Jon Ormazabal
EKUAZIOARI BUELTA EMAN ASMOZ

Erreferenteak sortu nahi ditu Emakume Master Cupek

Egokitutako material eza, garapen fisiko desberdina, arerio falta eta mutilekin lehiatu ezina. Batugai horiekin, eskuz aritu diren neska gazte gehienen ekuazioak beti izan du emaitza bera: 14 urte ingururekin, joko molde hau utzi eta beste kirol batera –normalean palara– aldatu beharra. Horri buelta eman asmoz sortu da Emakume Master Cup.

Etena. Horixe izan da emakumea eta esku pilota binomioak urteetan izan duen emaitza bera. Ehunka izan dira Euskal Herrian zehar barreiatutako pilota eskoletan ilusio osoz esku pilotan jokatu duten neska gazteak, baina euren abenturak amaiera bera izan du 14 urte betetzearekin batera infantil mailara heldutakoan: beste kirol bat aukeratu beharra. Frontoiarekin harremanetan jarraitu nahi izan duten askoren aukera pala izan da, baina beste askok oso bestelako kirolak aukeratu behar izan dituzte euren kirol garapenerako, esku pilotan jarraitzeko ezintasunaren aurrean.

Sinesgaitza dirudien arren, XXI. mendean ondo sartuta, materiala izan da gainditu beharreko oztopo nagusietako bat. Saskibaloian, esaterako, gizonek erabiltzen dituztenak baino baloi txikiagoekin jokatzea oso erremedio egokia izan den bitartean, orain gutxira arte, esku pilotan inork ez du materiala egokitzeko ardura hartu. «Urteak daramatzat pilota munduan, eta, semearekin eta emaztearekin pilota goxoarekin jokatzen genuela ikusita, zerbait egiteko ideia garatzen hasi nintzen. Baziren gurekin aritutako neskak, baina, aldiz, infantiletatik aurrera inork ez zuen jarraitzen», azaldu du Iker Amarikak, emakumeen pilota sustatzeko egitasmoaren bultzatzaileak.

Lau urtez Bizkaiko Federazioan aritu da larrabetzuarra eta orain hiru urte jarri zuen abian Emakume Master Cup arrakastatsu honi hasiera eman zion proiektua. Zenbait saio egin ostean, emakumeek lehiatzeko egokiena den pilotarekin eman zuten: betidanik erabili diren pilota goxoak, pisuz 70-75 gramo artekoak –gizonezko profesionaletan 102 eta 107 gramo artean jarri ditu mugak EPELek– eta diametroz kadete-jubeniletan erabiltzen direnak. Hasierako zailtasun izugarri hori gaindituta, beste erronka handi bati egin behar izan zioten aurre. Arestian aipatutako eten hori gainditu ahal izateko erreferenteak sortu behar dira, azpitik datozen gaztetxoek non begiratu izan dezaten. «Bizkaian 35 neska inguru genituen eta bagenekien, jarraikortasunik izan ezean, pilotan aritzeko aukera bakarra pala izango zela», argitu du Amarikak.

Gauzak horrela, duela bi urte neskentzat lehen txapelketa federatua jarri zuten martxan, Bizkaira mugatu zena. Ekimenak arrakasta izan zuen, eta, iaz errepikatu ostean, aurten mugak erabat zabaldu dira: parte hartu nahi izan duen orok izan du izena emateko aukera.

Izan ere, oso gutxi dira federatutako emakumeak, txapelketarik ezean, zentzu handirik ere ez baitauka fitxak balio dituen 70-80 euroak ordaintzeak. Erantzuna sekulakoa izan da, orotara 79 emakumek eman baitzuten izena, gehienak euskaldunak, baina baita zortzi kataluniarrek, bi valentziarrek, Zaragozako pilotari batek eta txapelketan parte hartzeko Atlantikoa gurutzatu duen Daniela Vargas mexikarrak. «Nondik irten diren horrenbeste emakumezko pilotari? Azkenean guk bagenekien bazirela pilotan, esku pilotan, aritzen ziren neskak, beti egon dira, baina aukerarik gabe, ez dugu ezkutuan esango, baina existituko ez balira bezala egon dira», azaldu du Amarikak.

