NAIZ

Etxerat: «Sakabanaketaren bukaera marrazten ari gara»

500 lagundik gora elkartu dira Etxerat elkarteak Iruñean egin duen Nazio Batzarrean. Azpimarratu dutenez, dispertsioaren eta eskubideen urraketa eskatzea baino «amaiera» emateko hautua berretsi dute.

500 lagunetik gora batu dira Nazio Batzarrean. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)
500 lagunetik gora batu dira Nazio Batzarrean. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)

Euskal preso eta iheslari politikoen senide eta lagunak batzen dituen Etxerat elkarteak XIV. Nazio Batzarra burutu du igande honetan Iruñean. Komunikabideen aurreran egin duten agerraldian, «sakabanaketaren bukaeraren hasiera marrazten» ari direla nabarmendu dute.

Ildo horretan, gogora ekarri dute «presoei min emateko zigortuak garen senide eta lagunak» direla eta injustizia horrek batzen dituela.

 «Gure jardun horri eusteko arnas gune  garrantzitsua da batzar hau. Bidai luze bati ekiteko kotxeko atea zabaltzeko unean indarra ematen diguna», azpimarratu dute. 

Azken urtearen balantzea egin dute eta aipatu dutenez, hilabeteko istripu bana izan da apirila bitartean. Dispertsioak erahildako hamasei lagunak omendu dituzte eta gogan izan dituzte preso gaixo larriak: Ibon Iparragirre, Aitzol Gogorza, Ibon Fernandez Iradi edo Txus Martin.

Aldi berean, 2014an presoen bi funtsezko oinarri deuseztatu nahi izan dituztela saltu dute: «defentsa juridikoa eta osasungintza».

Etxerat elkartea «zuzenean» kolpatu dutela gogoratu dute eta horrek bide egokian lanean ari direla erakusten duela adierazi dute.

Adibide bezala Euskal Herri mailan egindako bilkurak eragile politiko hainbatekin eta bereziki atzerrian, Europako Parlamentuan «gure egia erakusteko eta zabaltzeko» egindako parlamentariekin harremanak aipatu dituzte.

Etxerat elkarteko kideek ez direla nekatuko nabarmendu dute eta dispertsioa eta eskubideen urraketen amaiera eskatu baino, amaiera emango» diotela adierazi dute. «Ezinezkoa dute elkartasunaren suaren inguruan biltzea eragotzi. Etxerat piztuta daramagulako gure barnean», nabarmendu dute.