NAIZ
IRUN

Inoiz baino jendetsuagoa izan da Irungo Alarde parekidea

10:20ean Alarde parekidea, zeinek inoiz baino jende gehiago bildu duen eta 1.300 pertsona zituen desfilatzen. Baina jende guzti horren artean, gipuzkoar instituzioen falta nabarmendu dute bertaratutakoek.

Alarde parekidea. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)
Alarde parekidea. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)

1.300 pertsona eta inoiz baino jende gehiago kale kantoietan Alarde parekidea ospatuz. Inongo arazorik eta irainik gabe egin dute ibilbidea eta jai giroan bizi izan du Irungo herriak. Hala ere, aurten ere, bi alarde izan dira Irunen, Alarde baztertzailea, emakumeak parte hartzerik ez dutena ere ospatu delako goizeko lehen orduan.

Alarde parekidea 6:00ean jarri da martxan, dianak entzun eta Inma Landa generala eta kantinerren bila abiatu dira. Arrankada 10:20ean izan da Mosku plazan. Eguzki bero baten azpian egin dute ibilbidea. Gartxot Etxeberria danbor nagusiaren hitzetan, balorazia «izugarria» izan da.

Hasi eta Udaletxerantz bideratu dira, non hainbat karguk harrera egin dioten. Kargu hauen artean, beste urte betez, ez zegoen Jose Antonio Santano (PSE) alkatea, zeinek alarde tradizionalari egindako harreran hartu duen parte. Egon direnen artean, Emakundeko zuzendaria den Izaskun Landaida, Xabier Olano eta Ainhoa Beola (EH Bildu) eta Julia Hernandez Arartekoaren albokoa.

Falta izan direnen artean, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia eta Eider Mendoza Batzar Nagusietako lehendakaria, azken urteetan gipuzkoar instituzioek Alarde parekidean parte hartu izan duten arren. Beolak «onartezin eta larritzat» definitu du hauen ausentzia. Hala ere, Irungo herriari lanean jarraitu eta «modu parekidean ospatzeko» deia luzatu die. 

Izaskun Landaidek ere bide beretik egin du: «Gizon eta emakumeek eskubide berak dituzte denentzako garrantzitsua den jai honetan». Hernandezek, modu berean, instituzioen papera beharrezkoa dela nabarmendu du, «zailtasunak alderatu eta emakumeek parte hartu dezaten».

Azkenik, Podemoseko batzarkide den Maria Valiente ere izan da Alarde parekideari harrera egiten. «Irungoak ez garen kargu publikoek egin behar izan diegu harrera, bertakoek baztertzailea bakarrik hartzen dutelako».