Martin Mantxo
Ekologista Martxan

NDF ez da irtenbidea, arazoa baizik. NDF pikutara!

Argi dago guztiontzat Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) huts egin duela. Okerrena da bere horretan jarraitzen duela, egin duen huts horretan ekiten dihardu eta, gainera, areagotzen. Bretton Woodseko hitzarmenaren ondorioz sortu ziren NDF eta MB (Munduko Bankua) 1945ean, II Mundu Gerra amaitu eta gero, honako xede honekin: gerra eragin zuen krisialdiaren modukoei (krisialdietan amankomunak diren osagai guztiekin: langabezia, pobrezia, eta horrek sortzen edo areagotzen dituen haserrea, arrazakeria edo faxismoa, herrien arteko gatazkak eta antzeko jarrerak) eta 1929ko finantza-porrotaren modukoei aurre egiteko.

Alde horretatik, argi dago: NDFk eta MBk oso modu nabarmenean huts egin dute, ez zutelako 2008an gertatu zen «krisialdia» aurreikusi ere egin  (denok dakigu nolako «krisialdia» izan den/izaten ari den; termino hori baino, egokiago datorkio «lapurreta» hitza) , eta argi dago ezin izan zutela gainditu edo zuzendu. Begi bistan dago. Krisialdiaren sorreran, izango ote zuen zerikusirik orduan (2004-2007 epean) NDFko zuzendari zen Rodrigo Ratok, PPko ministro ohiak?

Eta zer egin zezaketen NDFk eta MBk? Alde batetik, argi dago haiek ziurtatzen dutela gobernuek maileguak ordaintzen dituztela (eta, ondorioz, enpresek, hiritarrek, eta abarek), baina haiek dira ere proposamenak egiten dituztenak: politikoak eta ekonomikoak. Baina hori da haiek egiten dutena, batez ere, izenak esaten duen bezala: «banku» izatea, hau da, mailegatzea. «Krisia» maileguan oinarritu zen (da). Zifra beldurgarriak, diru faltsua, zor ordainezinak... Haiek ziren hura baimentzen zutenak, hura burutu zutenak, bai eta hura inposatu zutenak ere!

Zeren, gainera, mailegu horiek ez baitziren edozertarako izan, azpiegiturak eraikitzeko eta proiektu handiak bultzatzeko (izugarrizko ingurumen eragina sortuta!!!), petrolio industriarako, exerzitoei armak emateko eta abarretarako baizik. MB aldaketa klimatikoaren suspertzailea da: 2008an, MBk ikatzari emandako finantziazioak % 102 egin zuen gora. MBk energia berriztagarrietarako emandako finantziazioa, berriz, % 11koa izan zen. Besteak beste, Hegoafrikako Eskom konpainia finantzatu zuen, herrialdeko elekzitratearen % 95 banatzen duena, % 90 ikatz bidez ekoitzia. Petrolioaren sektorea ere finantzatu zuen, Ghanako Jubilee itsas ustiapen eremua, adibidez, eta abar luze bat. Orain, 2013ko uztailean argitaratutako agiri batean (Energy Directions Paper), bere lehentasunak gas naturala eta energia hidroelektrikoa direla dio (negutegi efektua eta zor ekologiko handia eragiten dutenak). Aldi berean, MBk ustiapen-proiektu erraldoiak finantzatu ditu,  oso eragin botitza dutenak ingurumenaren eta gizartearen aurka, adibidez, meatzaritza- eta petrolio-ustiapenak, besteak beste, Simandouko burni-meategia (Ginea), Afrikako  meategirik handiena.

Maileguok, gainera, transnazionalen mesedetan ematen ziren, haiek kontratatzeko eta ordaintzeko baitziren. Negozioa, etekina, beraz, haientzat zen. Jakina, transnazional gehienak herri aberatsetan kokatzen dira. Hartara, aberatsak gero eta aberatsago bilakatu dira eta pobreak pobreago. Are gehiago. Lotsagarria. Beraz, kale egin zutenak, konponbidea izan beharrean, arazo bihurtu ziren. Ez ahaztu jaio zirenean, euren helburua «pobrezia murriztea» zela!

NDFren helburua berriz, mailegu horiek ordaintzen zirela ziurtatzea zen. Sarritan sheriffarekin konparatzen dute NDF: mundu mailako sheriffa. Nola ez, bai NDFk, bai MBk, bai euren inguruan sortutako instituzio eta bankuek mundu mailako sistema jakin bat suspertzeko helburua dute: aberatsek, goian daudenek, euren horretan irautea. Horregatik kokatzen dira bi-biak, bai MB, bai NDF Estatu Batuetan. Izatez, MBren presidentea beti da AEBetakoa, eta NDFrena, europarra). Maila eta eredu hori bermatzeko, ez zaizkie asko axola ez beste gizarteak, ez beste gizakiak, ez eta ingurumena ere.

