Oihane Larretxea de la Granja

Tabakalera

Hilean behin eta eguzkia esnatu aurretik, lau urtez joan da Idoia Unzurrunzaga (Donostia, 1968) tabako fabrika zaharrean egiten ari ziren lanak argazki kameraz jasotzera. Lanarekin asko gozatu du, baita eraikin erraldoiaren barruan izan duen bakartasun sentsazioarekin ere, enaren txio eta hegaldiak soilik entzuten zituela. Libre sentitu dela dio.

Ikuspuntu pribilegiatua izan du azken lauzpabost urteotan Idoia Unzurrunzaga argazkilariak. Donostiako Tabakalerako obren bilakaera argazki bidez jasotzea izan da esku artean izan duen egitekoa. Espazio erraldoia hustu zenetik iragan ostiralean inauguratu zenera arteko eraldaketa prozesua jaso du 1.320 argazki baino gehiagotan. Horietako asko segidak osatzeko erabili ditu eta, beste asko, berriz, une edo detaile bereziak jasotzeko. Hala ere, lana ez du amaitutzat eman, azken argazkia falta delako: «Tabakalera argiztatuta erakutsiko duena, trenbideetatik adibidez. Argia bizitzaren sinboloa da, jarduera dagoen seinale», dio.

Arkitektura-argazkilaritzan espezializatua, eskarmentu handia du sektorean donostiarrak. Lehenago, besteak beste, Kursaal jauregiaren prozesua jaso zuen, baita Getariako Balenciaga museoarena ere. Kasu horien eta Tabakaleraren artean, ordea, badago ezberdintasun bat. Lehenengoetan eraikuntza prozesua zen bitartean, hau da, eraikinekbolumena nola hartzen zuten jasotzea, azken hau zaharberritze bat izan da, egitura zutik egonda, tripetan sartzea hain zuzen.

Eraikinaren tamainagatik, espazio zehatz batzuk hautatu behar izan zituen. Haren simetriak, halere, asko lagundu zion hautaketa egiteko garaian. Patioak, nabeak, atondoa, sarrera eta eskailera nagusia aukeratu zituen. Eta ahalik eta emaitza onenak lortzeko, metodologia zehatz bat ezarri zuen. Hilean behin joan da, eta lan jardunaldi bakoitza ordu berean hasten zuen: goizaldeko 6.30 aldera. «Egun bakarrean egin behar nuen lan guztia, eta mordoa zegoen egiteko, horregatik noiz joan, zein ikuspuntu hartu, zein enkoadraketa egin… hori guztia erabakita nuen eta modu ia mekanikoan egiten nituen. Zortzi orduz jarduten nintzen, argazkiak atera eta atera. Aukerak mila ziren; eta beraz, sinplifikatu egin behar izan nuen», azaldu du.

Erabilitako optika oso angekuzabalei esker, pertsona baten begiek ikus ezin dezaketena jasotzen dute argazkiek: lurra, sabaia eta paretak. «Norbaiti prozesua nola izan den azaldu beharko banio, argazkiek eman beharko lukete erantzuna, hitzik esan gabe. Eta horretarako deskriptiboak izan behar dira, ezin dira detaile txikiak izan, espazioa handia bada, handitasuna erakutsi behar dute, lurretik sabairaino, paretak ahaztu gabe, noski».

Isiltasuna handitasunean

Argia oso elementu garrantzitsua izan da; horregatik joan da beti ordu berean. «Argiak erregularra izan behar du, plano eta espazio berberak eguzkiarekin edo itzalarekin ez baitu zerikusirik, eta, hori errespetatu ezean, beste aldaketa elementu bat eranstea litzateke», uste du. «Eraikina oso handia denez, argazkien emaitza eraginkorragoa izateko, argi kontrastea baxua denean joan behar nuen halabeharrez, kanpokoaren eta barrualdearen arteko ezberdintasuna handiegia delako bestela». Horregatik joaten zen eguzkia esnatzen ari zenean.

Hori azaltzen duen bitartean, Tabakalera ilun eta bakarti bat irudikatzen dugu eta, uste dugunaren kontra, une horietan argitasuna bazegoela dio Unzurrunzagak. «Nahiz eta eguzkia oraindik atera ez, izpiek zuzenean ez eman, argitasuna sumatzen zen. Isiltasuna ere zoragarria zen», gogoratu du.

Barrenean lanean aritu bitartean emozio asko sentitu ditu. Handitasun hartan isiltasuna hausten zuten bakarrak habietan zeuden enarak ziren. «Han bakarrik, txoriek gaua bertan pasatzen zutela pentsatuta… begiak itxita larre batean nengoela zirudien».

«Gozamena izan da. Gauza asko sentitu ditut, oso bereziak. Eta une politak ere ikusi ditut. Adibidez, inor baino lehenago heltzen nintzenez, langileak iristen ikusten nituen. Eta asko zegokien ordua baino lehenago sartzen ziren; beraz, hor motibazioa bazegoen…», azaldu du.

