NAIZ

Dantzak eta azoka, Boiseko Jaialdia agurtzeko

Igandean amaituko da AEBetako Idahoko hiriburuan bost urtero ospatzen den euskal diasporaren hitzordu garrantzitsua. Euskal dantza erakustaldiak eta azoka izango dira azken eguna agurtzeko.

Uztailaren 28tik abuztuaren 2rarte, Boise euskal kulturaren hiriburua bilakatu da, bost urtean behin ospatzen den Jaialdiari esker. Idahon edo Estatu Batuetan bizi diren euskaldunak eta beste toki batzuetan bizi diren euskal diasporako kideekin batera Euskal Herriko jende andana ere Boisen izan da.

Aldi berean, bertan izan dira hainbat ordezkari politiko eta instituzional. Horren lekuko, Iñigo Urkullu lehendakaria, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia, Andoni Ortuzar EAJko presidentea edo EH Bilduko Josu Juaristi eurodiputatua eta Jon Iñarritu Amaiurko diputatua Madrilen. Boiseko alkate David Bieter ere -euskal jatorrikoa- Jaialdian izan da.

Euskal folklore eta kultura oinarri eginiko festa handia eta jendetsua izan da aurtengo Boiseko Jaialdiaren ezaugarri nagusia. Horrez gain, erabakitze eskubidearen inguruko ekitaldia izan da eta EAJk 120. urteurrena bertan ospatu du.