Garikoitz Nazabal Etxabe | Gipuzkoako EHNEko presidentea

Erosketa bat, boto bat

Merkatuko produktu bat ala bestea hartzea erabakitzerakoan, erosketaz haragoko zerbait egiten ari gara. Kontsumo arduratsuak bakoitzak benetan behar dugunari buruz hausnartzera behartzen gaitu eta era berean kontsumo mota horrek ingurumenean eta berdintasun sozialean duen eraginaz ohartzera garamatza.

Bertako produktua erosteak merkatu eredu baten aldeko hautua erakusten du. Tokian tokiko ekonomia sustatzeak, baserritarren lana aintzat hartzearekin batera, lan baldintza duinak izan ditzagun laguntzen du. Horrekin batera, inguruko zerbitzuak eta landa eremuko bizi kalitatean ere laguntzea badakar. Gainera, bertakoa erosiz, nola eta nork ekoiztu dituen ezagutzeko aukera du kontsumitzaileak, baita produktuak kalitatezkoak direla egiaztatzekoa ere.

Kontsumo arduratsua, elikadura burujabetzarantz urrats bat gehiago egitea da. Herri honek zer behar duen eta nola elikatu nahi duen erabakitzeko bidean kontzientzia pizten du. Norberak zer eta zertarako kontsumitu nahi duen, zer eredu bultzatu nahi duen erabakitzeko aukera du.

Bertakoaren aldeko apustua eginez, gizarteak irabazten du. “Eman botoa”, ondoko baserritarrari, bertako produktuari.

Gabon hauetan kontsumitu bertako produktua!

Buscar