Euren pilotari ibilbideek eredu eta arazo ia berak izan dituzten arren, 40 bikoteon artean oso historia eta bizipen desberdinak aurki daitezke; palan munduko txapeldun izan den Maider Mendizabal anoetarrarengandik hasi eta hemen ikasitakoarekin Mexikon pilota eskola bat sortu nahi duen Daniela Vargaseraino. Eta, tartean, ibilbide oso propioak ibili dituzte beste hamaika pilotari.

Nagore Arizmendi eta Oihana Unanue

«Bost ume ditut. ‘Nahikoa lan ez eta pilotan hasi!’ pentsatuko dute herrian»

Otsailaren 12an Zumarragan jokatu ziren final zortzirenetako kanporaketa batean 11 seme- alaben amak aritu ziren elkarren artean. Nagore Arizmendi eta Oihana Unanue azpeitiarren artean zortzi dituzte, bost lehenak eta hiru bigarrenak, eta ondo baino hobeto ezagutzen dute kirolaren eta ama izatearen arteko harremana nolakoa den. Naturaltasun osoz daramate gaia eta zenbaitek egiten dutena begi onegiz ikusten ez dutela antzeman duten arren, ikaragarri gustura ari dira. Eguneroko estresari alde egiteko ere oso ondo omen datorkie pilotan aritzea, eta, elkarrekin entrenatzeko arazo handiak dituzten arren, oso maila polita eman dute aspaldian pilotan aritu gabeak izateko. Gainera, ziur gaude, denborarekin, hobetzen jarraituko dutela.

Nolatan sartu zineten abentura honetan?

Oihana Unanue: Esperientzia polita da. Aspaldi ibili gabe ginen, txikitan aritutakoak gara eta orain ilusioz hartzen duzu halako txapelketa batean parte hartu ahal izatea.

Nagore Arizmendi: Niri pasa zitzaidan iaz data hauetan telebistan ikusi nuela Larrabetzuko finala. Lanera joan eta bertako lankide batek ea ikusi nuen galdetu zidan, baina inork ez genekien zein txapelketa zen. Euzkitze eta entzun genituen gero telebistan, eta Oihanari deitu nion. Pentsatu nuen, «honek sei hilabeteko umea du txikiena eta ezetz esango dit», baina, «Oihana, zerbait egingo dugu» esan zidan eta halaxe hasi ginen. Entrenatu eta ezer egin gabe joan ginen Zestoara, han genuen eta lehen kanporaketa. Nerbioz josita, juxtu-juxtu aurrera egin genuen; bi partidetan galtzen hasi baina irabazi egin genituen, eta, halaxe, azkenean finalerdietara heldu gara.

O.U.: Nagorek parte hartzeko deitu zidanean, eskuzko txapelketa antolatu zutela-eta, ezin esan nion ezetzik esan. Umetan elkarrekin aritutakoak gara biok eta barru-barruan daramagu har hori.

Zuen kasuan ere, adin batera helduta, esku pilota utzi behar izan zenuten?

N.A.: Biok ibiltzen ginen umetan; hasieran gu biok bi mutilen kontra eta kolorerik ez zegoen. Gero bera mutil batekin eta ni beste batekin, eta halaxe ibiltzen ginen. Baina mutilak hazten joan ziren heinean, ez zegoen jarraitzerik. Ni atletismora pasa nintzen, eta bera futbolera. Orain berriz hasi naiz, semea pilotan hasi denean; jai arratsaldetan edo berarekin arituz harra sartu zaigu berriz.

O.U.: Ni futbolean hasi nintzen eta gero berriz bueltatu nintzen palaz jokatzera. Orain eskuz jokatzeko aukera zegoela entzun dudanean, niri ere ilusioa egin dit, eta gustura. Tarte honetan beste txapelketaren bat izango balitz, beste sasoi bat izango genuke orain. Orain horrenbeste neska pilotan ikusi eta ilusioa egiten dizu, izan ere, gure garaian herrian bi edo hiru neska aritzen ginen eta hor bukatzen zen guztia.

