Julene Larrañaga
Entrevista
malen aldalur etaana iruretagoyena
Klitto aldizkari digitala

«Feminismotik hitz egingo duen euskal hedabide bat falta zela ikusi genuen»

Feminismoaren inguruko gaiak euskaraz lantzen dituen gune espezializatu baten gabeziaz jabetuta, «Klitto» (www.klitto.com) atari digitala sortu dute Donostian bizi diren hiru lagunek

Feminismoaren inguruko aldizkari digital euskalduna». Horrela definitu dute Klitto bere sortzaile eta koordinatzaileek: Malen Aldalur (Mutriku, 1992), Ana Iruretagoyena (Ordizia, 1992) eta Irati Urkiolak (Amara Berri, 1992). Donostiako Alde Zaharreko tabernetan, kafe eta garagardo artean izandako hizketaldi luzeetan erein zuten proiektuaren hazia, eta denbora gutxian lortu dute ideia horri forma eman eta errealitate bihurtzea. Bestelako lan eta zereginak badituzte ere, feminismoaren grinak elkartu ditu, eta azken hilabeteetan buru-belarri aritu dira euren proiektua gorpuzten. «Betaurreko moreak» ipinita interpretatu eta landuko dituzte edukiak, feminismoari «ikusgarritasun eta irisgarritasun handiagoa» emateko. Era berean, euskara bihurtu nahi dute feminismoaren balioak zabaltzeko baliabide eta euskarri. Aldalurrek eta Iruretagoyenak eman dizkigute xehetasun gehiago.

Zer da Klitto? Nola definituko zenukete?

Malen Aldalur (M.A.): Nik esango nuke Klitto atari digital bat edo Interneteko espazio bat dela, eta bertan lantzen diren gai guztiak ikuspegi feministatik lantzen direla. Hau da, feminismoaren inguruko gaiak lantzen dira, bai, baina feminismotik ere jorratzen dira, hots, ikuspegi feminista batetik. Horrez gain, eduki guztiak euskaraz lantzen ditugu, euskarari ematen diogu garrantzia. Hori bai izan dela oso kontzienteki harturiko erabakia. Feminismoa da helburua eta zergatia, baina gure hizkuntzan, euskaraz.

Hutsune bati erantzuna ematera zatoztela diozue. Zein gabezia nabaritu duzue?

Ana Iruretagoyena (A.I.): Ikusten genuen feminismoaren inguruan bazegoela informazio asko eta, gainera, azkenaldian informazio asko sortzen zuen jende ugari ari zela mugitzen. Tartean euskaraz egiten zuen jende dezente zegoela ohartu ginen, baina konturatu gara guztiek erdarazko hedabideak dituztela erreferentetzat. Hau da, feminismotik soilik hitz egingo zuen euskal hedabide bat falta zela ikusi genuen. Komunikabide generalista batzuek lantzen dute feminismoa, kolaboratzaileen bitartez, batez ere. Euskal Herri mailan, adibidez, badago kolaboratzaile sare bat nahiko tendentzia eta ikuspuntu feminista duena, baina ez dago euskaraz soilik feminismoaren gaineko edukiak publikatzen dituen mediorik. Gabezia hori ikusi genuen hirurok. Inguruan ere komentatu genuen eta konturatu ginen ez ginela sentsazio hori genuen bakarrak. Hala, gure artean hitz egin eta motibatu egin ginen zerbait egiteko.

Euskal Herrian bada gai honetan erreferentziala den atari digital bat, gaztelaniazkoa, hain justu: Pikara Magazine. Eredu moduan jarraitu al duzue?

M.A.: Bai, betidanik jarraitu izan dugu Pikara, gaur egun Klitto jarraitzen duten gehienek bezala, pentsatzen dut. Feminista garenok, askok behintzat, Biblia bailitzan irakurri izan dugu Pikara. Asko saltseatu izan dugu hor, feminismoan espezializatua dago eta eduki interesgarri eta potenteak lantzen dira, baina gazteleraz da oso-osorik. Bertan idazten duten asko euskaldunak dira, euskaradunak ere badira gehienak, baina gaztelerara jo zuten aldizkari digitala egiteko, akaso jende gehiagorengana iristeko estrategia moduan. Gure kasuan, guk ere euskara helburu estrategiko batekin hautatu dugu. Gure apustua argia izan da hasieratik. Hizkuntzaren hautuan ez dugu zalantzarik egin.

Ikasketaz kazetariak zarete zuek biok baina, horrez gain, feminismoarekiko grina ere partekatzen duzue.

