Sebastian SMITH (Afp)
BRASIL

Arrazista baten erasoak heroi bihurtu du Rion lan egiten duen egiptoar etorkina

Brasil herrialde eredugarria da gerretatik ihes egiten ari diren pertsonak hartzeko garaian, nahiz eta Temer presidenteak atzera egiteko borondatea azaldu duen. Rio de Janeiron kale-saltzaile batek jasandako erasoa grabatu egin zuen neska batek eta orain bertako agintariek ere lagun moduan eduki nahi dute erasotako egiptoar etorkina.

Eraso arrazista bati buruzko bideo batek brasildar asko hunkitu zituen eta gaur egun instituzioek irudi haiek erabiltzen dituzte errefuxiatuen egoerari buruzko kanpainak eta ekimenak aurkezteko, Rio de Janeiroko Gobernuak “Rio beso zabalik” programaren berri emateko abuztuaren 17an egin zuen moduan. Erasoaren biktima heroi bihurtu da eta «siriar errefuxiatu» deitzen diote, ez siriarra ez errefuxiatua ez den arren.

Brasilgo agintarien errefuxiatuekiko jarrera eredugarria izan da azken urteotan, batez ere Lularen eta Dilma Rousseffen agintaldietan, Nazio Batuek eta begirale askok onartu izan dutenez: Siriako gerra atzean utzi nahian Latinoamerikara iritsi diren errefuxiatu gehienak herrialde erraldoiak hartu ditu, Brasiliak berehala onartzen baitie errefuxiatu estatusa, nahiz eta iheslariak bere jaioterria zein den frogatzeko dokumenturik ez izan. Michel Temer egungo presidenteak, hori bai, zertxobait atzera egitea erabaki du.

Nabarmentzekoa da Brasilgo agintariek jarrera hori hartu zutela ordura arteko arazoak giza eskubideen aldeko elkarteek salatu ondoren: enbaxadetara bisatu bila joan ziren siriar askok oztopoak baino ez zituzten aurkitzen, eta Gobernuak asiloa eskatzen duten guztiei emateko agindu zuen.

Beste herrialde batzuetan hedatu den xenofobia bolada Brasilera ere iritsi al da? Tankerako galderak egin zituzten abuztuaren 3ko erasoaren irudiak ikusi zituzten herritar askok.

Egun horretan Mohamed Ali Abdelmoatty Kenawy 33 urteko kale-saltzailea arabiar pastelak eta hummus errazioak eskaintzen ari zen Copacabanan, bere karroa hartuta. Halako batean, gizonezko handi eta burusoil bat hurbildu zitzaion eta garrasika hasi: «Alde nire herrialdetik». Kenawy saltzailearen ondo-ondoan jarri zen ondoren: «Brasildarra naiz eta umeak hiltzen dituzten gizon-bonba miserable horiek nire herrialdea inbaditzen ari dira».

Orain hiru urte Brasilera iritsi zen Kenawy egiptoarra argala da, betaurrekoak erabiltzen ditu eta burua ile beltzak estaltzen dio. Tankerako erasoei aurre egiten ohituta egongo balitz bezala, ez zion kasurik egin erasotzaileari eta hark lurrera botatako produktuak jasotzen hasi zen, apal-apal.

Zalapartaren eraginez, herritar asko bertaratu zen, zer gertatzen ari zen jakin nahian. Beatriz Bastos de Souza 19 urteko neska tartean zen. Egoera ikusi eta ulertuta, esku hartzea erabaki zuen. Erasoa grabatu zuen. «Gizon hura karroari ostikoka hasi zen, eta gero Mohamed bera egurtu zuen. Hiruzpalau gizon zeuden jarrera berberarekin eta ni haien erdian sartu nintzen, gelditzeko eskatuz», esplikatu du gazteak.

Gertaerak oso triste utzi zuen kale-saltzailea. Bi egun egin zituen Copacabanako puntu hartara azaldu gabe. «Gizon horrek nire karrotxoa puskatzeaz gain, nire zoriontasuna ere apurtu zuen», adierazi dio France-Presse agentziari.

Beatriz Bastos de Souza erasoa salatzeko modukoa zelakoan zegoen eta Poliziarengana jotzeko proposatu zion erasotako gizonari. Kenawyk ezetz esan zion, baina neskak bereari eutsi zion: berak eraman zien bideoa agenteei. «Grabatutakoa ezabatzeko esan zidaten, ez nuela ezer lortuko».

Polizien jarrera ikusita, estrategia aldatzea erabaki zuen. Globo telebista katera bidali zuen grabazioa, Brasilek duen katerik handienera alegia. Baina erantzun bera jaso zuen.

