Euskararekiko Espainiaren zor historikoa. Euskaldunon egunkariaren kasua
Espainiak, edo hobe esanda, Espainiar Estatuak euskararekin daukan «zor historiko»aren aurreneko aipamena aspaldikoa da. Zalapartatsua izan zen duela hainbat urte, esate baterako, Bernardo Atxaga idazleak gai honetaz esandakoa, bunker espainolistaren aldetik oso gogor kritikatua izan zena.
Atxagak ez zuen berriro gaia gehiegi airatu, baina espainolismotik berriz sarritan ezbaian jarri da euskarak inoiz inolako zapalketarik jasan duenik. Euskara galtzearen prozesua guztiz naturala izan da gazteleraren «nagusitasunaren» aurrean: euskaldunon erabaki librea gazteleraren bikaintasunak liluraturik. Frankismoaren kontuak «anekdotikoak» dira. Errebisionismo zikinena erabiltzen da batere lotsarik gabe, ez bakarrik euskal kulturarekiko zor historikoa ukatzeko, baizik eta euskararen edozein berreskurapen ekimena erasotzeko.
Kontzeptua argia da. Espainiar Estatuak zor historiko bat dauka euskararekin, Frankismoan euskal kulturak eta euskara berak jasandako genozidio kulturala dela eta. Oroimen historikoaren zati bat da euskal kulturak jasandako jazarpena, eta oroimen historikoaren gainontzeko arloetan bezala, eskubide hau noizbait gauzatzearen kontra agertzen dira sutsuki alderdi espainolistak. Euskarak, edo zehazkiago, euskaldunok, Euskararen Herrikook ere, Egia, Justizia eta erreparazioa (berriro ez gertatzeko bermeak barne) izateko eskubidea dugu. Euskarak eta euskal kulturak jasandakoa kuantifikatu behar da, eta Espainiak jasandako kaltea konpentsatu behar dio euskal komunitateari.
Gogoeta hau etorri zaigu joan den egunetan ‘Euskaldunon Egunkaria’ren aferaren azken berri judizialak jakiterakoan. Egunkaria ixtea, era zuzenean, euskaraz argitaratutako egunkari bakarra ixtea, euskaldunok gure hizkuntzaren aurka berriro halako erasoak ez jasotzeko bermeen aurkako erasoa izan zen. Frankismoan itxitako euskal hedabide eta hedabide elebidunen itxieraren errepikapen hutsa. Hamaika urte pasata, ikusitakoa ikusita, garbi geratu da Espainiak euskararekin daukan zor historikoa are gehiago handitu dela. Orain zor historiko honi ‘Euskaldunon egunkaria’ ere gehitzen zaio. Itxaropen gutxi hala ere Espainiako Erresumak zor historiko honi erantzuteko. Baina gure betebeharra, euskaldunok bezala, zor hau zehazki kuantifikatzea eta exijitzea da. Oroimen historikoa lantzen duten euskal taldeen, zein talde euskaltzaleen erronka handia, arlo honetan ere Egia, Justizia, Erreparazioa eta berriro ez gertatzeko bermeak ezartzeko exijitzea da.
Honen aurka beti ‘Euskaldunon egunkaria’ itxi zutenak, 37an hainbat euskal hedabide itxi zituzten berberak. Uniforme berde berberarekin gainera, edota ideologia eskuindar eta espainol berberarekin.