A.I.: Bai, gu biok kazetariak gara, elkarrekin ikasitakoak, gainera. Iratik Euskal Filologia ikasi zuen, baina aritu izan da kazetaritza lanetan ere. Lagunak gara, feministatzat dugu gure burua, eta gai hauen inguruan eztabaida asko eta luzeak izaten ditugu. Asko interesatzen zaigun esparrua da feminismoa, eta kezkatzen gaituena ere bai neurri berean. Hirurok genuen gogoa benetan motibatuko gintuen proiektu bat abiatzeko, eta bete genezakeen hutsune polit bat zegoela ikusi genuen arlo honetan. Zalantzati hasi ginen, pixka bat beldurtuta ere bai, ez genekien oso ondo nora gindoazen. Ikusi genuen, hala ere, sare sozialetan sartu eta webgunea sortu aurretik oihartzun handia lortu zuela kontuak, eta konfiantza hartzen joan ginen. Guretzat plazer bat da horrelako zerbait egiteko aukera izatea.

Mugimendu feministetan militatzen duzue?

M.A.: Herri eta auzo mailan ibili izan gara, baina hortik gora, Bilgune Feministan, esaterako, ez gara sekula aritu. Gertutik jarraitu izan dugu, baina gutako inor ez da inoiz lehen lerroan aritu. Dena den, ikuspuntu hori ere interesgarria iruditzen zitzaigun, eta hori militatzen duen jendeak ere esan izan digu: hau da, kanpotik barrurako begiradatik aztertzea feminismoa. Azken batean, guk ez dugu protagonista izan nahi. Lehen harria jarri dugu, baina nahi duguna gure inguruan talde bat osatzea da, ahalik eta ahots gehien biltzeko. Argi dugu atari digitalaren oinarri, bide eta helburua feminismoa dela.

Nola ikusten duzue gaur egun Mugimendu Feministaren egoera Euskal Herrian?

M.A.: Egia esan, azken urteotan oso indartsu ikusten dut Euskal Herriko Mugimendu Feminista. Lehenago ere bazuen indarra, baina akaso urrutiagotik bizi genuen, eta azken urteotan gertuagotik bizi dugu. Gero eta zabalkuntza eta eragin handiagoko mugimendua dela uste dut. Eta Klitto sortu bada, hein handi batean, beste batzuek egindako lanagatik ere bada. Feminismoaren bueltan dagoen mugimendu horren guztiaren ondorioa da Klitto existitzea. Azken batean, Mugimendu Feminista egiten ari den lan guztia ikusita beharrezkoa da norbaitek hori guztia kontatzea.

A.I.: Nik esango nuke Euskal Herrian feminismoa polarizatuta dagoela. Batetik, ikusten dut badagoela jende asko ez duena planteamendu minimorik ere egiten feminismoa ulertzeko. Eta, bestetik, feministak daude, beren burua feministatzat duten emakumeak, oso feministak direnak eta nahiko modu erradikalean ere bai asko. Izan ere, betaurreko moreak jartzen dituzun momentuan mundua beste era batera ikusten hasten zara eta aurretik ikusten ez zenituen gauza asko identifikatzen dituzu. Erabaki eta jarrera hori hartzeak eramaten zaitu feminista moduan oso koherente izatera eta jokatzera. Guk, jakina, betaurreko moreak jantzita interpretatu eta landuko ditugu edukiak Klitton.

Ez duzue uste azken urteotan feminismoak, edo feminismoari lotutako gaiek, mediatikoki garai batean baino presentzia handiagoa bereganatu dutela?

M.A.: Bai, nik uste dut baietz. Euskal Herriko medioetan gorakada nabarmena izan da, eta, ziur asko, hemendik kanpo ere antzekoa gertatuko zen. Feminismoa espazio mediatikoak bereganatzen ari da, pixkanaka bada ere. Hedabide tradizionaletan, gehiago edo gutxiago, baina lekutxo bat eskaintzen diote mugimendu feministari. Gainera, kolektibo feminista gehienek badute euren atari digitala edota aktiboak dira sare sozialetan… Baina, nire iritziz, kontua beste bat da: ez da hain garrantzitsua feminismoari berari eskaintzen zaion lekua, baizik eta medio generalistetan gai eta edukiak ikuspegi feminista batetik lantzen ote diren ala ez. Horri erreparatu behar zaio, hor dago lanketa egin beharra, nire ustez.

A.I.: Bai, hori da. Esan bezala, hainbat mediotan, eta Euskal Herrian ere, feminismoa lantzen duten feministak egon badaude, baina, bestalde, argi ikusten da kazetari, kolaboratzaile edo bestelako iritzi sortzaileen ikuspuntu gehienak ez direla feministak. Oraindik ere maila altuko gizonezko mendebaldarraren interesen araberakoak dira nagusitzen diren ikuspegi eta mezuak. Egia da, dena den, feminismoak irabazi duela espazioa gizartean, bai behintzat esplizituki, baina ez hainbeste transbertsalki.

