Maria Gonzalez Gorosarri
EHUko irakaslea

Egia ofizial berria

Asteazkenean, apirilaren 26an, faxistek Gernika bonbardatu zutela 80 urte izango dira. Espainiako Reina Sofia Museoan Picassoren «Gernika» margolanak 80 urte egingo dituela informatu berri du TVE-k. Urteurren horri buruzko albistean TVE-k ez du 1936ko gerra aipatu, ezta ere herritarrak Gernikan (Otxandion, Eibarren, Elorrion, Durangon, Bilbon...) bonbardatu izana azaldu.

Espainian, Kroazian eta Portugalen, gainera, erlijio katolikoa faxismoarekin lotuta egon da. Azken bi herri horietan faxismoa goraipatzea delitua den bitartean, Espainiako Estatuak eta Eliza katolikoak faxistak eurak goraipatzen jarraitzen dute. Eliza katolikoaren zaintzapean, Francisco Franco eta Jose Antonio Primo de Rivera lurperatuta daude (Erorien Haranean). Sevilla hartu zuen Queipo de Llano genozida bortxatzailearen eta bere emaztearen gorpuak hiri horretako Macarena elizan ohorez zaintzen dituzte. Euskal Herrian ere bai:

• «Las Carmelitas Descalzas abandonan la villa [Durango], siguiendo los pasos de las Agustinas hace poco más de medio año: Como ocurre en muchos otros casos, el convento tiene su propio cementerio donde descansan los restos de las religiosas fallecidas en las últimas décadas. Junto a éstos también se encuentran los de Esteban Bilbao [...]» (“El Correo”, 2009/09/09).

Esteban Bilbao ministro frankista durangarra lurperatuta zegoen Durangoko elizatik 2011n desagertu zen. Udalak haren berririk izan ez zuela adierazi zuen. Espainiako Auzitegi Nazionalak erreklamatu bazuen ere, Bilbao gizateriaren aurkako krimenengatik erantzulea zelako, bide ofizialak ez du haren hilotzaren berririk eman, ezta Estatuak zein Eliza katolikoak haren gorpuaren zaintzan gastatutako diru publikoaren berririk ere.

Faxismoa gaitzetsi ez duen herrian bakarrik “garai historikoa” kontsideratzen dute. Faxismoak ideologian, sexuan edota erlijioan oinarritutako gorrotoa sortzen du. Horrela, aurkariak sortzen ditu. Gernika eta gainerako herriak erre izana antifaxistei leporatzea (Berlingo Reichstag-eko kupularen antzera), Europako faxismoa boterera heltzeko estrategia izan zen.

Nazioartean Gernikako erasoa faxistei leporatzean bat eginik, Espainian egia ofizial berria zabaldu da. Dagoeneko ez da «gorriek erre zuten» bertsioa, baina inposatu den egia ofizial berriak gezurraren haziak baditu. Gernika bonbardatzeko helbururik ez zegoela diote eta «alemanei edo italiarrei» eskua joan zitzaiela ondorioztatzen da, bertsio errebisionistak faxisten helburua Errenteriako zubia zela dioelako:

• «Ataque a Gernika» (“El Correo”, 2013/12/12).

• «Errenteriako zubia: Batzar Etxearekin eta arma lantegiarekin batera, zubi txiki hau herriko bonbardaketaren helburu militar izan zen 1937an. Bitxikeria gisa, hiru hauetako bat ere ez zen bonbardaketan txikitua izan». (“Ezagutu Gernika”, Gernika-Lumoko Udalaren webgunea).

Bertsio horrek ez du azaltzen zergatik, Alde Zaharra bonbardatu eta gero (eta ez, zubirik edo Batzar Etxerik), Gernikari sua eman zioten. Errenteria zubia ez zuten erre. Gernikarrak fusilatu zituztenean, ez zuten zubirik fusilatu. Argi dago helburu militarra jendarte zibila zela: faxistek gernikarrak hil gura zituztelako.

Oroimen historikoa berreskuratzen dabiltzan mugimenduek alderdi politikoek landu ez zuten auzi politikoari erreparatu zioten: faxismoari aurre egin ziotenei merezi duten errekonozimendua ematea. Oroimen historikoak jendartearen oniritzia jaso du; errekonozimendu soziala baduela argi dago. Errekonozimendu instituzionala jendartearen bultzadekin etorriko da. Horrenbestez, gertatutakoa ukatu eta gero, hiltzaileak identifikatu ez direnean, egindakoarengatik erantzukizunik eskatu ez bazaie, logikoa dirudi TVE-k “Gernika” margolana bonbardaketarekin lotu ez izana. Ziurrenik, buruzagi politikoen jokabidea da logiko ez dena. •