joseangel.oria@gaur8.info
ARMA ATOMIKOAK

Hiroshima hirian 1935ean grabatutako bideo bat eman dute ezagutzera

Bihar beteko dira 72 urte estatubatuarrek, Truman presidenteak aginduta, bonba atomiko bat lehen aldiz hiri baten aurka bota zutenetik. Sarraskia izugarria izan zen eta ia erabat estali zuen Japoniako Hiroshima hiriko ordura arteko bizitza. Orain ezagutzera emandako bideo batek biktima haien inguruko hutsunea betetzen laguntzen du.

Hiroshima 1945eko abuztuaren 6an estatubatuarrek botatako bonba nuklear batek erabat suntsitu zuen. Behin baino gehiagotan aritu izan gara GAUR8n aire eraso izugarri haren ondorioen inguruan. Baita bonbardaketaren protagonistei buruz ere. Baina biktimak kopuru soil bat izatetik ez dira inoiz pasa: 80.000 hildako egun hartan bertan, eta milaka gehiago hurrengo hilabeteetan, 166.000 hildakora iritsi arte.

Hiroshimako Bakearen Memorialak (Genbaku Dome bezala ere ezaguna) hiriak bonbardaketa atomikoa baino hamar urte lehenago zuen bizitza erakusten duen bideo bat plazaratu berri du, biktima horiek zertxobait hurbiltzeko. Orain arte ikusgai egon ez den lana zuri-beltzean egina dago eta hiri bizi bat erakusten digu: herritarrak paseatzen, tranbiara igotzen, arrantzan edo azokan erosketak egiten; emakumeak kimonoak jantzita eta gereziondoak loretan, Japonian udaberria da-eta.

Bideoa ikusita hobeto ulertzen da Harry S. Truman AEBetako presidenteak agindutako bonbardaketarekin zer galdu genuen. Aldi berean, ulertezinago egiten da gaur egungo munduan gero eta herrialde gehiagok arma atomikoak izatea.

Alejandro Nadalek Sinpermiso webgunean argitaratutako testu baten arabera, 1945eko uztailaren 16an Mexiko Berrian lehenengo bonba leherrarazi zutenetik, 2.000tik gora leherketa egin dira munduan: leherketa nuklear bat hamabi egunetan behin, azken 70 urteotan, beste modu batera esanda. Leherketa horietako 528 atmosferan egin ziren, erradiazioa bazter guztietara zabalduz. Egun munduan 4.120 bonba nuklear daude erabiltzeko prest eta adituek diote beste 16.000 inguru daudela nolabait gordeta, «badaezpada».

Seto itsasoaren ertzeko tokia

Daimyō-ak antzinako Japoniako lurralde baten agintariak ziren, nobleak. Enperadorearen izenean gobernatzen zuten eta samurai-armadak izaten zituzten beren mende. Asano Nagaakira samuraiari Hiroshimako feudoa eman zioten XVII. mendearen hasieran, ordura arte enperadorearen alde egindako guztiarengatik (Osakako setioan 42 etsairi moztu omen zien burua).

Bertako historia liburuek diote hiriaren urterik oparoenak haiexek izan zirela, 1619tik 1632ra bitartekoak, Asano Nagaakira daimyō-aren agintaldikoak: gatazka handirik ez zen izan eta Mori Terumotok Seto itsasoaren ertzean 1589an sortutako tokian makina bat jarduera garatu ziren.

XIX. mendeko Meiji Iraultza iritsi arte, Nagaakiraren ondorengoek agindu zuten Hiroshiman. Japonia gizarte feudal isolatua izatetik gizarte moderno izatera pasatzea eragin zuen Meiji aroan sekulako aldaketak ezagutu ziren gizarte egituretan, barne politikan, ekonomian, indar armatuetan zein kanpo harremanetan. Hiroshima bera ere goitik behera aldatu zen, eta 1889ko apirilaren 1ean “hiri” izendatu zuten.