Geroxeago sarean informazioa eskaintzen duen enpresa txikiago bati entregatu zion bideoa, eta hark Internetera igo zuen. «Bat-batean, nire bideoa bazter guztietan zegoen». Sekulako eragina izan zuten irudiek, miraria gertatu izan balitz bezala. Handik ordu batzuetara Kenawy elkarrizketatu zuten Globo katekoek eta milaka lagunek kanpaina bat antolatu zuten Facebook sare sozialean egiptoarraren hummus eta pastelak erosteko asmoarekin.

«Ohorezko herritar»

Marcelo Crivella Rioko alkateak berak kale-saltzaile lizentzia eman zion, herritar askok biziki nahi izaten duten dokumentua. Abuztuaren 24an Rioko Parlamentuak hiriko «ohorezko herritar» izendatu zuen. «Banekien brasildarrak oso adeitsuak direla, baina hau ikusi ondoren…», adierazi zuen Kenawyk, erabat hunkituta. «Sentitzen dudana adierazteko gai ez naiz».

Geroztik herrialdeko hedabide askoren arabera egiptoarra tolerantziaren ikur bihurtu da: Siriako gerratik bizirik atera den pertsona moduan aurkezten dute kasu askotan, eta bera era bortitzean tratatzen dutenean, kolpea itzultzea baztertzen duen horietakoa dela. «Brasilera babes bila etortzen diren pertsona guztien bake eta oparotasun nahia erakutsi zituen», esan zien kazetariei Wanderson Nogueira zinegotziak, Kenawy saritzea bultzatu zuen politikariak.

Copacabanan Kenawy jartzen den izkina herritar askok bisitatzen du gaur egun. Batek alde egitean, ez dira bost minutu pasatzen hurrengoa ikusterako. Batek argazkia egin nahi du heroi berriarekin, besteak «Zorionak Mohamed» oihukatzen dio autotik jaitsi gabe.

Mohamed Ali Abdelmoatty Kenawy lan egin beste erremediorik ez duen etorkin pobrea da, ez «siriar errefuxiatua».

Egia da bere familiak jatorri siriarra duela, baina bera egiptoar herritarra da, Afrikako herrialdean bere jatetxea itxi behar izan ondoren aurrera egin nahian bizilekuz aldatzea erabaki zuena. Gainera, Brasilen ez zuen asilo politikoa eskatu beharrik izan, bertako emakume batekin ezkondu baitzen. Hiru hilabeteko semea dute. Horrela lortu zituen herrialdean arazorik gabe bizi ahal izateko baimen guztiak.

Riora iristean, hasiera batean mahai txiki bat erabiltzen zuen bere pastelak saltzeko, karro bat lortu zuen arte. Orain food truck (gurpil gaineko jatetxea) propioa zabaltzearekin egiten du amets.

Kenawy ospetsu egin zuen erasoa ez zen islamofobia kasu bat izan, kontrakoa zabaldu bada ere. Basatia eta arrazista izan bazen ere, bertako hedabideek jakinarazi dute kale-saltzaileen arteko liskarrekin duela zerikusia. Beatriz Bastos de Souza gazteak adierazi du bertako mafia bati enbarazu egiten ziola Kenawyk. Bere bertsioaren arabera, egiptoarraren karroaren inguruan zebilen oinezko bati ez zitzaion justua iruditu izkina hartan herrialdera iritsi berria den pertsona bat egotea, ordura arte saltzaile brasildarrak egon ondoren. «Brasildarrak kanporatu egiten dituzte, hori justua dela esango didazue?», galdetu omen zuen gizonak.

Baina istorioaren xehetasunen gainetik, atzeraldi ekonomikoarekin, ustelkeriarekin eta indarkeriarekin nazka-nazka eginda dauden brasildarrentzat maitagarri-ipuin zoragarria izan da etorkinarena. «Gertatutakoa Brasilek dituen bi aurpegien erretratu bat izan da: Brasil eroso eta maitagarria alde batetik eta aurreiritziz betetako Brasil bestetik», esan du Juli Mariano 50 urteko abeslariak, Kenawyri elkartasuna adierazteko pastel bat erosi ondoren.

Errefuxiatuei laguntza emateko zentroa sortuko dute Rio de Janeiron

Errefuxiatuekiko jarrera eredugarria izan da azken urteotan Brasilen, batez ere PT Langileen Alderdiko agintarien erabakiei esker. Orain agintean dagoen Michel Temer presidente eskuindarrak atzera egiteko asmoa iragarri du, siriar iheslariei dagokienez behintzat. Justizia Ministerioaren Conare Errefuxiatuentzako Batzorde Nazionalak 2015eko irailean erabaki zuen siriarrei bisatu humanitario bereziak emateko programaren iraupena bi urtekoa izango zela. Orain amaituko litzateke, beraz. Asteotan jakingo dugu jarraipenik izaten duen ala ez.

