Jose Angel Oria
Palestina

Israelgo ministro batek uharte artifizial bat eraiki nahi du Gaza hiriaren parean

Israelgo lehen ministro kargura iritsi nahi duen Yisrael Katz ministroak uharte artifizial bat eraiki nahi du Gaza hiriaren parean. Bere proposamenak garbi uzten du potentzia okupatzaileak ez duela palestinarrekin gauza handirik adosteko asmorik eta israeldarren segurtasuna dela bertako politikarien lehentasun bakarra.

Yisrael Katz Israelgo Inteligentzia ministroaren buruan ideia zoro samar bat dabil azken urteotan: indar okupatzaileari horrenbeste lan ematen dion Gazako lursailaren parean uharte artifizial bat eraiki nahi du, bertako azpiegiturak indartu eta potentzia okupatzailearen segurtasuna, palestinarrei ezer esan gabe, bermatzeko. Berak ez dauka palestinarrekin etorkizuna nolabait adosteko inolako asmorik, bi herriak Palestinan bertan bakean elkarrekin bizi daitezen. Nahiago du politikari kontserbadoreak azken hamarkadotan israeldarrek beti egin izan dutena egin eta beste behin egoera jasangaitz bat ezarri. Bakerik ez da kabitzen Katzen buruan.

Inteligentzia Zerbitzuen ministroa Likud alderdikoa da, Benjamin Netanyahu lehen ministroaren formazio berekoa, eta Israelgo hedabideek diote lehen ministro izatera iristea dela bere benetako helburua.

Potentzia okupatzaileak erabat itxita dauka Gazako lursaila 2007az geroztik: itsasoa, lurra zein airea. Uharte artifiziala eraikitzeko ideiak segurtasun arloko buru batzuen babesa badu ere, oraingoz ez dirudi aurrera ateratzeko aukera handirik duenik, baina apusturik ez egitea hobe izango da.

Benetako arazoa estali

Palestinarrek zein benetako bakea lortu nahi dutenek esaten dute Katzek defenditzen duen proiektua benetako arazoak ukitu gabe uzteko beste modu bat baino ez dela, blokeoari amaiera jartzeko aukera aipatu ere ez baitu egiten. Gogoan hartu behar da NBE Nazio Batuen Erakundeak berak exijitu diola Tel Aviveko Gobernuari blokeoari amaiera jartzeko.

Gainera, Palestinan bi estatu eraikitzeko aukera bera ere ahulduko luke uharte berriak, palestinar Estatuak beharko lukeen lurralde albokotasuna (bere garaian Gaza eta Zisjordania lotuko lituzkeen pasabide seguru bat eraikitzeko proiektua aipatzen zen, albokotasun hori lortzeko tresna moduan) lortzea zailduko luke-eta.

Katz ministroak Tel Aviven duen bulegoan uharte artifizialaren maketa bat dauka. Uharte artifiziala Mediterraneo itsasoan eraikiko litzateke, Gazako itsasertzetik bost kilometrora. Itsasoan eraikiko litzatekeen zubi handi batek lotuko lituzke Gaza eta uhartea. Bide hori suntsitzea edo oztopatzea nahikoa izango litzateke potentzia okupatzailearentzat goian aipatutako lurralde albokotasun hori apurtzeko.

Zentral elektrikoa

Uharteak izango lituzkeen 534 hektareatan Gazako herritarrek behar dituzten zerbitzuak eskainiko lituzketen azpiegiturak eraikiko lirateke. Yisrael Katzek aipatu izan du gatzgabetzeko instalazioak eta zentral elektriko bat ere eraikiko liratekeela. Ministroak gogorarazten du lursailak duen zentral elektriko bakarra erabat kaltetuta utzi zuela «2014ko gerrak», hau da, Israelgo Armadak 2014ko udan egin zuen eraso militar basatiak: Israelen «Hegi Babesgarria» izeneko operazioak 50 eguneko iraupena izan zuen eta 2.104 palestinarren (zibilak %80) eta 64 israeldarren heriotza eragin zuen, Gazako milaka etxebizitza eta eraikin suntsitzeaz gain.

Gazako herritarrek geroztik sekulako arazoak izan dituzte argindarrarekin eta edateko moduko ura ere gutxiegi dute, eta kasu askotan kutsatuta egoten da eta gaixotasunak eragiten ditu. «Negu gorri betean, Gazan bizi diren palestinarrak hotzez dardarka daude, argindarrik gabe egoten baitira egunean hogei orduz, egoera okertzen ez denean –genioen GAUR8n urtarrilaren 21eko alean–. Baldintza negargarri horiek salatzeko makina bat protestaldi egin dituzte herritarrek eta Gazako agintariek, Hamas mugimendu islamistakoek, errepresioarekin erantzun dute».