Japoniako hegoaldeko hirian termometroa nekez jaisten da zero graduetatik urte osoan eta udako egun batzuetan 30 graduetatik gora ibiltzen da. Euri asko egiten du, eta, tarteka, urtean zazpi egunetan batez besteko datuen arabera, elurrak zuritu egiten du Hiroshima.

Bilakaera demografikoa

2014ko erroldaren arabera 1.184.208 biztanle ditu. Metropoli eremuak, berriz, 2.064.536, Japoniako 7. metropoli eremu handiena. Mazda Motor Korporazioak bertan du bere egoitza nagusia.

Orain 107 urte, 1910ean, Hiroshimak 143.000 biztanle zituen, eta, Bigarren Mundu Gerra hasi aurretik, 360.000: ia hirukoiztu egin zen populazioa hamarkada haietan.

AEBetako Armadak lehen bonba atomikoa hiriaren gainean leherrarazi ondoren, populazioa 137.197 lagunera jaitsi zen. Hamar urte behar izan zituzten populazioa gerra aurreko kopuruetara itzul zedin.

1935eko Hiroshima azaltzen digun bideoa egileak berak, Genjiro Kawasakik, eman zion Hiroshimako Bakearen Memorialeko Museoari 1963an, baina orain arte lana digitalizatu gabe eduki dute. «1945eko abuztuaren 6a baino lehen grabatutako material askorik ez dago, bonbak gauza guztiak suntsitu baitzituen. Erabat eta betiko galdu aurretik, geure historiaren zati hori berreraiki nahi genuen», esplikatu du Kenji Shiga Bakearen Museoko zuzendariak.

Hiru minutuko iraupena baino ez duen lanak Hiroshima hiriko erdigunea azaltzen digu, 1935eko apirileko egun batean. Herritar ugari beroki lodiak jantzita ageri da, fresko dagoen seinale. Emakume guztiak kimonoa daramate, baina gizonen artean Mendebaldeko jantzi ugari ikusten da, gorbata eta guzti. Ume batzuk laneko uniformea jantzita jartzen dira kameraren aurrean, lanpostua pixka batean alde batera utzita. Oso aldapa gutxiko hiria denez, herritar asko bizikletaren gainean, ziztu bizian, ageri dira, Herbehereak izango balira bezala. Tranbia (gidaria zutik doa aurreko aldean) bera ere aurreratzen dute txirrindulariek. Hatchobori izeneko merkataritza barrutian grabatutako irudiak dira.

Tranbia eta metroa

Gaur egungo Hiroshiman ere tranbia da garraio publikoaren zutabe nagusia, 1935ean zen bezala. Hiroshima Electric Railway 1910ean sortutako konpainiak kudeatzen du zerbitzua. Japoniako hiri gehienetatik desagertu zen tranbia 1980ko hamarkadan, baina Hiroshiman eutsi egin zioten, bertan metro bat eraikitzea oso garestia izango zela-eta. Izan ere, Hiroshima ibai baten deltan egoteak ikaragarri zailduko luke bertan metroa eraikitzea eta mantentze lanak ere izugarriak izango lirateke. Beste hirietan erabilerarik gabe geratu ziren tranbiak Hiroshimak erosi zituen. Herritar batzuek “museo ibiltari” deitzen diete ibilgailu horiei. Hori bai, bideoan ageri diren herritarrak presaka igo eta jaisten dira tranbiatik, gaur egun Tokio hiriburuko metroan gertatzen den moduan. Gauza batzuk ez dira hain erraz aldatzen.

Issey Miyake diseinatzaile ospetsuak 7 urte besterik ez zituen bonba atomikoak bere jaioterria suntsitu zuenean. “Yomiuri” egunkariari esplikatu zion urte askotan ezkutatu egin zuela haurtzaroan jasan behar izan zuen tragedia. Erradiazioak gaixotasun larri bat eragin zion eta ebakuntza egin behar izan zioten. Ia 80 urte zituela kontatu zituen gauza horiek lehen aldiz: «Ez nuen bonbardaketa hura neure porrotak justifikatzeko erabili nahi».

