NAIZ
TOLOSA

Manu Azkarateren askatasunaren alde sinatu dute Tolosaldeko hainbat aurpegi ezagunek

Tartean Iñaki Artola pilotaria, Martxelo Otamendi eta Kike Amonarriz kazetariak, edota Aiora Zulaika «Pirritx» pailazoak sinatu dute larriki gaixo dagoen Manu Azkarate euskal presoaren kaleratzea babesten duen manifestua.

Manu Azkarateren askatasuna eskatuz manifestua sinatu duten lagunak, agerraldian. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Manu Azkarateren askatasuna eskatuz manifestua sinatu duten lagunak, agerraldian. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Larriki gaixo dagoen Manu Azkarate euskal presoaren askatasuna galdegiten duen manifestuaren aurkezpen ekitaldia egin dute Tolosan berau sinatu duten hamarnaka lagunen presentziarekin, tartean Iñaki Artola pilotaria, Martxelo Otamendi eta Kike Amonarriz kazetariak, edota Aiora Zulaika «Pirritx» pailazoa.

Idoia Bengoetxea Tolosako Sareko kideak presoaren osasun egoeraren errepasoa egin du, ataria.eus webguneak jaso duenaren arabera. Onek presoak duen osasunerako eskubidea defendatu du, «oinarrizko» eskubide bat dela ulertuta. «Larriki gaixo dauden presoen kasuan, Manuren kasua tartean, beren biziak arriskuan daude, oso larri daude, eta premiazkoa da beren askatasuna», aldarrikatu du.

Presoaren medikuak azaldu duenez, Azkarateren gaixotasuna «oso larria eta kronikoa» da, «sendatu ezin dena. Gaitz horren ondorioz -jarraitu du medikuak- odol jario handiak izan ditu, eta hiltzeko zorian egon da».

Bi aste daramatza Azkaratek ospitaleratuta, eta bere medikuak adierazi du bere osasun baldintzak ez direla kartzelan egoteko modukoak: «Gaixotasun larri horren ondorioz kaleratu zuten eta bere gaitzarekin kalean egon beharko luke».