Ander Perez Zala
Lezama

Athletic 2015/2016 denboraldia prestatzen hasi da gaur

Lezaman izandako lehen saioan Valverde entrenatzaileak hiru fitxaketa berriak lehen aldiz bere aginduetara izan ditu.

2015/2016 denboraldiko lehen entrenamendua. (@athletic_eus)
2015/2016 denboraldiko lehen entrenamendua. (@athletic_eus)

Goizeko 10.30ean hasi da talde zuri-gorria denboraldi berria prestatzen. Lezaman egidako entrenamendura 300 bat jarraitzaile hurbildu dira, eta lehen aldiz Eneko Boveda, Gorka Elustondo eta Javi Eraso Athleticeko jokalari berriez gozatzeko aukera izan dute. Aurreko denboraldian bigarren mailan jokatu zuten Kepa Arrizabalaga, Iker Guarrotxena, Erik Morán eta Enric Saborit jokalariak ere izan dira aurtengo berritasunen artean, lehen saioa osatu ondoren. Mikel Ricok entrenamendua utzi behar izan du hasi eta hamaika minutura, belaunean mina zuela eta. 

Lehen saioan Mikel San José eta Aymeric Laporte jokalariak ez dira izan, espainiar eta frantziar selekzioekin ekainean jokatu zutelako, eta Iker Muniain eta Jonás Ramalho lesionatuak daudelako. Gaizka Toquero uztailaren 4ean itzuliko da taldeak baimenduta.

Athleticek denboraldi-aurreko lehen partida uztailaren 8an jokatuko du Txorierriko taldeen jokalariez osatutako selekzio baten aurka. Hitzordua arratsaldeko 19.00etan izango da Sondikako Basozabal futbol zelaian. Uztailaren 30ean denboraldiko lehen partida garrantzitsua jokatuko du talde zuri-gorriak, Europa-Leaguen hasiko baitu aurtengo denboraldiko ibilera.

Hurrengo lan saioa gaur arratsaldeko 18.00etan izango da Lezaman, ateak irekita.