Miyake eskolan zegoen 1945eko goiz tragiko hartan. Bere etxea leherketaren epizentrotik bi kilometro eta erdira zegoen, gertuegi gauza onerako. Biharamunean bere etxera iristea lortu zuen: ama aurkitu zuen, erredura larriak zituela. Handik lau urtera medikuek umeari diagnostikatu zioten periostioaren inflamazioa. Ebakuntza batek egin zuen miraria: Issey salbatu egin zuten. Berehala hil zitzaion ama.

«Mundua aldatu»

Bere diseinatzaile karreran lehen urratsak egiten lagundu zioten lagun asko ere erradiazioaren eraginez hil ziren. «Neronek ere ez nuela askorik iraungo pentsatu nuen, eta 30 edo 40 urte bete aurretik buruan nituen gauza guztiak egin beharko nituela, bonbardaketaren aitzakiaren atzean ezkutatu beharrean. Horrela bizitzea erabaki nuen», onartzen du bere bizitzaren azken kapitulua hasita duela.

Zergatik erabaki zuen azkenean bere esperientzia kontatzea? «Eraso nuklear hura ezagutu zutenek gertatutakoaz hizketan hasiz gero, geure mundua zertxobait aldatzeko aukera ikusten dut».

Zientzia eta krudelkeria

Bigarren Mundu Gerran Japoniako makina bat hiri bonbardatu zituzten estatubatuarrek, baina Hiroshima errespetatu egiten zuten, nahiz eta etsaien Armadak erabiltzen zuen portu garrantzitsu samar dat eduki. Begirale batzuek adierazi dute Hiroshima propio eduki zutela gehiegi zigortu gabe, bonba atomikoa erabiltzean haren ondorioak hobeto neurtu eta aztertu ahal izateko. Krudelkeria, armagintzako zientziaren izenean.

Michiciko Hachiya Hiroshimako ospitaleko medikuak oso lekukotasun esanguratsua eskaini zion “Hiroshimako egunkaria” kazetari 1945eko egun hartaz: «Goiz zen eta eguna bero eta eder zegoen (...). Kamiseta eta prakak jantzita, egongelako lurrean etzanda nengoen, neke-neke eginda, gau osoan ospitalean guardian eman eta gero lorik egin gabe nengoelako. Halako batean, argitasun itsugarri batek ikaratu egin ninduen (...). Lorategiko itzalak joan egin ziren, eta une batez argi oso bizi eta distiratsua izan ostean, iluntasun handia etorri zen (...). Ustekabean konturatu nintzen guztiz biluzik nengoela. Hura gauza arraroa! Non zeuden nire kamiseta eta jertsea? Zer gertatu ote zen? Gorputzeko eskuinaldean ebakiak eta odola nituen; ezpal zati bat neukan aldakan sartuta eta gauza bero bat etorri zitzaidan ahora. Masailean zauria nuen eta kristal zati handi bat saman sartuta (...). Gure etxea dardarka hasi eta goitik behera jausi zen hauts lainoa harrotuz (...). Sua zabaltzen zihoan eta haize erregarria altxatu zuen (...). Giza itzal batzuk hara eta hona zebiltzan txorimaloen antzera, oinazean zeudela igartzen zitzaien eta besoak gorputzetik aparte zeramatzaten. Pertsonok estutu egin ninduten erreta zeudela konturatu nintzen arte, besoak aldenduta zeramatzaten larru bizian zituzten aldeak ez ukitzeko. Egia esan, denok genuen antzekotasun bat. Isil-isilik egotea».

Hiroshimaren ondoren, Nagasaki ere suntsitu zuten AEBek.