Entrenatzeko eta, nola moldatzen zarete?

N.A.: Ezin, biok azpeitiarrak gara baina Oihana Ordizian bizi da, eta, ni, Azpeitian. Nik egiten dudana honakoa da: bakarrik frontoira joan, sakeak eta egiten entrenatu, txapa-gaineko batzuk… Jokatzen den moduko materialik ere ez geneukan. Aurrekoan pilota bat lortu genuen eta aurrerapauso bat da; entrenatzeko modua daukat. Txarrena da jendeak begiratzen nauela eta «nora doa hau orain, bakar-bakarrik frontoira?» pentsatzen duela.

Izan ere biak zarete ama, denera zortzi seme-alaba dituzue. Nola eramaten da hori guztia?

N.A.: Herrian «hau zertan ari da» pentsatzen dutela nabaritzen dut, bost ume dauzkat eta jendeak badaki hori. «Hau zoratu egin al da? Lehen nahikoa lan ez eta pilotan hasi!» pentsatuko dute. Besterik ez nuela behar, baina ni oso gustura nabil. Gustuko gauzak egiteko denbora ateratzen da handik edo hemendik, eta erlaxatzeko ondo etortzen zait.

O.U.: Zailagoa da ama izanda denbora ateratzea, baina erlaxatzeko ere ondo etortzen da, bestela buruan beti dituzu-eta gauza berak.

Iratxe  Ibarra

«Kirolean bertsotan baino zailago dago kontua: mutilen aurka ezin dugu egin»

Iratxe Ibarrari ez zaizkio, antza, bide errazak gustatzen. Beste askoren artean, bertsoa eta pilota, esku pilota, gustatu izan zaizkio txiki-txikitatik. Hala, emakumeentzat urratu gabeko bideetatik ekin behar izan du gustatzen zaion horretan aritu ahal izateko. Esan daiteke markinarra aitzindaria izan dela bi alor horietan, halako lanek izaten dituzten hamaika trabak gainditu beharrarekin. Hala ere, gogoko tokian aldaparik ez omen da, eta, ekinaren ekinez, bietan gozatzea lortu du. Hori bai, txapelketa honek horren denbora gutxian izan duen garapena sufritu behar izan du, iaz, lehiaketa Bizkaira mugatu zenean, Bigarren Mailako txapela jantzi baitzuen Lutxi Fonsecarekin. Aurten, mailak ikaragarri egin du gora mugak zabaltzearekin bat eta final laurdenetatik ezin izan zuten gora egin iazko txapeldunek. Lehiakorra izaki, partida gehiago jokatu nahi izango zituen, finalean berriz ere protagonista izatea polita zatekeen, baina, beste alde batetik, ezagutu ere egiten ez zituen pilotarien maila horren altua izateak etorkizunerako esperantzaz betetzen du. Ekimenak aurrera jarraitzea lortzen badu, hurrengo belaunaldietako pilotari gazteek ez dute berak pairatu zuen etena jasan beharko; horregatik, potentzial handia ikusten die hurrengo belaunaldietako emakume pilotariei.

Iazko emaitzak kirol aldetik hobeak izan ziren, Bigarren Mailako txapela jantzi baitzenuten. Baina nolako esperientzia izan da aurtengoa?

Iaz finala jokatu genuen, baina aurten zabaldu egin da txapelketa eta mailak asko egin du gora; iaz Bizkaikoa izan zen bakarrik. Aurtengo oso pilotari gutxi ezagutzen nituen eta maila oso altua da, elitekoek palaz jokatzen dute urte guztian zehar eta oso onak dira bi jokamoldeetan. Iruditzen zait bi finaletan maila handia izango dela, bai gurean, Lehen Mailan, bai, zer esanik ez, Elitean.

Zuetariko asko umetan pilotan aritutakoak zarete. Kantxan zuek ikustean berehala antzematen da...