Dagoeneko materiala igotzen hasiak zarete. Zer nolako edukiak eskaintzen dituzue webgunean?

M.A.: Edukien eta formatuen aldetik erabat irekita gaude. Alde batetik, betiko formatuak ez dira faltako: albisteak, elkarrizketak, erreportajeak, iritziak… Baina beste gauza asko ere eskaini nahiko genituzke, horren ohikoak ez direnak.

A.I.: Bai, beti jotzen dugu iritzi artikuluetara, ohituta gaudelako edo, baina beste formatu batzuek arrakasta handia izaten dute, testu literarioek, bideoek, ilustrazioek, komikiek… Horiek ere bildu nahiko genituzke denborarekin. Eta norbaitek kantu bat idatzi nahiko balu ere, gu pozik! Iritzia eman edo hausnartzeko edozein formatu ongi etorria izango da. Ez diogu inori eta ezeri aterik ixten.

Poliki-poliki kolaboratzaile sarea ere josten ari zarete. Nola sortu da elkarlana: zuek jo duzue beraiengana edo beraiek etorri dira zuengana?

M.A.: Ba, bietatik, egia esan. Hasieran gu mugitu ginen: ezagutzen genuen jendearengana jo genuen lehenengo, gero haien ezagunengana… eta horrela. Oraingoz, Kattalin Miner, Josebe Iturrioz, Danele Sarriugarte eta Ane Labaka ari dira kolaboratzen. Lanean hasi aurretik lotu genituen lehen kolaboratzaileak, eta hasieratik genekien edukiak ez genituela guk bakarrik sortuko.

A.I: Gainera, eta orain pixka bat irekiago gaudela, proposamen bat baino gehiago iritsi zaigu kanpotik ere, parte hartu nahi duen jendearen partetik. Zentzu horretan, oso pozik gaude; izan ere, batzuek ez gaituzte inondik ezagutzen baina konfiantza agertu dute gurekin kolaboratzeko. Jende aditu eta ezagunaz gain, beldur gehiago izan dezaketen horiek ere parte hartzera animatzea nahi genuke, aditu eta arituen artean oreka bat lortzeko. Horrez gain, guk geuk ere edukiak sortzen jarraitzeko asmoa dugu, baina gero eta ahots gehiago bildu nahi ditugu. Beraz, Klittoren parte izan nahi duenak gurekin harremanetan jartzea besterik ez dauka.

Denak neskak zarete ala baduzue mutilen bat kolaboratzaileen artean?

A.I: Izan ditugu, ez asko, baina bizpahiru gerturatu zaizkigu. Klitto ez da plaza itxi bat, hori argi daukagu. Ez dugu feminismoa=emakumea ekiparazioa egiten, inondik inora ere. Baina, era berean, argi dugu leku gehiago eman behar diegula emakumeei, eta hori inolako konplexurik gabe diogu. Gizonezkoentzat ere lekua dago, noski, ikuspuntua baita hemen axola duena, ez beste ezer.

Gaztelaniazko edukietatik informazioa hartzeko asmoa duzue ala euskara hutsean sortuko dira eduki guztiak?

M.A.: Esan bezala, gu hiruroz gain, kolaboratzaile saretxo horrek bere ekarpena egingo du. Era berean, jakin badakigu beti eduki berri asko sortzeko ez dugula izango ez mediorik, ezta denborarik ere. Kontuan izan behar da beste lan eta zeregin batzuk ditugula gure egunerokoan, eta gure denbora librea eskaintzen diogula Klittori. Zentzu horretan, interesgarritzat jotzen ditugun edukiak euskaraz irakurtzeko aukera ere eskaini nahiko genuke. Eduki interesgarri asko dago gazteleraz, eta batzuk euskaratzea badugu buruan.

A.I.: Bai. Badira medio batzuk oso potenteak direnak, eduki interesgarriak dituztenak eta irakurlearengana iristea merezi dutenak. Adibidez, ‘Diagonal’ egunkariko edukiren bat itzuli dugu dagoeneko. Klitto irakurtzen duten gehienek, ziur asko, Pikara Magazine ere irakurriko dute, baina agian ‘Diagonal’ ez. Hori kontuan izan behar dugu, eta merezi duen materiala gurera ekartzen saiatu.

Zenbatero saiatzen zarete edukiak plazaratzen?

