Amagoia Mujika Telleria
Entrevista
Lierni Txintxurreta
EHU-ko farmazia graduatua

«Antibiotikoak oker erabili ditugu eta armarik gabe geratzen ari gara infekzio batzuen aurrean»

Antibiotikoen etorrerarekin bakterioen infekzioei aurre egitea lortu zen, hainbeste gaixotasun eta heriotza geraraziz. Bakterio askok, baina, antibiotikoei aurre egiten ikasi dute, modu okerrean erabiltzearen ondorioz.

Antibiotikoekiko erresistentzia osasun publikoko arazo larria bihurtzen ari da, munduko osasuna, elikadura segurtasuna eta garapena arriskuan jartzen dituena.

Halaxe ohartarazi du Osasunaren Mundu Erakundeak azken urteotan. Antibiotikoekiko erresistentziak edozein pertsonari eragin dakioke, bere adina eta bizitokia edozein izanda ere. Eta berez fenomeno naturala den arren, antibiotikoen erabilera okerrak –bai pertsonetan, bai animalietan– bizkortu eta areagotu egin du nabarmen. Adituek ohartarazi dutenez, gero eta gaixotasun gehiagoren tratamendua zailtzen ari da –pneumonia, tuberkulosia eta gonorrea kasu– antibiotikoek horien kontra eraginkor izateari utzi diotelako.

Gai horri tiraka osatu du Lierni Txintxurretak (Donostia, 1994) bere gradu amaierako lana eta ondorio bat jarri du mahai gainean: «guztion lana da antibiotikoekiko erresistentzia prebenitzea».

Zergatik aukeratu duzu gai hori zure ikerketarako?

Gaurkotasun handia daukan gaia da eta oso interesgarria horregatik. Gainera, arlo mikrobiologikoa betidanik interesatu izan zait eta gaiak aukera ematen du bakterioen jokabidea behatzeko. Azkenik, gizarteari begira, garrantzitsua iruditzen zait antibiotikoekiko erresistentziaren gaia mahai gainean jartzea, abisu bat ematea. Antibiotikoei errespetua galdu diegu orokorrean eta horrek arazo larriak dakartza. Oso garrantzitsua da erabilera okerrak baztertzea.

Arlo mikrobiologikoa aipatu duzu. Nola egiten dira bakterioak erresistente?

Sinple esanda, bakterioek badituzte erresistentziak garatzeko mekanismoak. Antibiotikoen erabilera okerrak mekanismo horiek martxan jartzen ditu eta erresistentziak azkarrago garatzen dira. Berezkoa den prozesua bizkortzen ari da antibiotikoen erabilera okerra dela-eta. Gainera, erresistentzia horiek transmititu egiten dira bakteria batetik bestera, eta fenomenoa zabaldu egiten da. Nolabait, bakterio batzuek besteei erakutsi egiten diete erresistente izaten.

Esaten da antibiotikoak existitu aurreko garaira bueltatzeko arriskua dagoela. Aro postantibiotikoa ere aipatzen da.

Antibiotikoen aurkikuntza oso garrantzitsua izan zen zalantzarik gabe. Aurkikuntza horri esker, gaixotasun edo infekzio askori aurre egitea lortu zen. Ordura arte, ez zegoen infekzioen kontrako tratamendurik eta jende asko hiltzen zen. Orain, berriz, antibiotiko askok eraginkorrak izateari utzi diote eta berez hain larriak ez diren gaixotasunak larriagotu egin dira, pazientearen bizitza arriskuan jartzeraino. Nolabait, biluzik geratzen ari gara bakterio batzuen aurrean, armarik gabe infekzio batzuen aurrean.

Antibiotikoen erabilera okerra aipatu duzu.

Bai erabiltzaileen aldetik bai profesionalen aldetik ematen da hori. Batzuetan gertatzen da profesionalek ondo ez erabiltzea, ondo ez preskribatzea. Beste batzuetan, berriz, nahiz eta medikuak ondo erabili, pazienteak erabiltzen ditu gaizki. Askotan medikuak agindu gabe hartzen dira antibiotikoak, etxean gordeta dauden horietatik. Aurreko infekzio baten aurrean funtzionatu zizunez, berriz hartzen duzu soberan geratutakotik, medikuaren agindurik gabe. Beste askotan, medikuak zortzi egunez hartzeko agindu arren, laugarren egunean uzten dio pazienteak, hobeto sentitzen delako, eta ez du tratamendua egoki amaitzen. Ohitura horiek oso zabalduak daude, eta, nahiz eta desegokiak direla jakin, jende askok egiten ditu horrelakoak.

Duela urte batzuk farmazietan eros zitezkeen, errezeta gabe.