Bai, igartzen da, bai. Nire laguna, Lutxi, esaterako, inoiz ibili gabea zen, asturiarra baita. Larrabetzun neska kuadrilla bat orain hiru bat urte hasi zen eskuz jokatzen eta hori nabaritzen zaie. Nahiz eta kolpea izan, kantxan kokatzerakoan eta jokaldiak amaitzerakoan kosta egiten zaie; jo eta jo egiten dute baina ez dakite tantoa amaitzen. Gero bakoitzak bere kolpea dauka.

Beste askori bezala, umetan eskuz hasi eta eskua uzteko momentua etorri al zitzaizun?

Niri betidanik asko gustatu izan zait eskuz jokatzea, pala baino gehiago. Gertatu zitzaidan mutilekin eta bai aritzen nintzela, baina gazteagoekin ibili beharra neukala, agian ni baino bi edo hiru urte gazteagoekin. Eurekin oso gustura ibili nintzen, baina gero eurak hazi egin ziren eta kolpea hartu zuten. Batez ere kolpe kontua da. Batzuek eskuen kontua dela esan arren, gure sasoian ez genuen oso pilota gogorrarekin jokatzen; Markinako frontoi txikian pilota gogorrak izorratu egiten dira eta mistoekin aritzen ginen. Pilotengatik baino gehiago, nire kasuan, indarragatik izan zen. Mutilen aurka ezin egin eta sasoi hartan Markinan neskarik ez zegoen txapelketa bat egiteko, ezta inguruan ere. Orduan, entrenatu bai, baina zuriz jantzita ez genuen jokatzen.

Askoren irteera palara pasatzea izaten da. Zure kasuan ere hala izan zen, ezta?

Nik orduan utzi egin nuen, baina, gero, unibertsitatean nenbilela, hasi nintzen pixka bat palaz, baina teniseko pilotarekin eta nire kontura. Unibertsitatetik bueltan, Markinan bertan, mutilekin teniseko pilotarekin eta defendatzen nintzen. Gero nesken taldea egin zen Abadiñon, baina trinketean, eta han hasi nintzen. Baina niri frontoia gustatzen zait berez; trinketean aritzen nintzen ez zegoelako beste aukerarik lehiatzeko. Han urte piloa aritu nintzen, eta, berriro palaz frontoian aritzeko aukera sortu zenean, berriro frontoira. Baina eskua gehiago gustatzen zait.

Bere garaian, bertsolaritzan aitzindari izatea tokatu zitzaizuen zenbait emakumeri. Orain, pilotan ere antzera. Alde handia al dago batetik bestera?

Bai, genero aldetik begiratuta pilotakoa beste gauza bat da. Bertsotan ere aitzindariak izan ginen, hasi ginenean oso neska gutxi ginen, baina gaur egun bertsotan ikusten dudana da neskak nahikoa normal gabiltzala; kopuruz nahiko gara eta kalitatez ere bai. Pilotan oraindik neskena ez dago batere normalizatuta. Ea honek aurrera egiten duen, baina eskuzko modalitatean ez da batere arrunta izan. Nik, esaterako, bertsotan oso komentario gutxi entzun ditut matxistak liratekeenak, baina pilotan entzun behar izan ditugu. Oso arraroak, bitxo raro batzuk ginen eskuz aritzen ginen neskak. Hori orain ez da ikusten, Markinan mutilekin entrenatzera joan eta desiratzen egoten dira gurekin egiteko, gure kontra aritzeko. Egin ditugu pare bat entrenamendu hango alebinekin eta desiratzen egoten dira gure kontra jokatzeko; gu umeak ginenean alderantziz zen, neskena pixka bat arraroa zen, marjinalagoa. Nik uste kirolean bertsotan baino zailago dagoela kontua; azken batean gauza fisikoa ere bada, bertsotan mentala da eta hor ez gara mutilak baino gutxiago. Eta hemen mutilen aurka ezin dugu egin eta aparte aritu behar izaten dugu.

Bi pasioak uztartu eta txapelketako abestiaren hitzak ere zuk egin omen dituzu.