PCHR Giza Eskubideen Palestinako Zentroak egin zituen kalkuluen arabera, ordurako 130 herritar hil ziren energia iturri alternatiboren bat bilatu nahian: baldintza kaskarretan dauden sorgailuen eta kandelen erabilerak eragin zituen istripu gehienak: «Egoera horri aurre egin nahian batzuek gasolina erretzen duten sorgailuak erabiltzen dituzte, baina erregaiaren salneurriak gora egin du eta luxuzko produktu bihurtu da. Beste askok egurra erretzen dute berotu nahian, istripuei eta suteei atea zabalduz».

Gazako jarduera industriala bera ere erabat kaltetu du elektrizitaterik ez izateak. Denda eta establezimendu askok murriztu egiten dituzte beren ordutegiak, egoera negargarri horretara egokitu nahian.

Aireportu berria

Gainera, Likud alderdiko ministroak aireportu bat eraiki nahi du uharte artifizialean. Ez da ahaztu behar orain hogeiren bat urte Gazako lursailak bazuela nazioarteko aireportu bat, Europar Batasunak ordainduta, eta Israelgo Armadak suntsitu egin zuela 2001ean. Zer egingo du Bruselak, beste aireportu bat ordaindu, aurrekoaren suntsiketarengatik Tel Avivi ezer ordainarazi gabe?

Gainera, Katzen irlak zama-portu bat izango luke, Gazako ekonomiak bere produktuak esportatzeko aukera izan dezan. Munduko Bankuak egindako ikerketen arabera, Israelek ezarritako blokeoaren eraginez lurralde palestinarrak ez du ezer esportatzen aspaldi honetan.

Ministroaren proiektua gauzatzeko 5.000 milioi dolar beharko lirateke, orain arte egin dituen kalkuluen arabera. Berak uste du bertako konpainia pribatuek finantzatu dezaketela proiektua.

Yisrael Katz politikari beteranoa da eta behin baino gehiagotan onartu du gobernuburu izatera iritsi nahi duela. Baina ezin esan bera Israelgo lehen ministro bihurtuta palestinarren egoerak hobera egingo duenik, israeldarren segurtasuna baino ez baitu buruan. Horregatik azpimarratzen du uharte berriko portuaren segurtasuna okupatzaileek beren mendean edukitzea dela garrantzitsuena.

Hori bai, uharteak nazioarteko Poliziaren baten egoitza izango omen luke, balizko herritarren haserrealdiren batek potentzia okupatzaileko indarrak arriskuan jar ez ditzan.

«Gaza zuzentzen duen Hamasi Israeli eraso egiteko asmoa kentzeko modua aurkitu behar dugu, palestinarrek beren bizitza bizi dezaten oztopatu gabe», adierazi dio Yisrael Katzek France Presse berri agentziari, palestinar herritarrekin zer gertatzen den garrantzitsua irudituko balitzaio bezala.

Nazio Batuen pronostikoa

Nazio Batuek dagoeneko esan dute egungo egoera aldatu ezean, Gazan hemendik hiru urtera bizitzerik ez dela izango. Beste begirale batzuek nabarmendu dute herritarren frustrazioa gora egiten ari dela etengabe, bizi duten nahaste-borraste politiko zein ekonomikoaren eraginez, eta ezin dela baztertu Gazakoek berriz armen bidea hartzea.

UNCTAD Nazio Batuen Merkataritza eta Garapenari buruzko Konferentziak 2015eko irailean argitara eman zuen txosten baten arabera, azken urteotan Israelek egin dituen eraso militarrek produktuak esportatzeko gaitasuna kendu diote Gazari eta 2014az geroztik barne eskaria asetzeko gauza ere ez da bertako jarduera ekonomikoa. Lehen ere oso ahulak ziren azpiegiturak erabat suntsitu zituzten erasoaldiek eta potentzia okupatzaileak berreraikuntza behin eta berriz oztopatu du. Horregatik, oso bizkor hazi dira pobrezia eta berarekin lotuta dauden fenomenoak. Nekazaritzak 550 milioi dolarreko galerak izan zituen.

Kalte ekonomikoak zenbatzea ezinezko bihurtzen da Gazak bizi duen egoera penagarrian. Esaterako, zenbat balio du hamabost erietxe eta dozenaka osasun-etxe suntsitu izanak eragindako milaka herritar gaixoren tratamenduak?

Gazako herritarrek Israelek ezarritako blokeoa dute iparraldean, ekialdean zein itsasoan. Potentzia okupatzaileak esaten du blokeoa beharrezkoa dela, Hamasek armarik lortu ez dezan. Edo armak ekoizteko gairik eskuratu ez dezan. Hegoaldean, berriz, Israelen morroia dirudien Egiptok Rafah-eko pasagunea itxita dauka.

