitartean. Homofobiaren kontra baldin bagaude, beste biolentzia mota guztien kontra ere egon behar dugu; homofobiarekin amaitzeko sexu indarkeria, arrazismoa, islamofobia eta matxismoarekin ere bukatu behar dugu. Ezin da ulertu, nire ustez, sexu askapena aldarrikatzen duen pertsona bat arrazista eta xenofoboa izatea aldi berean. Zentzu horretan, LGTBI mugimenduak ezin du bakarrik bizi, eta beharrezkoa du beste mugimendu batzuekin aliantzak jostea, feminismoarekin adibidez, mundu hobeago baten bila.

Azken finean, uste dut badagoela premia bat oso nabaria gizartean: aniztasuna zerbait positibo bezala ulertzeko beharra. Era berean, ohartu behar gara batzuek helarazi nahi duten gorrotoak guztioi egiten digula kalte; ondokoa diskriminatzera, gutxiestera eta bizitza duin bat izateko aukerak mugatzera eramaten gaitu gorrotoak. Pertsona orok giza eskubideak bermatuta izan behar ditu, horretaz ohartzea eta ondokoa errespetatzea baino ez da kontua.