Iker Amarika [txapelketako antolatzaileetako batek] eskatu zidan letra egiteko, Inunek [Mikel Inunziagak] musikatu eta Bihotz Gorospek abestuko zuela esanda. Nik bertso batzuk prestatu nituen, eta, egia esan, musikariek aldatu egin dizkidate azkenerako, artaziak sartu dizkidate! Badakizu nola diren musikarien gauzak... [barreak] Hori bai, oso gustura geratu naiz. Kantua nola geratu den asko gustatu zait.

Daniela Vargas

«Hemen ikusitakoa Mexikon zabaldu nahi nuke eskola bat sortuta»

Euskal Herriko emakumeentzat esku pilotan aritzea oso zaila bada, pentsa zer izan daitekeen Atlantikoaren bestaldean. Mexikon, esaterako, «alfer eta alprojen kirola da pilota, kalekoa, beti apustuekin lotzen dena». Horregatik, Daniela Vargasen gurasoek ez zuten begi onez hartu alabak pilotaren hautua egin izana. Kirola egitea ondo zegoen, baina pilotan jokatzea ez, eta Popocatepel eta Iztaccihuatl sumendien magalean jaiotako pilotariak lortutako lehen trofeoa ere ez zen nahikoa izan gurasoak konbentzitzeko. Eskolan nota txarrak atera izanagatik garaikurra saltzera zigortu zuten gurasoek, eta, balio ekonomikorik ez zuenez saltzerik izan ez zuenez, zaborretan amaitu zuen bere ibilbideko lehen sariak. Denborarekin, ordea, gai izan da, gurasoei berea oso pasio serioa dela ikustarazteko. Hala, bere ametsaren atzetik Euskal Herrira egindako bidaian ekonomikoki lagundu diote, baita trinketean aritzen den David Alvarez bikotekideak ere.

Errealitateak, ordea, ez du beti ametsekin bat egiten eta gure artean emandako hiru asteak ez dira espero bezalakoak izan, kirol alderditik begiratuta bederen. Jokatutako partida guztiak galdu ditu Daniela Vargasek, eta, arazo burokratikoak medio, bere bikotekideak ezin izan ditu trinketean euskal pilotariekin jokatu asmo zituen partidak lehiatu. Daniel Alvarez 22 urtez azpiko munduko txapeldunorde izan zen, orain gutxi Berezkoen Buruz buruko txapela bigarren aldiz jantzi duen Batita Ducassouren aurka finalean 2-1 galduta.

«Aldaketa oso handia da Mexikotik hona; gu teniseko pilotarekin aritzen gara, kolpea ukabila itxita jotzen dugu, askoz ere bizkorragoa da jokoa... Pilotak ni harrapatuko ninduela espero nuen, baina geratu egiten da, oso motela da eta kosta egin zait ohitzea. Denbora gehiago beharko nuke ohitzeko», azaldu du 25 urte dituen pilotariak.

Orain bederatzi urte inguru sartu zitzaion Vargasi pilotaren arra, institutuko jolas orduetan, bere eskolako mutilak «hiru paretetako pilotalekuan» jokatzen ikusten zituenean. Mutilekin batera lehiatzea «erronka» bat bezala hartu zuen eta hasieratik emaitza onak izan zituen. Bere lehen txapelketan Daniela izan zen izena eman zuen emakume bakarra eta bikote mistoa osatu behar izan zuen, mutilez osatutako bikoteen aurka lehiatuz. Emaitza oso ona izan zen eta txapeldun geratu ziren.

Erabat harrapatu zuen pilotak mexikarra, horrenbeste, bere ikasketen ardatz ere bihurtu zela gure kirola. Arkitektoa da ikasketaz Vargas eta bere karrera amaierako tesia errendimendu altuko kirol ekipamenduen inguruan egin zuen; bada, aztertu zituen eraikinen artean Bilboko Bizkaia pilotalekua zegoen. «Egun batean leku hori ezagutu behar dut», esan zion orduan bere buruari behin baino gehiagotan, eta horregatik malkoei eutsi ezinda geratu zen Miribilla auzoko pilotalekua bisitatu zuenean. Binakako Txapelketa jokoan dela baliatuz, Labrit edo Astelena bezalako pilotaleku historikoak ezagutzeko aukera ere izan du mexikarrak.