Orain NDF Bilbora datorrela, argi dago nortzuk diren bere lagunak: Espainiako gobernua eta hemengo transnazional eta banku gailenak. Hemen ere, mailegua eman aurretik, zenbait herritan (1980ko hamarkadan sinatutako Washingtoneko Akordioak eragin handiak izan zituen Latinoamerikan, Asian eta Afrikan) inposatu zituzten neurri berberak (egiturazko doiketak) inposatzen dituzte: murrizketak, pribatizazioak, kaleratzeak eta abar. Era berean, BEZ bezalako zergak inposatzen dituzte, estatuaren partaidetzarik gabeko «merkatu askatasuna» (kudeaketari dagokionez, baina argi dago kasu guztietan, porrotak gertatzen direnean, Estatua dela horiek konpontzeko ardura daukana edo, behintzat ordaintzen duena). Hau da, Estatuak ez ditu tokian tokiko enpresak babestu behar, inportazioak lehenesten dira eta horrek tokiko industriak benetan kaltetzen ditu (egitura horretan, transnazional handiak dira aurrera egiten dutenak eta jendea da ondorioak ordaintzen dituena), edo langileei malgutasun neurriak inposatzen dizkie (adibidez, PPk 2012an egindako lan-erreforma). Hezkuntza, osasuna edo gizarte laguntzak bezalako eskubideak NDFk zerbitzutzat jotzen ditu.

Argi dago NDF eta MBren inposaketa eta neurri guzti horiekin, herrien burujabetza deuseztatu egiten dela. NDFk inposatutako politikak gatazka eta gerra askoren jatorrian dauzkagu, gizartearen egoera latzak areagotzen dituztelako. ‘World Protests 2006-2013’ ikerketaren arabera, urte horien artean munduan egondako gatazken artean, NDFk  168 eragin zituen, hau da, guztizkoaren %20. Esate baterako, Libiako gerran (2008an Libian doiketak inposatu zituen NDFk; 2011n Bengasiko matxinadak hasi ziren, eta, haiekin batera, gerra zibila). NDF eta Munduko Bankua (eta euren lagunak: BIRD, Berreraikitzerako eta Garapenerako Nazioarteko Bankua, etab.) neoliberalismoaren benetako makinak dira.

Horrelakoa zen ere Ekuadorreko kasua. 1982an NDF Ekuadorrera iritsi zen zorrak kobratzeko asmoz. NDFren aholkua zor horiek ordaintzeko mailegu gehiago eskatzea izan zen. Urte haietatik 2005era arte, Ekuadorrek ordaindu behar zuen zorraren interesa Estatuaren gastuaren erdia izan zen: urtero 3.000 eta 4.000 milioi dolar. Osasunerako aurrekontua, berriz, 400 milioikoa zen eta hezkuntzakoa 800 milioikoa! Jendea matxinatu egin zen. Lucio Gutiérrez presidente hautatu zuten, baina, behin boterean, NDFrekin akordio berriak sinatu zituen. Jendea berriro ere matxinatu zen eta presidenteak berriro ere alde egin behar izan zuen. Bere ordez izendatutako Palaciok gauza bera egin zuen, eta hark ere ospa egin behar izan zuen. Horrela, Correa izendatu zuten 2006an. Correak, ordea, NDFko ordezkaria erbesterau zuen, eta Banku Zentraleko zuzendaria ere ordezkatu egin zuen. Nazioarteko Kontrol Batzordea sortu zuen, Ekuadorreko zorra aztertzeko auditoretza. Emaitza: Ekuadorreko zorra ez zela legezkoa. Ekuadorreko gobernuak zorraren ordainketaren %70 gelditu arazi zuen, eta 7.000 milioi dolar baino gehiago aurreztu.

Hori da hartzekodunen alde jotzea, gizartean eta ingurumenean daukaten eragina ikaragarria da eta!!! Argi dago berdin zaiela. Bitartean, eta jende guztiarentzat argi dago, transnazional handi horiek izugarrizko etekinak irabazten jarraitzen dute (etekin asko, gainera, egiturazko neurri horiek inposatu diren herrietatik datoz -BBVAren kasuan, etekinen erdia Latinoamerikatik datorkio, eta Iberdrolaren kasua antzekoa da), sekulako soldatak irabazten eta abar. Horretarako NDFk ez du murrizketa-neurririk proposatzen, eta diru ugari aurrez zezaketen hor!

