NAIZ
GASTEIZ

Euskara erabiltzearren Urquijoren helegiteak jaso dituzten udalei babesa adierazi die Legebiltzarrak

Carlos Urquijo Gobernu espainolaren ordezkariak euskaraz idatzitako akten inguruan hartutako jarrerari erantzunez, Gasteizko Legebiltzarrak babesa adierazi die dokumentuok euskaraz igortzen dituzten udalei, «lege-balio osoa» dutelako.

Carlos Urquijo, Gobernu espainolak EAEn duen ordezkaria. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
Carlos Urquijo, Gobernu espainolak EAEn duen ordezkaria. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

Gasteizko Parlamentuaren osoko bilkuran, Urquijok euskaldunen hizkuntza eskubideen aurka eginiko «eraso larriak» izan dira eztabaidagai, EH Bilduren ekimenez. Gobernu espainolaren EAEko ordezkariak udalen euskarazko akten aurka aurkeztutako helegiteei erantzun diote horrela Legebiltzarrean.

EAJ eta EH Bilduren botoei esker onartu den erdibideko testuan, babesa adierazi zaie hala nahi izanda aktak euskaraz egin eta administrazioetara bidaltzeko erabakia hartzen duten udalei. Gobernu ordezkaritzak helegite ugari aurkeztu ditu euskara hutsean igorri dizkioten udalen aurka.

Gai horretan Lakuak emandako erantzuna ere ontzat jotzen du testuak. Jaurlaritza aholkularitza eta babes juridikoa ematen ari zaie eskatzen duten udalei.

Era berean, Parlamentuak berretsi egin du euskaraz idatzitako dokumentuek «lege-balio osoa» dutela euskara ofiziala den lurralde guztietan eta edozein administrazio publikorentzat.

Legebiltzarrak eskatu egin dio Urquijori «errespetatu eta bete dezala Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna».

EH Bilduren legebiltzarkide Xabier Isasik «larritzat» jo du «Urquijok euskararen aurka eta 75 udalerri euskaldunen aurka darabilen erasoa». «Maltzur eta agintekeriaz» jokatzen duela salatu du, «Espainiako Gobernuaren ordezkariak hizkuntza politika alorrean eskumenik ez duelako eta euskara jo puntu gisa nahita bilatu duelako».

«Legearen erabilera makurra egiten du: euskara dagoen lekuan elebitasuna inposatu nahi du, baina gaztelania dagoen lekuan ez ikusiarena egiten du», nabarmendu du Isasik.

EAJren izenean, Garbiñe Mendizabalek ere «zentzugabetzat» jo du euskararen ofizialtasuna gauzatu dadin agiriak gaztelerazko bertsio batekin batera bidali behar izatea.

PSEk, PPk eta UPyDk gogor kritikatu dituzte EAJ eta EH Bildu, «fundamentalista» edo «hizkuntzaren taliban» bezalako kalifikatiboekin euskara inposatu nahi izatea egotzita.