Bai. Eta eskerrak hori aldatu den. Gaur egun beharrezkoa da medikuaren agindua. Egia da antibiotikoak dena sendatzen duen ustea zabaldu dela. Jende askok katarroa duenean ere antibiotikoa hartzen du, badaezpada! Zabaldu da antibiotikoak denaren kontra egiten duela eta ez da egia, noiz erabili eta noiz ez jakin behar da. Eta hori, noski, medikuak esango digu.

Mediku batzuek ere ez dute beti ondo erabili izan, ezta?

Kasu askotan abusu bat gertatu da eta beharrezkoa ez den kasuetan antibiotikoak preskribatu izan dira. Zabaldua dagoen ohitura bat da eta medikuak kontzientziatu behar dira horren inguruan, noiz den antibiotikoa beharrezkoa edota noiz ari garen erresistentziaren bidera joaten. Gogoeta bat egitea beharrezkoa da. Egia da, hala ere, gaur egun kontzientziazio hori gertatzen ari dela erietxe askotan eta gaia serio lantzen ari direla.

AEBetan arazo larria bihurtu da dagoeneko. Jende asko hiltzen da antibiotikoekiko erresistente bihurtu diren bakterioen ondorioz.

Bai, arazo larria da. Eta herrialde pobretuetan ere garrantzitsua da kontua. Antibiotiko zaharrak erabiltzen dituzte, berriagoak erabiltzeko finantziaziorik ez dutelako. Pentsa, bakterioak antibiotiko zahar horiekiko erresistente bihurtzen badira, ez dute infekzioei aurre egiteko tresnarik izango.

Antibiotiko zaharrak aipatu dituzu. Ikerkuntza ere garrantzitsua izango da.

Inolako zalantzarik gabe. Baina azkenaldian antibiotikoen alorra nahiko geldirik dago, aspaldian ez dira antibiotiko berriak. Lehendabiziko antibiotikoak sortu zirenean gorakada handia izan zen eta etengabe sortzen ziren antibiotiko berriak. Azkenengo urteotan, baina, ikerkuntza geldirik dago alor horretan eta garrantzitsua da hori berriz ere piztea. Bakterio erresistente horien kontrako antibiotiko eraginkorrak garatzea izan daiteke arazoaren konponbide bat. Baina horretarako ikerkuntza bultzatu behar da eta horrek finantzaketa eskatzen du. Eta ez da erraza izaten ikerkuntzarako finantzaketa lortzea. Baina, aurrera begira, beharrezkoa izango da ikerkuntza bultzatzea. Antibiotiko berriak garatzen ez badira, dauden antibiotiko guztien aurrean erresistenteak izango dira bakterioak. Antibiotiko berrien sorrera baino azkarrago gertatzen ari da bakterioen erresistentzia.

Zure lanean diozunez, abeltzaintzaren sektorean ere gehiegi erabiltzen dira antibiotikoak.

Abeltzaintza arloan antibiotikoen gehiegizko erabilera egiten da etekin gehiago lortzeko. Abere horien bakterioek, gizakienek bezala, erresistentziak garatzen dituzte, elikagaien bidez kontsumitzailearengana iristen direnak. Erresistentziok transmititu egiten dira azkenean.

Antibiotikoekiko erresistentziak inpaktua dauka osasun sisteman.

Inpaktu handia, gainera. Pazientearen egoera izugarri larritu daiteke eta ospitaleratze aldia asko luzatzen da. Tratamenduaren kostua ere gehitu egiten da diagnosirako proba gehiago egin behar direlako eta antibiotiko espezifiko eta garestiagoak erabili behar direlako.

Antibiotiko espezifikoak eta garestiagoak aipatu dituzu.

Bai, bakterio baten kontra egin beharrean, bat baino gehiagoren kontra egiten dutenak. Espektro zabaleko antibiotikoak deitzen direnak. Bakterio baten baino gehiagoren kontra egiten dute, eta, azkenean, horien bidez kontrolatzen dira bakterio erresistenteak.

Praktika kliniko asko ere oso arriskutsu bihur daitezke antibiotikorik gabe.

Kirurgiak, organoen transplanteak, diabetearen kontrako tratamenduak edo kimioterapia bera, adibidez. Zergatik? Zainaren barrutik doazen praktikak direlako eta bakterioen infekzioak gertatzeko arrisku handia dagoelako. Praktika horietan prebentzio moduan erabiltzen dira antibiotikoak, infekzioak ekiditeko. Eta, noski, ez badago antibiotiko eraginkorrik praktika kliniko horiek oso arriskutsu bihur daitezke. Bide horietatik sortutako infekzioak oso larriak izan daitezke.

Osasuneko profesionalen kasuan, eskuen, material sanitarioaren eta lantokiaren higienea mantentzea nabarmentzen duzu.

Oso neurri garrantzitsua da. Bakterioak hor daude, antibiotikoak indarra galtzen ari dira, eta, beraz, garbitasuna eta asepsia mantentzen badira, arriskua gutxitu egiten da.