Espazio berberei ateratako argazkiekin egindako segidez gain, beste hamaika irudi atera ditu «tentazio piloa» izan duelako bidean. «Detaileak bereziak izan dira. Arkitektoek esaten zidaten zer egin, teknikoki beraientzat oso erabilgarria zelako nire lana –dio–. Hilero 30-35 argazki inguru entregatzen nituen, horietatik batzuk sekuentziak betetzeko. Baina xehetasunak, une politak, asko egon dira, Tabakalerako ordulari mitikoarena, adibidez». Erlojuak ere prozesu propioa izan du lau urtean zehar eta une ezberdinak jaso ditu: aldamioaz inguratuta, oihal batez estalia… Sorpresa azken bisitan izan zuen Unzurrunzagak. «Uda ostean izan zen. Erlojura hurbildu eta jarrita zegoen jada, kutxa moduko batekin estalita. Ez nuen argazkia kutxarekin atera nahi eta, oso kuriosoa naizenez –onartu du–, kubo batera igo nintzen kutxa irekitzen saiatzeko, baina ez nintzen iristen…». Hainbat saio egin ondoren, lortu zuen hura ireki eta ordulariari, beste elementurik gabe, klisk egitea. Konpartitzearen garrantzia aipatu du, alegia, berak irudi hori ateratzearen balioa, besteek ere gauza bera ikus dezaten. «Izatez denak gara kuriosoak eta ziur jende askok ere jakin-mina duela ordulariaren inguruan…».

Beste irudi batzuetan langileak islatu nahi izan ditu. Sekuentziak osatzeko irudiak oso orokorrak zirela-eta, beste elementu batzuk bilatu ditu. «Protagonista eraikina zen, baina aldaketak pertsonek egin dituzte. Irudi hauetan, tamalez, norbanakoaren irudi eskubideen kontua dago», esan du.

Une iheskorrak

Saioak hilean behin egiten zituenez, unean unea aprobetxatzea oso garrantzitsua dela dio donostiarrak, ikusten zuen plano bakoitza, xehetasun bakoitza, bueltatuko ez zela bazekielako. Momentuak galkorrak ziren. Eta bazekien. «Detaile arkitektonikoak, gremio batek besteari paretetan utzitako mezu fluoreszenteak, zeinuak ziren, haien jergan erabiltzen diren ikurrak… lana azkar eta modu mekanikoan egin behar nuen, ezin nintzen bidean gehiegi luzatu, baina momentuak joan egiten dira eta tentazioak asko izan dira. Neure kasa asko atera ditut, momentuaz benetan gozatzen ari nintzelako. Askotan gelditu naiz eraikinaren barruan behar nuena baino gehiago», kontatu du.

Horren harira, oroitu da trenbideetatik gertu Tabakalerara sartzeko ahalbidetu duten sarrera berria amaitzen ari zireneko uneaz. «Iristen nintzen bakoitzean sorpresak topatzen nituen, zehatz ez nekien zer espero eta egun hartan sarreraren lurra izango zen porlana prestatzen ari ziren, botatzeko. Ba, une hori, hilean behin joanda, edo orduan hartzen da edo galdu duzu. Eta bat-batean une horrek garrantzia hartzen du».

Hiriaren eraldaketak

Argazkilaritza ikasketak Bartzelonan egin ondoren, eta Arte Ederren ikasketak amaituta, bere ibilbidea definitu zuen. Arkitektura argazkilaritza hautatu zuen erreportarien kuota beteta zegoela uste zuelako eta estudio bat edukitzeko adina bitarteko ez zuelako. «Nire familian hainbat arkitekto daude, baita nire senarra ere. Esparru hori lantzen zuen argazkilaririk ez zegoen orduan eta horri ekin nion, lekua egitea errazagoa izango zelakoan», gogoratu du.

Ogibidearen edo espezializazioaren denborek gainera, bere nortasunarekin bat egiten dutela dio. «Ni lasaia naiz, eta erritmoa hemen hala da».

Idoiarekin kalean topo egiten baduzue, ez harritu kamerarekin hiriaren eraldaketak harrapatzen ikusiz gero; hiria, eta bere auzoa, gertutik jarraitzea gustatzen zaio jazotzen diren aldaketak harrapatzeko. «Sekuentziak egiten ditut Donostian. Orain, gainera, aldaketa asko dago. San Bartolome, adibidez. Dena aldatzen ari da etengabe, baina aldaketa konstantea denez, bere horretan mantentzen dela dirudi. Agian kale estu batek ez du garrantzirik, bigarren mailakoa da hiri batean… baina nork daki etorkizunean zein ondorio izan ditzaketen esku hartze horiek? Niri behintzat interesatzen zait iraganean gauzak nola ziren jakitea eta jasotzea. Eta, argazkiei esker, testigantza horiek betiko geldituko dira. Tabakalerarekin horixe gertatu da. Sekuentziei esker memorian gordeta geldituko da fabrikaren eraldaketa».