Gotzon ARANBURU
DONOSTIA

Siriako Karabana

Eztabaida asko dago, ikuspuntu desberdinak, irakurketa kontrajarriak. Siriako gerraz ari gara. Baina gauza bat argi dago, eta zera da: herritar arruntak bete betean kolpatzen dituela gerrak, milaka eta milaka gizon, emakume eta ume errugabe bizia galtzen ari direla herrialde hartan. Ahal dutenek, eta ahal duten moduan, ihes egiten dute infernutik. Zer gertatzen ari da Sirian, nolakoa da Siria? Europan babesa aurkitu duten hainbat artista eta intelektual galdera horri erantzuten saiatzen ari dira, Kultur Karabana baten bidez.

Siriako Karabana Kulturala, Donostiako Gipuzkoa plazan. (Gotzon ARANBURU)
Siriako Karabana Kulturala, Donostiako Gipuzkoa plazan. (Gotzon ARANBURU)

Astearte arratsaldean iritsi zen Siriar Karabana Kulturala Hondarribira. Benetako karabana bat da, arrosa kolorekoa, eta bertan etorri ziren Euskal Herriraino ekimen honetako hainbat partaide, ez denak, guztientzako tokirik ez baitu ibilgailuak. Klink elkartean afaldu zuten eta Hondarribian bertan egin zuten lo, hainbat lagunen etxeetan. Halaxe egingo dute datozen egunetan ere, Donostian, Legazpin, Urretxun eta Zumarragan antolatutako laguntza sare herritarrari esker.

Duela bi urte pasatxo, 2014ko uztailean, abiatu zen Kultur Karabana Europan barrena. Partaide gehienak atzerrian bizi diren margolari, argazkilari, musikari, idazle, aktore, zinegile, poeta eta antzerki zuzendari siriarrak dira. Horietako zortzi dabiltza egunotan gure artean, euskaldunoi Siriako egoera azaldu nahian. Eta artistak direnez, bada artearen bidez adierazi behar erraietan daramaten mina. Adierazte soilak ezer gutxirako balio du, ordea, eta elkartasuna eskatu ere egiten dute. Bi alderdi horiek bat eginda, arte erakusketa antolatu dute asteazken eta ostegunean Donostiako Gipuzkoa enparantzan, Aldundiaren atarian. Oso toki zentrikoa izanik, asko eta asko dira margoei eta argazkiei so geratzen diren herritarrak. Baita galderak egin ere, eta Karabanako kideen erantzuna jaso.



‘Artea, hizkuntza unibertsala’ du izenburutzat erakusketak eta «Siriako gerrak sorrarazten dituen emozioak» islatzen ditu, ekimenaren bultzatzaile den Monica Leiva kazetariaren hitzetan. Leiva nazioarteko kazetaritzan aritua da eta sentsibilitate berezia du mundu arabiarrarekiko. Aspaldidanik ari da Gipuzkoako Goierrin Siriaren aldeko ekimenak prestatzen, horien artean 2016an zehar burutuako hiru material bilketa, larrialdietako beharrei erantzuteko. «Nolabait ere –dio Leivak– karabana Euskal Herrira etortzea kanpaina horien arrakasta ospatzeko modu bat da, baina era berean euskal herritarrok Siriari beste era batera begiratzeko proposamena ere bada; gerraren ondorioak jasaten ari diren eta Europan babesa bilatzen duten pertsonen duintasuna aitortzeko deia».

Duintasuna sobera daukate Gipuzkoa plazara bildu diren artista siriarrek. Horietako bat Walid El Masri pintorea da, Sirian jaioa eta gaur egun Parisen bizi dena. Beijing-en, Hong Kong-en, Seulen, Beiruten, Londresen eta Parisen egin ditu erakusketak El Masrik. Poeten artean Khouloud Al Zghrayare dago, Damaskon eta Beiruten liburuak argitaratutakoa, eta gaur egun Frantziako hiriburuko biztanle. Alepon, egunotan irudi beldurgarriak eskaintzen ari den hirian, jaio zen Mohamad Al Roumi argazkilaria, eta bere obra Sirian, Estatu Batuetan eta Europan erakutsi dio publikoari, baita hainbat liburutan bildu ere. Zineman ere bada nor. Donostian dabiltza biak, eta hauekin batera Walaa Dakak, Shada Safadi… zortzi laguneko taldea osatzeraino.

Al Roumi gizon atsegina eta abegikorra da. Bera da Karabanaren espiritua ondoen ordezkatzen duena, taldekideek adierazten dutenez. Adinez aurrera joanda dagoen arren, milaka kilometro egin ditu dagoeneko karabana arrosaren barruan, eta lo ere bertan egin ohi du, bai arte lanak eta bai ibilgailua bera zaintzeko.