Zure lanean ondorioztatu duzunez, «guztion lana da antibiotikoekiko erresistentzia prebenitzea».

Hori da mezu nagusia. Horrelako arazoen aurrean askotan pentsatzen da osasungintzako profesionalek konponduko dutela. Baina erabiltzaileen aldetik ere asko dago egiteko. Lan asko dago egiteko eta denok jarri behar dugu gure aldetik, bakterioen erresistentziaren areagotzeko joera hori geratzeko.

Pazienteak zer egin behar du?

Antibiotikoak medikuak agindutakoan bakarrik hartzea, agindutako aldian eta moduan; beste bati sobera geratutako antibiotikoak ez erabiltzea; tratamenduari amaitu arte eustea, nahiz sintomak desagertu; antibiotikoen hondarrak ez erabiltzea eta infekzioak prebenitzea.

Eta soberan geratutako antibiotikoekin, zer egin?

Zalantzarik gabe, bota. Farmazia guztietan daude erabilitako botikak jasotzeko moduak eta horietara eraman behar dira.

Horren atzean ez ote dago «azkar» sendatu beharra? Egungo jendartearen denerako presa?

Garai guztietako gizakiak nahi izan du azkar sendatzea. Inori ez zaio gustatzen gaixo egotea. Baina egia da azken urteotan sinetsi dugula antibiotikoek denerako balio dutela, dena berehala sendatzen dutela, eta hori uste okerra da.

 

Osasunaren Mundu Erakundeak arretaz aztertzen duen arazoa

Osasunaren Mundu Erakundeak «lehentasunekoa» jotzen du antibiotikoekiko erresistentziaren kontrako borroka, eta, bide horretan, mundu mailako plana onartu zuen 2015ean. Plan horren azken helburua aurrerantzean ere botika eraginkor eta seguruak erabiliz infekzio arazoei aurre egin ahal izatea da. Bost helburu estrategiko biltzen ditu planak: arazoaren inguruko sentsibilizazioa eta ezagutza hobetzea; zaintza eta ikerketa indartzea; infekzioak gutxitzeko ahalegina egitea; antibiotikoen erabilera optimizatzea eta erresistentziaren kontrako borrokan inbertsioak bultzatzea.

Hala ere, OMEk sektore desberdinei zuzendutako zenbait aholku zehazten ditu, antibiotikoekiko erresistentziaren kontrako borroka norabide askotan egin daitekeela nabarmenduz. Zer egin dezakete herritarrek? Erabiltzaileek? «Antibiotikoak hartu bakarrik medikuak agindutakoan. Zorrotz jarraitu profesionalaren aginduak botika erabiltzeko orduan. Ez erabili aurretik soberan geratutako antibiotikoak. Infekzioak ekidin; eskuak maiztasunez garbitu, elikagaiak baldintza higienikoetan erabili, gaixo daudenekin kontaktu zuzena saihestu, harreman sexual seguruak ziurtatu eta txertaketa egutegia errespetatu», aholkatzen du.

Agintari politikoek ere beren partea bete beharko luketela uste du OMEk. «Antibiotikoekiko erresistentziari aurre egiteko planak martxan jarri, infekzioen zaintza hobetu, prebentzio neurriak eta infekzioen kontrola indartzeko programak garatu, medikamentuen erabilera egokia arautu eta bultzatu, eta arazoaren inguruan jendartea informatu eta kontzientziazioa bultzatu».

Osasun profesionalen kasuan, OMEk higiene eta garbitasun baldintzak zorrotz zaintzeko deia egiten die. Era berean, bestelako gomendioak ere ematen dizkie: «Antibiotikoak bakarrik beharrezkoa denean preskribitu, zaintzako taldeei antibiotikoekiko erresistenteak diren infekzioen berri zehatza eman, pazienteei botika nola hartu behar duten ondo informatu eta erresistentziaren eta bere arriskuen berri eman, infekzioak ekiditeko aholkuak zabaldu pazienteen artean». Osasun arloko enpresek ere badute beren egitekoa OMEk nabarmentzen duenez: «antibiotiko berrien ikerkuntzan eta garapenean inbertitu».

Azkenik, abeltzaintza sektoreko profesionalei ere zuzentzen zaie OME. «Animaliei antibiotikoak eman bakarrik albaitariak hala agintzen duenean; ez erabili antibiotikoak hazkuntza azkartzeko edo gaixotasunak prebenitzeko; animaliak txertatu antibiotikoen beharra murrizteko eta bestelako alternatibak erabili aukera dagoenean; ekoizpenaren kate osoan praktika osasuntsuak bultzatu; segurtasun biologikoa sustatu animalien infekzioak eragozteko eta animalien ongizatea ziurtatzeko».