Omar Chaaban Gazako ekonomialariak uste du ezin dela esan uharte artifizialaren kontua teknikoa denik, «politikoa eta juridikoa baizik»: «Edozein irtenbidek testuinguru politikoa eta akordioa behar ditu, irtenbide hori aplikatzeko garaian atzerritarren gainbegiratzea beharko da-eta. Egia da Israelek bere segurtasuna bermatu nahi duela, baina segurtasun horrek palestinarroi zein eskualde osoari mesede egiten dio».

Tania Hary israeldarra da eta Gisha izeneko gobernuz kanpoko erakundean egiten du lan. Urteak daramatza blokeoa salatzen eta bere ustez Katzen uhartea ez da beharrezkoa, Gazakoen bizimodua eta baldintzak berehala hobetzeko nahikoa izango bailitzateke bere produktuen esportazioari jarri zaizkion mugak kentzea. Gishako zuzendariak galdetzen du ea zein den Inteligentzia ministroaren benetako helburua. Eta bere buruari erantzuten dio: «Gazak isolatuta jarrai dezan ahalbidetzea».

Raji Surani palestinarra da baina bat dator Hary israeldarrarekin. Gazako Giza Eskubideen Palestinar Zentroko zuzendariak adierazi du tankerako proiektuek ez dutela ezer konponduko, onartzeko moduko irteera bakarra blokeoari eta dagoeneko 50 urteko iraupena duen lurralde okupatuen okupazio militarrari amaiera ematea baita. Suranik nabarmentzen du Gazako herritarrak blokeoarekin, gerrarekin, langabeziarekin eta pobreziarekin nazka-nazka eginda daudela, eta «gizaki normalek bezala bizi nahi dutela, besterik gabe».

Ur kutsatua edateak gaixotutako herria

Gazako lursaila basamortuaren eta itsasoaren artean harrapatuta dago. Oso euri gutxi egiten du eta egiten duenean sortzen diren ubideak baino ez ditu (ez dago ibairik).

Erreserba freatikoari (lurpean pilatutako ura) ur gehiegi kentzen zaio gizakion jardueren eraginez, eta itsasoko ura sartzen denez geruza freatikora, gazitasunak gora egiten du. Gainera, kutsadura kimikoa zein mikrobiologikoa erantsi behar dira. «Geruza freatikoko uraren %97 ez da edateko modukoa gatz gehiegi baitu, inoiz ezagutu ez dugun gazitasun maila», Munther Shoblak Gazako ur konpainiako zuzendariak esplikatu duenez.

Geruza horretako ura kontsumitu beste erremediorik ez dute herritar gehienek. Horretarako etxeko kanila ireki behar dute (tutueria oso zaharkituta dago), edo putzuren bat egin. Edonola ere, ur garbirik ez dute lortuko eta herritar asko gaixotu egingo dira. «Giltzurrunetako gaixotasunen batek jotako pazienteen kopuruak %14ko hazkundea izaten du urtean», Abdallah al Qishaui Gazako Shifa ospitaleko Nefrologia departamenduko buruak azaldu duenez. Giltzurrunetako arazo horiek tentsio arterial altuak, diabetesak eta gaixotasun hereditarioek eragiten badituzte ere, «uraren kutsadurak ere zerikusirik baduela ezin da ukatu».

Beste erremediorik ez dutelako erabiltzen dute kutsatutako ura Gazako herritarrek. Sukaldean, arropa garbitzeko eta nekazaritzan ere ur gazi samarrarekin aritu behar izaten dute. Luxuzko hoteletan ere dutxak ur gazia eskaintzen du.

Kanilak ur gazikara ematen du eta erabili aurretik irakiten jarri behar dute. Gainera, behin baino gehiagotan kanilak ez du ezer ematen, likido gehiena bidean galtzen baita, tutueria egoera negargarrian dagoelako. Batzuek putzuak egitea erabakitzen dute eta lortutako ura zisternatan gordetzen dute. Baina hori egiteko ere argindarra behar izaten dute.

Sami Lubad Osasun Ministerioko Ingurumen arduradunak esplikatu du kutsadurak eragiten duela geruza freatikoan kloruroen eta nitratoen mailak gora egitea. Jaioberrietan sortzetiko zianosia edo «gaixotasun urdina» eragin dezake eta ume horrek gero minbizia jasateko aukera gehiago izango ditu, Adnan Aish irakasleak esan duenez. Kutsadura mikrobiologikoa nekazaritzatik eta hondakin-uretatik sortzen da. Kimikoa, aldiz, pestizidetatik eta eraso militarrek utzitako metal astunetatik. «Berunak eta sufreak, batez ere, giltzurrunetako arazoak eragiten dituzte», Qishaui doktoreak jakinarazi duenez.