23 milioi biztanletik 11 etxetik kanpo

Karabana ez zuten berria erosi, jakina, ordurako asko ibilitakoa baizik, eta etengabe ematen dizkie arazoak, dela olioa galtzen duelako edo dela gurpilak oso gastatuta dituelako. Orduko 60 kilometro larri harrapatzen ditu, eta bidaiek oso luze jotzen dute. Baina Al Roumik ez du etsitzen. «23 milioi biztanle zituen Siriak 2011 urtean, eta egun horietatik 11 milioi etxetik kanpo daude. Bost milioi Siriatik kanpora, errefuxiatuta, eta beste sei milioiak Siria barruan batetik bestera mugitzen, gerraren arabera. Drama izugarria da, eta kultur munduko gizon emakumeok ezin dugu ezikusiarena egin» diosku frantsesez.

Berez askoz gehiago dira Kultur Karabanako kideak, baina ez dira denak batera ibiltzen. Ekimeneko kide ezagunenetakoa Nouri Al Jarrah damaskoarra da, azken hamarkadetako poeta arabiar berritzaileenetako eta handienetako bat. Duela gutxi argitaratu da gaztelaniaz bere ‘Los siete días del tiempo’ poema bilduma. Obra handia osatua du Nourik eta hainbat literatur aldizkari sortu ere bai, Beiruten, Zipren, Londresen eta Arabiar Emirerri Batuetan.

Assem Al Bacha eskultorea ere puntako artista da. Atzerriratu egin zen 1982an eta Andaluzian bizi da egun. Puntako margolari eta eskulturgile honen anaia Namir oso gogor torturatu zuten Sirian eta hango kartzela batean hil zen. Ez dute Euskal Herrira etortzerik izan oraingo honetan.

Erakusketarako bai, baina bestelako ekimenetarako tokirik topatzea ezinezkoa izan zaio Karabanari Donostian. Goierrin bestelako erantzuna jaso du, eta han kontzentratuko dira ekitaldiak asteburuan. Zumarragan hasiko dira ostiralean, arte erakusketarekin eta ‘Lobo’ (Naji Abu Nowar zuzendari, Jordania, 2014) pelikularen emanaldiarekin. Siriar zuzendarien laburmetraiak ere emango dira eta Mohamad Al Roumi bertan izango da.

Jende askoren lana

Larunbatean «soirée siriar-euskalduna»ren txanda izango da Urretxun: umeentzako jolasak, poesia errezitaldia, txalaparta, bertsolariak, herri-afaria… eta gainera Jordi Evolek zuzendu duen ‘Astral’ filmaren estreinaldia. Emanaldietan bildutako dirua –Legazpin ere proiektatuko da– oso osorik joango da Proactiva Open Arms gobernuz kanpoko erakundera. Legazpin erakusketa eta laburmetraiak izango dituzte ikusgai igandean.

Jende askoren lana izan da beharrezkoa Karabanak Pirinioak zeharkatu ditzan. Hamabost boluntario aritu dira beharrean ia sei hilabetez, beste hainbeste familiak eskaini dute tokia etxean artistak hartzeko, eta DSS2016, udalak eta hainbat elkarte izan dituzte laguntzaile, helburu amankomunarekin: gerraren madarikazioa jasaten duten pertsonei babesa eskaintzea.

Europan barrena ere antzera izaten ari da. 2014ko udan Parisko Maréchal Joffre plazatik abiatu zen Karabana, Bakearen Harresiaren ondotik, eta hegoaldera jo zuen, Avignon eta Marseille hirietara. Handik Italiara, eta ondoren Alemaniara, Berlinera hain zuzen. Kilometro asko dauzka eginda dagoeneko ortzadarraren koloreekin margotutako Karabana honek.

Laguntza hori gorpuzteko garaian, gorago aipatu ditugun bi izenera itzuli behar, hain zuzen ere ‘Astral’ eta Proactiva Open Arms GKE katalana. ‘Astral’ ontzia luxuzko belaontzi bat zen, Livio LoMonaco enpresari italiar aberatsarena, eta honek aipatu GKEari oparitu zion, Mediterraneoan noraezean zebiltzan errefuxiatuak erreskatzeko erabili zezan. Moldatu egin behar izan zuten, aisialdirako belaontzia zena ospitale-ontzi bihurtzeko. Karlos Zurutuza kazetariak GARAn azaldu bezala, uztailaren 1ean hasi zen lanean Astral eta dagoeneko 13.000 errefuxiaturi eman die laguntza. Egunotan Euskal Herrian bildutako diruak balioko ahal du laguntza hori hazteko.

Euskal Herrian, eta zehazki Gipuzkoan, Irak eta Siriako gerretatik ihesi dabiltzan pertsonei laguntza emateko jarrera oso ona izan dela orain arte dio Monica Leivak. Oinarrizko beharrak betetzeko gaiak bildu dira, eta Urola Garaitik bakarrik dozenaka pale bidali dituzte aurten errefexiatu eremuetara, baita sendagai ugari ere, farmazietan egindako kanpainari eta ospitaleei esker. «Ea lortzen dugun maila horri eustea. Ez da erraza etengabe herritarren arreta izatea, kanpainaz kanpaina, baina konturatu behar gara gerraren biktimek etengabeko laguntza behar dutela» diosku Kultur Karabanako kideei margoak zintzilikatzen laguntzen dien bitartean.