Temer iritsi aurreko agintariek Alemaniako enbaxadorearekin adostu zutenez, Brasilek Siriako 100.000 errefuxiatu hartuko lituzke bost urteko epean. Erabakiak Dilma Rousseff garaiko presidentearen argi berdea zuen. «Brasilek errefuxiatuekiko ateak zabalik edukitzeko politikari eutsi dio. Kopurua txikia da oraindik –esan zuen orain bi urte Andres Ramirez ACNUR Nazio Batuen Erakundeko Errefuxiatuen Laguntzarako Agentziako arduradunak–, baina mundu osoak hartu behar lukeen bidea da, eredugarria zalantzarik gabe».

Brasiliak esaten duenaren zain egon gabe, lurralde batzuek gerra utzi nahian ihes egiten dutenei laguntzeko tresna eraginkorrak jartzen dituzte abian. “Rio beso zabalik” programa litzateke adibiderik argiena: bertako Gobernuak oinarrizko dokumentazioa lortzeko eta hezkuntza sisteman eta lan merkatuan sar daitezen iheslariei eta migratzaileei laguntzeko abian jarritako mekanismoaren izena da. Atila Nunes Emakumeekiko Politikarako idazkariak jakinarazi zuen hasiera batean hezkuntza dela lehentasuna, batez ere portugesa erabiltzen ikas dezaten iritsi berriek.

Angela Vasconcelos irakasleak nabarmendu zuen errefuxiatuek beren herrialdeetako unibertsitateetan lortutako tituluak Brasilen baliozkotzat jotzea oso zaila, konplexua eta garestia izaten dela, baina bide horretan saiatu behar dela, gerratik ihes egindakoek duintasunez bizitzeko aukera izan dezaten.

Latinoamerika oso urruti dago Ekialde Hurbileko gerretatik ihes egiten dutenentzat. Hala ere, ACNUR Nazio Batuen agentziaren arabera, bost urteko epean 5.413 siriar iritsi dira Latinoamerikara, horietako %87 Brasilera. Iaz %12 behera egin zuen herrialdean errefuxiatutzat jotako lagunen kopuruak.

2016ko abenduan Brasilek 9.552 errefuxiatu zituen erregistratuta, 82 herrialdetatik etorritakoak. Iaz iritsi ziren lagunei dagokienez, Siriakoak ziren gehienak (326 pertsona); eta beste 189, Kongoko Errepublika Demokratikokoak. Pakistan (98), Palestina (57) eta Angola (26) ageri dira hurrengo postuetan. Nazio Batuen agentziak nabarmendu du Venezuelatik ihes egiten dutenen kopurua ikaragarri hazi zela iaz.

«Brasilek oso zeregin garrantzitsua izan du Latinoamerikan errefuxiatuen eskubideei dagokienez. Asilo sistema eraginkor samarra izateaz gain, inguruko herrialdeek tankerako politikekin bat egin dezaten ahalbidetu duelako», esplikatu du Karina Sarmiento Asylum Access gobernuz kanpoko erakundeko zuzendariak.

Latinoamerikaren historia bera egon daiteke jarrera horren atzean. Diktadura militarrek eta Guatemala, El Salvador edo Kolonbia bezalako herrialdeetako gatazkek aurreko mendean milaka lagunek ihes egin behar izatea eragin zuten. Estatuek 1984an Cartagenako Adierazpena sinatu zuten, gaur egun begirale guztiek goraipatzen duten dokumentua, errefuxiatuei tratu duina emateko oinarriak ipintzen dituelako.

Gainera, arabiar jatorriko herritar asko ditu Brasilek: bi milioi inguru. XIX. mendeko azken urteetan eta XX. mendeko lehen hamarkadatan iritsi zirenen ondorengoak dira. Gaur egun, siriar eta libanoar jatorriko lagunez osatutako elkarteek laguntza eskaintzen diete iritsi berriei eta lanposturen bat aurkitu dezaten ere saiatzen dira. «Hil arte Brasilen geratuko naizela esango nuke», adierazi zuen Bu Suleiman siriarrak Ameriketako herrialde erraldoiak eskainitako bizi baldintzak ikusi ondoren.

Hori bai, Libanoko, Turkiako edo Jordaniako errefuxiatu kanpaleku batetik Brasilera joateko baimena eta hegazkina ordaintzeko dirua lortzea ez dago guztien esku. Ingeniariak, botikariak, medikuak, doktoretza duten pertsonak edo prestakuntza maila altuko pertsonak dira iristen direnetako asko. Ulertzekoa denez, arazoak izaten dituzte besazpian daramaten titulua baliozkotzat jotzeko garaian. Baina kasu gehienetan Europan daudenak baino hobeto daude.