NAIZ
BILBO

Donostiako Protokoloa euskarara egokitu eta egikaritzea izango du 2017ko egiteko nagusi Kontseiluak

Urteko batzarra egin du Kontseiluak Bilboko Euskalduna jauregian. Bertan, 2016ko balantzea eta 2017rako kudeaketa plana aho batez onartu dituzte erakundea osatzen duten bazkideen ordezkariek. 2016ko abenduan aurkeztutako Donostiako Protokoloaren lanketa izango da aurtengo erronka nagusiena.

Kontseiluak Bilboko EUskalduna jauregian egin du batzarra. (KONTSEILUA)
Kontseiluak Bilboko EUskalduna jauregian egin du batzarra. (KONTSEILUA)

Kontseiluak Donostiako Protokoloa euskarara egokitu eta egikaritzea izango du 2017ko egiteko nagusi. Hala iragarri dute gaur Bilboko Euskalduna jauregian egindako batzarrean. «Gogora dezagun, Protokoloa hogeita hamar hizkuntza baino gehiagoko ehundik gora eragilek adostutako bide-orria dela, hain zuzen ere, egoera gutxiagotuan dauden komunitateen eskubideak bermatzeko. Orain, Protokoloan biltzen diren neurriak euskarara ekartzeko prozesua zabalduko du Kontseiluak, eta horretarako, Protokoloarekin batera argitaratutako Kaieraren prestakuntza egingo du hamarnaka eragilerekin batera. Hilabeteetako prozesu partehartzailea garatuko du», esan du idazkari nagusi Paul Bilbaok.

Era berean, protokoloaren nazioarteko aitortza jorratzeko lan-ildoa zabalduko du Kontseiluak. Horrekin batera, 2017an Kontseiluak hizkuntza-politiketan eragiteari begira, lan intentsiboa egiten jarraituko du Nafarroan, eta horretarako, herri mailan ofizialtasuna aldarrikatzeko dinamikak garatuko ditu. 

Halaber, Kontseiluak bbeste proiektu batzuk garatzea planteatzen du. Eremu sozioekonimikoa euskalduntzea Baduzu, euskal kontsumitzaileen klubaren bitartezm helduen euskalduntzea doan izan dadin hainbat ekimen egingo dira eta osasungintza euskalduntzeko lanari jarraipena emango zaio.

2016ko balantzeari dagokionez, Kontseiluak «positibo» baloratu du jarduna. «Eremu instituzionalean 2016 urtea mugitua izan da oso. Nafarroan, aldaketaren Gobernuak lehen urtea egin du bere ibilbidean, EAEko Gobernu berria eratu da eta Ipar Euskal Herrian lehen aldiz hiru lurraldeak bilduko dituen Euskal Elkargoa sortu da», adierazi dute ohar baten bidez. Honela bada, Nafarroako Gobernuaren orain arteko ibilbideak «asmo on batzuk agerian utzi dituen arren, gabezia nabarmenak» izan dituela adierazi dute. EAEri dagokionez, «kezkaz» ikusi zuen gobernu-akordioa egin zenean PSEk «euskararen aurkako mezuak zabaldu izana».