NAIZ
BILBO

1936. urtean Euskal Herriari buruz egindako 3Dko lehen pelikula aurkitu dute

Loraldia Festibalak eta EHUk Euskal Herriari buruzko 3Dko lehenengo filmaren aurkikuntzaren berri eman dute. ‘Euskadi’ du izenburua eta René Le Hennaffek zuzendu zuen 1936an, zinematografoaren asmatzaile Louis Lumièrek garaian garatu zuen teknika baten bidez. Martxoan zehar Bilbo, Iruñea, Donostia eta Baionan filmaren proiekzioak egingo dituzte.

Bilboko Bizkaia Aretoan aurkeztu dute ‘Euskadi’ filmaren aurkikuntza. Loraldia Kultur Elkarteko koordinatzaile Mikeldi Uribe-Etxebarria, Bizkaiko Campuseko errektoreorde Patxi Juaristi, Bea Narbaiza irakasle eta Nor ikerketa taldeko ordezkaria eta EHUko ikertzaile Josu Martinez izan dira bertan.

Azaldu dutenez, ‘Euskadi’ ez da soilik Euskal Herriari buruzko lehenengo 3Dko filma, baizik eta garai hartan teknika hori erabiliz egindako bakarretako filma ere bada. Izan ere, Lumièreren azken asmakizunak ez zuen arrakastarik lortu eta berehala baztertu zen.

Beste hainbat dokumental atzerritarrek planteatutako euskaldunak irudikatzeko imajinario erromantikoa agertzen da filmean, baina baita ere hirietako irudiak eta turismoaren gaia ikus daitezke. Donibane Garazin filmatutako kabalkada bat ere agertzen da. 

‘Euskadi’ 1937ko apirilean estreinatu zen, Pariseko Olympia teatro famatuan. Zinema munduko hainbat pertsonalitate izan ziren estreinaldian, tartean Lumière bera, eta kritika onak izan zituen. Alta, gero, oso gutxi zabaldu zen filma, oso areto gutxik zeukatelako erliebeko zinema proiektatzeko makinaria. Euskadi egin arte, Le Henaff muntatzaile prestigioduna zen; ondoren, hainbat film komertzial zuzendu zituen Frantzian. 2005an hil zen, 103 urte zituela.

Aurkikuntza

Agerraldian azaldu dutenez, Josu Martinez film honen bila hasi zen aipamen batzuk topatu zituenean. Pariseko Pathé Gaumont ekoiztetxearen inbentarioetan topatu zuen erreferentzia, baina pelikula originala, nitratozko kopia, CNC-n, (Centre National de Cinématographie) gordetzen zuten. «Asko kostatu zitzaidan konbentzitzea filma ikusten uzteko, izan ere, horretarako digitalizatu beharra zuten. Azkenean lortu nuen, eta harribitxi baten aurrean geundela ohartu nintzen», adierazi du Martinezek.

Loraldia Festibalak film historiko honen proiekzioak antolatu ditu. Martxoaren 11an Iruñean, Punto de Vista Zinemaldian; 15ean Bilboko Azkuna Zentroan, 19.30ean, Loraldia Festibalean; 23an Donostiako Tabakaleran eta 24an Baionako Atalante zine-aretoan.

‘Euskadi’ filmaz gain, emanaldi hauetan guztietan 60 hamarkadako euskal kulturari buruzko bi dokumental suediar erakutsiko dira: ‘Basker’ eta ‘Bonde i Baskerland’. Hauek aurten topatu ditu EHUko ikerlari Argibel Euba Ugartek.