Sare sozialek ireki zioten Euskal Herrira etortzeko atea. Iker Amarikarekin, txapelketaren antolatzailearekin, harremana zuen Vargasek eta orain urtebete eman zion Larrabetzuarrak Emakume Master Cup txapelketaren berri. Ideia gustatu eta jokatzerik izango ote zuen galdetu zion mexikarrak; izen ematea librea zela eta baietz erantzun zion Amarikak, baina bidaia ordaintzeko aurrekonturik ez zegoela. Hala, kirolariak berak egin behar izan die aurre bidaiaren gastuei. Etxekoen eta zenbait babesleren laguntzari esker ametsa gauzatu ahala izan du.

Pilotaren aldeko apustua oso handia izan da, orain aste batzuk lana ere utzi baitu Vargasek kirolean buru-belarri aritzeko, Mexikoko frontball selekzioan zehazki –Nazioarteko Pilota Federazioak indartu nahi duen jokamoldea da, euskal esku pilotaren eta Irlandako handball modalitatearen artekoa–. «Erabakia hartzea ez da inondik inora erraza izan, baina iruditzen zait hauxe dela pilotan aritzeko unea. Emakumezko pilotaren inguruan indar handia egiten ari gara uneotan, Mexikon ere hasi gara lehiatzen eta gero eta gehiago gara. Orain da kirol honek aurrera egin dezan lana egin behar den garaia. Gero ere jarraitu ahal izango dut nire ibilbide profesionalarekin», azaldu du Vargasek.

Azaldu duenez, 40 inguru dira Mexikon esku pilotan aritzen diren emakumeak. «Txapelketa irekietan edonork har dezake parte. Lehiaketa ofizialetan frontballean aritzen gara eta ni laugarrena naiz Mexikoko rankingean». Mexikon bertan jokatuko da aurtengo jokamolde horretako munduko txapelketa, eta, oraingoz, bere herrialdeko selekzioko lehen deialdian dago Daniela Vargas. Hori bai, ikusteke dago lehiatuko diren bi onenen artean sartuko duen hautatzaileak.

Euskal Herrian izan duen hiru astetako abenturak horretan lagunduko diolakoan dago pilotari gaztea. «Euskal Herriko esperientzia uste bezalakoa izaten ari da; ez da asko aldatu aurretik nuen ideia eta bertan topatu dudana. Nik gehiago ikasi nahi nuen, kirol hau hemen jaiotakoa da eta ikastera etorri naiz. Hemen ikusitakoa Mexikon zabaldu nahi nuke orain eskola bat sortuta».

Harremanak estutzea izan da lortu duen beste helburu nagusietako bat. «Elkar ezagutu eta elkar laguntzeko asmoarekin etorri nintzen hona. Emakumezkoen pilotak etorkizuna izan dezakeela uste dut, eta, elkarrekin lan eginez gero, hurrengo urteetan antzerako txapelketa gehiago antola daitezkeela, mundu guztiko emakumeen parte hartzearekin. Zergatik ez Mexikon?», nabarmendu du.

Momentuz baina, lan handia dute aurretik. «Hemengo jokamoldea gehiago gustatzen zait, gainera, hazten ari da eta aurtengo txapelketan 79 emakumek hartu dute parte. Mexikon 40 inguru gara, baina serio samar hartzen dugunak zortzi bat. Gainera, ez dugu, inolaz ere, euskaldunek duten joko mailarik».

Lucia Fonseca

«Ohiko klub batean sartu izan bagina, agian ez ginateke hemen egongo»

Emakume pilotarien inguruan sortu den mugimenduri iturburu bat jarri beharko balitzaio, hori Larrabetzu litzateke. Orain hiru bat urte, Txokoan, emakumezkoen lehen pilota kluba sortu zutenen artean zegoen Lucia Fonseca edo Lutxi, esku pilotak erabat harrapatu duen asturiarra.

Emakume asturiar bat esku pilotan jokatzen, nola da posible?

