Jon ORMAZABAL
BILBO

Albisuk eta Rezustak hasiko dute Buruz Burukoa ostiralean Zumarragan

Ostiralean hasiko da Zumarragan Bilbon aurkeztu berri duten Buruz Buruko Txapelketa. Luciano Juaristi Atano X.a gonbidatu izan duen zozketaren arabera, Albisuk eta Rezustak, iazko Promozioaren txapeldunak, ekingo diote lehiari ostiral honetan bertan Zumarragan.

Buruz Burukoa jokatuko duten pilotariak, Bilbon egin den aurkezpenean. (ARGAZKI PRESS)
Buruz Burukoa jokatuko duten pilotariak, Bilbon egin den aurkezpenean. (ARGAZKI PRESS)

Idoate, Zabaleta eta Barriola bezalako pilotariek txapelketa jokatzeari uko egin ostean, aurpegi berri dexente dakartza aurtengo lehiak, Bergarako atzelariaz gain, Artola, Aktuna III.a gazteak eta bigarren kanporaketan sartzeko zortea izango duen Aitor Zubieta ere buruz burukora itzuliko da, oraingo honetan Aspeko elastikoa soinean izango duela.

Iaz lortutako txapela defendatzeko, hamabost aurkari izango ditu Juan Martinez de Irujok eta esanguratsua da, Idoateren hutsa betetzeko, Aimar Olaizola zerrendaburu jarri dutela enpresek, nahiz eta, iazko lehiaketaren arabera, leku hori Xalari zegokion, bera izan baitzen, galtzaileen artean, tantorik gehien egin zituen pilotaria, 18 Idoate beraren aurka.

Iñaxio Errandoneak azaldu duenez, aurten araudian aldaketa bat sartu dute eta, hemendik aurrera, pilotariren batek jokatzeari uko egiten badio, bere enpresako arduradunek erabakiko dute nork ordezkatuko duen.

Txapelketa koadroa

A  Albisu / Rezusta (Zumarraga, maiatzak 1) —> Xala (Maiatzak 17, Eibar) —> Irujo

B Untoria / Altuna (Najera, maiatzak 2) —> Zubieta (Maiatzak 16, Labrit) —> Olaizola II

C Artola / Jaunarena (Legazpi, maiatzak 3) —> Beroiz (Maiatzak 16, Bilbo) —> Urrutikoetxea

D Arretxe / Ezkurdia (Oion, maitzak 3) —> Bengoetxea VI (Donostia) —> Retegi Bi