A.I.: Astean behin gutxienez kolaborazio bat izango da. Gainontzeko edukiei dagokienez, astean gutxienez bi eduki berri izango dira. Hasierako ideia dena martxan jartzeko irailera arte itxarotea zen, horrela uda ideiak lantzeko eta webgunea sortzeko erabiltzeko. Baina materiala genuela ikusi genuen eta azkenean edukiak sartzen hasi ginen. Ekainean dena martxan jarri eta uztailean gauza dezente igo genituen, kopuru horretatik gora. Udan parentesi txiki bat egin dugu, baina martxan gara berriro.

Interneten eta sare sozialetan eman du zeresana Klittok. Zer nolakoa iruditu zaizue jendearen erantzuna? Espero al zenuten harrera izan al du?

A.I.: Oso harrera ona izan duela uste dut. Jendeak irakurri nahi zuen medio bat dela esango nuke; nire kasuan behintzat, irakurri nahi nukeen medio bat da Klitto. Egia esan, nahiko emozionatuta sentitu naiz. Inoiz aurretik horrelakorik egin gabeak gara, gazteak gara, ez gara pertsona ezagunak… Eta momentu batean konturatzen zara beharbada ez zarela iritzi-sortzaile, baina baduzula iritziak berresteko medio bat eta indar bat. Klitto kondentsatzaile bat izango balitz bezala ikusten dugu gure artean. Hau da, orain arte sare sozialetan hitz egin izan da hainbat konturen inguruan. Adibidez, uda honetan izan diren tratu txar kasu ugariri buruz, Gasteizko blusa eta neskekin izan diren gorabeheren inguruan, etab. Orain arte Twitter edo Facebook-eko eztabaida edo haserrealdi batean geratzen zena beste eremu batera eramateko aukera eskaintzen dugu. Gure ustez, Klittok eskaintzen du aukera hori: ematen du plaza bat gai hauen eta antzekoen inguruan lasai hitz egin eta hausnartzeko. Jendeak hori eskertzen duela uste dut, plazaratzen diren iritziekin ados egon ala ez.

Ze helburu finkatu dituzue?

M.A.: Bi helburu nagusi zehaztu ditugu. Bata, kanpora begirakoa: Klitto bera eta bere sare guztia erreferente bat izatea nahi genuke; hau da, euskaraz feminismoaren eta feminismotik landuko dituen gaien inguruko atari erreferentziala izatea Euskal Herrian. Kanpora begira egin dezakegun ekarpenik handiena da feminismoaren informazioaren biltokia izatea, eta plaza bat izatea gai horren inguruan zerbait esateko duen edonorentzat. Eta, barrura begira, nik uste dut hirurok bat gatozela hau erronka moduan hartzean. Batez ere ikasteko aukera aparta da guretzat: bai alde teknikoan, multimedian, publizitatean, feminismoan… Profesional eta pertsona moduan ikasteko, azken finean. Azken hau lortzen ari gara dagoeneko, bestea zailagoa izango da ziur asko… Baina uste dut bagoazela bidea egiten eta jendea gurera erakartzen.

Proiektua zuen kontura sortu duzue, autofinantzatu egin duzue erabat. Aurrera begira beste alternatibarik planteatzen ari zarete?

A.I.: Printzipioz, borondatez aurrera atera dugun proiektu bat da. Guztiz autofinantzatua izan da eta dirurik ez galtzea da buruan duguna. Lagun batzuek lagundu digute webgune berriarekin, eta oso pozik geratu gara emaitzarekin. Lan izugarria egin digute eta, noski, nahiko genieke ordaindu, aurrera begira webgune txukun bat mantendu, edukiak modu atseginean eskaini… Diru laguntzak eskatzea buruan dugu, baina horretarako elkarte gisa izena eman beharko genuke. Hortik aurrera ez dugu ezer pentsatu: publizitatea, diru irabaziak… Klitto ez dugu horrela planteatu. Irabazi ekonomikoak izateko asmorik ez dugu. Gozamen hutsez egiten dugun zerbait da, nahiz eta denbora eta lana exijitzen dituen.

Bukatzeko… Zer dela eta Klitto? Izena erraz bururatu al zitzaizuen?

M.A.: Egia esan, sekulako gora-beherak izan genituen izenarekin. Arratsalde ugari eman genituen horrekin bueltaka, izen egoki baten bila. Azkenean, Leire Palaciosek “Berria”-ko artikulu baterako erabili zuen izena proposatu zigun Danele Sarriugartek: “Eta klitto!”. Esamolde hori erabili zuen artikulu batean Palaciosek, klitoria eta kito uztartuz. Sekulakoa iruditu zitzaigun, motza baina indartsua, emakumearekin lotura zuena… Azken finean, guk nahi genuenerako aproposa. Berari baimena eskatu eta aurrera!