NAIZ
WASHINGTON

Keystone oliobide polemikoa eraikitzeko baimena eman du Donald Trumpek

Amerikako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak, Donald Trumpek, baimena eman dio TransCanada enpresari Keystone oliobidea eraiki dezan. Ekologisten protesta ugariren ondotik Barack Obamak 2015ean baztertu zuen proiektuak argi berdea jaso du hala proiektuak. 

Ekologista eta indigenak, Keystone eta Dakota Access proiektuaren aurkako protesta batean. (Jason CONNOLLY/AFP)
Ekologista eta indigenak, Keystone eta Dakota Access proiektuaren aurkako protesta batean. (Jason CONNOLLY/AFP)

Ohar baten bitartez, AEBetako Estatu Departamenduko buruak, Mark Tonerrek, jakinarazi du Trump presidenteak baimena eman diola enpresa kanadarrari bi herrialdeen arteko mugan, Montanako estatuan, Keystone proiektua «eraiki, operatu eta mantentzeko».

Ordu gutxiren buruan Trumpek berak gaiari buruzko azalpen gehiago emango dituela adierazi du Etxe Zuriko eledun Sean Spicerrek.

TransCanadako presidenteak, Russ Girlingek, azpimarratu du AEBetako Gobernuaren erabakia «mugarri garrantzitsua» dela oliobidea eraikitzeko eta hura martxan jartzeko bidea errazten duela.

«Asko eskertzen diogu Trumpen Gobernuari ekimen hau berrikusi eta onartu izana», azaldu du Girlingek.

Aipatu petrolio-hodiak Kanadako Albertako hondar bituminosoetan izango luke hasiera eta Texaseko itsasertzeko findegietan bukaera. Egunero 830.000 upel garraiatzea da asmoa.

Urte luzez ekologistek proiektu honen aurka egindako protesten ondotik, Barack Obama presidenteak 2015ean baztertu egin zuen proiektua, honek ingurumenean izango lukeen eraginaren inguruko azterketa sakona egin eta gero.

Hala ere, boterera iritsi eta lau egunera, proiektua berrabiarazteko agindu exekutiboa sinatu zuen Donald Trumpek. Keystone XL oliobidearekin batera, ekologista eta indigenen protesten ondotik Obamak 2016ko abenduan bertan behera utzi zuen Dakota Access proiektua berpiztu zuen Trumpek.