Zortzi urte dira Larrabetzun bizi naizela, eta, orain dela hiru urte, bertako pilotalekuan emakumeentzat ikastaro bat egin zen. Hasiera batean bi hilabeterako zen, baina gustua hartu genion eta hamar- hamabi bat neskek Txokoan kluba sortu genuen; uste dut emakumezkoen lehen kluba dela. Hortik aurrera astero entrenatzen dugu Larrabetzun eta herrietako festetara joaten ere hasi ginen jaialdiren bat egiteko deitzen zigutenean. Aurreko bi urteetan Bizkaiko Emakumezkoen Txapelketan parte hartu genuen, eta, aurtengoan, berriz, hemen gabiltza.

Zergatik sortu zen emakumezkoen klub bat sortzeko behar hori?

Azkenean, pilotan jokatzen jarraitu nahi genuen, eta, dozena bat lagun inguru baginenez, pentsatu genuen zer hobe gure artean batu, neskena soilik izango zen elkarte bat sortu eta aurrera egiten saiatzea baino. Orain 20-22 lagun gara Larrabetzun gabiltzanok.

Argi zenuten klubak neskena soilik izan behar zuela? Ez al zegoen bertako klubean txertatzeko aukerarik?

Bueno, herrian bada pilota talde bat, gehienbat umeena eta, batez ere, palakoa. Baina pentsatu genuen komenigarria zela, berdintasun arrazoiengatik, gure aldetik jartzea nesken pilotari bultzada bat eman eta beste neska batzuei laguntzeko. Eta nik uste dut asmatu genuela. Pilota talde batean egotea ona litzateke, interesgarria izan daiteke, baina batez ere indar guztiak nesken alde bideratzeko hobe zen horrela egitea.

Beharrak horren desberdinak al dira?

Hala da, batez ere orain hiru urte, ezer ez zegoenean; dena oso espezifikoa zen, beharrak oso desberdinak ziren, dena zegoen egiteko. Ohiko klub batean sartu izan bagina agian orain ez ginateke hemen egongo.

Erabakian asmatu zenutela ezin uka. Oraingo mugimendu honek guztiak Larrabetzun izan zuen muina.

Hori da, urtetik urtera gorantz goaz. Aurten ia 80 neskek eman dute izena Emakume Cupen eta gure buruari galdetzen diogu ea nondik irten diren neska horiek guztiak; sinestezina da. Maila handia dago, hau hasi besterik ez da egin eta ez dut uste etenik izango duenik.

Jokoan garapenik nabaritu al duzue?

Guk asko hobetu dugu; hasi ginenean ez ginen batetik edo bitik pasatzen eta pixkanaka-pixkanaka, gure mailan, hortxe gabiltza, hobetzen. Eta hobetzeke dugun marjina ere handia da, berriak baikara honetan. Gure ahalmenen arabera, denbora eskainiz, asko hobetzen ari gara, eta horrek ere asko motibatzen zaitu aurrera jarraitzeko.

Zuretzat esku pilota kirol berria izango zen, ezta?

Erabat. Asturiasen, zerbait jokatzekotan, palan jokatzen da. Gijonen bada pilotaleku bat eta talde bat ere bada; bere garaian palista profesional bat ere izan zen, Galan, baina eskuz ez da bat ere jokatzen. Oroitzen dut txapelketa honetako antolatzaileak Asturiasko egunkari batekin harremanetan jarri zirela, nik bertan parte hartzen nuela esateko eta han jendea seko harritu zela. Baina hau guztia ondo zabaldu behar da, zaila da, ez dagoelako azpiegitura askorik, baina ekimena gero eta gehiago zabaldu, hobeto; gero eta neska gehiago, orduan eta hobeto denontzat.

Eta txapelketa honetatik kanpo?

Astean lau orduz, bi egunetan aritzen gara Larrabetzuko frontoian entrenatzen. Gero urtean behin topaketa bat egiten dugu eta leku guztietako pilotariak elkartzen gara; Valentzia, Bartzelona, Zaragoza… Gu ere Bartzelonara joan izan gara kataluniarrekin. Txapelketarik ez dagoen garaietarako bururatuko zaigu beste zerbait...