Arazo horiek saihestu nahian, herritarren bi heren inguruk konpainia pribatuei erosten diete ura: euro erdia, 16 ur litroren truke, Unicef erakundeko June Kunugik azaldu duenez. Baina ur hori gatzgabetua izaten da eta normalean kutsatuta egoten da.

Hiru herritarretik bat, drogazale bihurtuta

«Sekulako fenomenoa da, eta izugarria», adierazi berri du Eyad al Bozom Gazako Barne Ministerioko eledunak legez kontrako drogen kontsumoak azken bolada honetan izan duen hazkunde paregabearen harira. Berak emandako datuen arabera, aurtengo urtarrilean iazko hamabi hilabeteetan baino droga gehiago konfiskatu du Hamasek zuzentzen duen Poliziak. Horregatik, ezinbestekotzat jo du narkotrafikatzaileei zigor gogorrak ezartzea, «herriari eta beren buruari egiten dieten kaltearengatik».

Gaza aire zabaleko espetxe handi bat dela esan izan da eta bertan gertatzen diren fenomenoek ere kartzeletan izaten direnak ekartzen dituzte gogora. 340 kilometro koadroko eremua blokeatuta dauka Israelek, eta bertakoek, gazteek batez ere, gero eta ilunago ikusten dute geroa. Horri leporatzen diote hiru herritarretik bat drogazale bihurtu izana.

Ahmadek 29 urte ditu eta ezkonduta dago. Ia lau urte daramatza Tramadol izeneko botika kontsumitzen, hau da, morfinaren tankerako analgesiko opioidea, min-kentzaile hori hartuz gero hobeto sentituko zela esan baitzion lagun batek. «Gure egoera beldurgarria da eta era honetan Gazan bizitzea oso zaila da», esan dio Efe agentziako kazetariari abizena eman nahi ez duen gizonak. Haren iritziz, errealitate gordina horrenbeste sufritu nahi ez duten gazteek hartzen dute Tramadol kontsumitzeko erabakia. Ahmad PAN Palestinako Aginte Nazionaleko polizia zen Hamasek 2007an agintea hartu zuen arte. Lanik gabe geratu zenean hasi zen analgesikoak hartzen. Une honetan mendekotasun hori atzean uzten saiatzen ari da, gibela eta giltzurrunak kaltetuak baititu.

Gazan ia ez da publikoki hitz egiten drogazaleei buruz. Psikiatrek diote populazioaren zati handi bat dela gaur egun drogaren bat hartzen duena. Ibrahim Zaqout psikiatrak nabarmendu du azken lau urteotan ikaragarri hazi dela Tramadol bezalako drogen kontsumoa eta berak egin dituen kalkuluen arabera, populazioaren %35 da drogazale.

Gaza blokeatuta dagoenez, Egiptoko mugaren azpian eraikitako tuneletatik barrena iristen dira legez kontrako drogak bertara. Hamasek berak bultzatu zuen tunel horien eraikuntza, herritarrek behar zituzten oinarrizko produktuak eta erresistentziak ezinbesteko zituen armak lurraldera sartu ahal izateko.

Garai batean 1.400 tunel edukitzera iritsi ziren, baina Egiptoko agintariek suntsitu egin dituzte gehienak. «Egiptotik Gazara tuneletatik barrena iristen ziren produktuen kontrolik ez zegoen eta horri esker droga kantitate handiak sartu ziren», esplikatu du medikuak.

Zergatik hazi da kontsumoa? Ibrahim Zaqoutek garbi dauka Gazakoen «bizi baldintza gogorrek» eragin dutela fenomenoa: pobrezia eta langabezia tasa altuak eta geroari buruzko itxaropen guztiak galdu izanak. Gainera, Israelek ez du bere jarrera aldatzeko asmorik eta Al Fatah eta Hamas alderdien arteko tentsioak bere horretan jarraitzen du. «Faktore horiek guztiek bultzatzen dute herritarra kontsumitzera», dio.

Orain aste batzuk Hamasek eratutako auzitegi militar batek heriotza zigorra ezarri zien bi narkotrafikatzaileri, aurrekaririk ez zuen gertaera. Horietako bat preso zuten Gazan bertan, eta bestea Israelera ihes eginda zegoen. Nasser Suleiman Gazako auzitegi militarreko buruak jakinarazi zuen beste 30 lagunen aurkako prozesuak ere abian jarri dituztela.

Asteotan drogaz betetako bi kamioi konfiskatu dituzte Hamasek eratu dituen segurtasun indarrek. Ahmed al Qedra drogen aurkako poliziaburuak indar okupatzaileari egotzi dio Gazan horrenbeste droga egotea. Bere tesiaren arabera, itsasoz ekartzen dituzte eta helburua litzateke palestinarrek erresistentzian esku har ez dezaten. Garai bateko Euskal Herrian bezala.