Beste gauza askotarako ere ez da murrizketarik inposatzen: azpiegituretarako (askok gobernuak gelditu zituen, baina beste askok bere horretan diraute) edo elizarentzat, armadarentzat edo koroarentzat lapurtzen den dirua, kasu. Herriaren dirutza handia doa transnazional horiek ordaintzera (moratoria nuklearra, subsidioak, diplomazia, etab.), eta diru asko galtzen da bidetik (fusio nuklearraren proiektua, Eurofighter, eraztun energetikoa, segurtasuna, etab.): hori guztia ez da murrizten, areagotu egiten da!

Krisialdia (lapurreta) hasi zenean, NDF prestigioa galduta zegoen (Dominique Strauss-Kahnen laguntzaz). Hau da, NDF bera ere krisialdian sartu zen. Baina hemen daude berriro sheriffak, zerbait konpon dezaketelakoan! G20rei esker, 2009an, NDFren baliabideak laukoiztu egin ziren, krisialdia (lapurreta) gainditzeko  1,1 bilioi dolar kudeatzeko aukeratuak izan zirelako. Diru hartatik, % 5 baino ez zen izan munduko 49 herrialde txirotutentzat, eta, haietatik, 250 mila miloi dolar esportazioetarako kredituetako aseguru-agentziek kudeatu zituzten. Haiek ere ezin traketsagoak izan ziren: Sahara azpiko Afrikako zorra hirukoiztu egin zen 1980ko eta 1990eko hamarkadetan, nahiz eta haietako askok BPGren % 40 gastatu izan.

Greziari edo espainiar Estatuari dagokienez, egoera argi dago: konponbidea mailegu gehiago ematea da, eta horrekin zorra areagotu baino ez da egiten. Hartara, Espainiaren kasuan, zorra BPGren parekoa (% 100) izatea lortu da! Beldurgarria! 2009an Pakistani emandako maileguaren truke, elektrizitatearen prezioa igotzera eta gastu publikoa eta aurrekontuak murriztera behartu zituzten.

«Krisialdia» hasi zenetik, NDF 5 aldiz etorri da Estatura. Baina lehentasuna bankuak, hain zuzen ere, porrota sortu dutenak, berfinantzatzea da, nola ez. Bitartean, aurrezki kutxak desagertu egin dira, edo, hobeto esanda, jan egin dituzte, kapital gehiago eskuratuta eta konpetentzia ezabatuta, jende arruntari mailegurik ez emanez, eta abar. Eta, aldi berean, erakunde horietako agintariek soldata erraldoiekin jarraitzen dute, etekinekin eta, okerrena dena, inork ez du porrot horren ardura ordaindu (ezta NDFko zuzendaria ohi PPko Rodrigo Ratok ere). Urtarrilean amaitu zen NDFk bankuei emandako «berkapitalizazioa», eta agian bankuak orain egoera onean geratu dira, baina, eta gizartea?  

Argi dago instituzio finantzatzaileen, politikarien eta transnazionalen arteko harremana. Baina azken krisialdian beste osagai bat agertu da: finantza zerbitzuetako agentziak eta kalifikazio-agentziak (Standard & Poor's, Moody's). Finantzak bermoldatuta, funtsetako jarduerak aurreikusten eta eragiten dituzte, eta, horren arabera, bankuei eta transnazionalei finantziazio-aholkuak ematen dizkiete. Bestela esanda: munduko finantzak diseinatzen dituzte, komeni zaien moduan. Horri gaineratu behar zaio ekoizpen toxikoak asmatu izana, eta horretan boteretsuenak Goldman Sachs eta Lehman Brothers izan dira. hain zuzen ere, 2008ko krisialdia Lehman Brothersek sortu zuen. Baina Europa mailako krisialdian, Goldman Sachs izan da eragilerik nagusiena, 2009an Greziako egoera azaleratu zuena. 2002tik 2005era,  Goldman Sachsek Greziako gobernuari lagundu zion bere zorra ezkutatzen, «swap» finantza-tresnen bitartez. Noski, eragiketa haren  helburua zor handiagoa lortzea zen, hartara, Greziaren banku-porrota eraginda, denok ezagutzen duguna. Hala ere, 2011n Goldman Sachseko gizonek menperatzen zuten Nazioarteko Diru Funtsaren europar adarra, bai eta, teorian, Europako krisialdia gainditzeko ardura duten beste instituzioak ere: Europear Banku Zentrala (EBZ) eta Greziako Herri Zor Agentzia. Etenik gabe hondamena burutzen dutenak, konponbideak eskaintzen.


Buscar