Arantxa MANTEROLA
Baiona

Ehunka ahotsek errepresio baztertzeko exijitu diote Parisi Baionako manifestaldian

570 pertsonak parte hartu dute joan den asteartean Itsasun, Arrosan eta Baionan izandako atxiloketak salatzeko Lapurdiko hiriburuan egin den manifestazioan. Euri jasek eten bat egin dute eta 16.30tan San Andres plazatik atera den jendeak ongi profitatu du tarte hori Herriko Etxeko plazarainoko bidea ziztu bizian egiteko.

Aste honetan atxilotutako lau gazteek ehunka manifestatzaileren sustengua izan dute. (Nahia GARAT)
Aste honetan atxilotutako lau gazteek ehunka manifestatzaileren sustengua izan dute. (Nahia GARAT)
«Euskal Gazteria aitzina. Konponbidea orain» zioen pankarta eusten zihoazen aske geratu ziren lau gazteak -Alex Feldmann, Haitz Agirrebarrena, Teo Salamon eta Jean-François Megis- alboan beste gazte asko zituztela. Baiona Txikitik Baiona Handira pasa eta errepresioa salatzeko oihuek bertako karrikak hartu dituzte.

Aitzina, EHBai eta Lurra eta Etxebizitza mugimenduak deituriko manifestazioaren bukaeran gazte batek hartu du hitza denen izenean. «Halako muntai polizial eta juridikoak onartezinak» direla eta «Euskal Herria bake prozesuan buru belarri enagaiatua den garaian errepresioak ez duela lekurik» errepikatu du.

Parisek euskal gazteria gizartetik ez duela baztertzea lortuko nabarmenduta, «behingoz bere erantzunkizunei» aurre egitera eta «errepresioa bertan behera» uztera dei egin diote Estatu frantsesari.