NAIZ
BILBO

Aldaketa sozialaren alde, Bilbon eta Iruñean egingo dituzte manifestazioak, martxoaren 14an

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren ordezkariek bi manifestazio deitu dituzte martxoaren 14rako, Bilbon eta Iruñean. «Aldaketa soziala orain, ¡tenemos alternativas!» lelopean egingo dira mobilizazioak, aldarriak hedatzeko dinamika publiko eta iraunkorrari hasiera emango diotenak.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren ordezkariak, Bilbon. (ARGAZKI PRESS)
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren ordezkariak, Bilbon. (ARGAZKI PRESS)

Bilbon eginiko agerraldi batean, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren ordezkariek egoera sozioekonomikoaren inguruko analisia egin dute eta, berau gainditzeko proposatzen dituzten ekimenen berri emateaz gain, martxoaren 14rako bi manifestazio deitu dituzte, Bilbon (17.00etan) eta Iruñean (17.30ean) egingo direnak.

Gogoratu dutenez, norbanako ugari eta ehun eragiletik gora bildu ziren eskubide sozialen inguruan lan egiteko, «egoera bidegabeak bultzatuta». Botere politiko eta ekonomikoek eskaintzen dutenari erreparatuta, «egoera ez dela aldatu» salatu dute.

«Eskubide sozialak bertan behera –azaldu dute–, herritar gehienen pobretzea eta prekarizazioa, pribatizazio etengabeak, zerbitzu publiko eta ondasun komunen aurkako erasoak, gure bizitza eta ingurunearekiko multinazionalen diru-gosea, berdintasun eza handitzen, demokrazian bizitzeko eta gehiengo sozialaren alde erabakitzeko burujabetza izateko aukerarik gabe».

Egoera hori aldatzeko, hain zuzen, hasi ziren «itun soziala eta sindikala saretzen». Sare hori ahalik eta gehien zabaltzeko, mobilizatzea «behar-beharrezkoa» dela nabarmendu dute.

Horregatik, herritarrei dei egin diete martxoaren 14an «Aldaketa soziala orain, ¡tenemos alternativas!» lelopean egingo diren mobilizazioetan parte har dezaten.

Era berean, Eskubide Sozialen Kartan oinarri duen Programa Sozial bat eratu dute, politikaren bitartekoak aldatzeko helburua duena.

Tresna hori baliatuz, Hego Euskal Herriko erakundeak «interpelatu» egingo dituzte, bide horretan konpromisoak har ditzaten.