NAIZ
GASTEIZ

Larunbatean Gasteizen jokatuko den Arabako finalerako prest dira sei bertsolariak

Karla Santiestebanek jantziko dio txapela heldu den larunbatean Arabako Bertsolari Txapelketako irabazleari. Gasteizen jokatuko den finalerako prest dira Manex Agirre, Iñaki Viñaspre, Oihane Perea, Serapio Lopez, Xabi Igoa eta Asier Otamendi bertsolariak.

Oihane Perea, Serapio Lopez, Manex Agirre, Xabi Igoa, Asier Otamendi eta Iñaki Viñaspre. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Oihane Perea, Serapio Lopez, Manex Agirre, Xabi Igoa, Asier Otamendi eta Iñaki Viñaspre. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Arabako Bertsolari Txapelketaren finala aurkeztu du gaur Arabako Bertsozale Elkarteak. Gasteizko Printzipal antzokian jokatuko da finala datorren larunbatean, apirilaren 1ean, 17.30etik aurrera.

Agerraldian sei finalistak izan dira: Manex Agirre aramaioarra, Iñaki Viñaspre (Abetxuko), Oihane Perea (Zalduondo), Serapio Lopez (Baranbio), Xabi Igoa (Aramaio) eta Asier Otamendi gasteiztarra.

Karla Santiestebanek jantziko dio txapela irabazle suertatzen denari. Arabako Bertsozale Elkarteak urte askotan egindako lana eskertu nahi dio modu horretan Arabako bertsolaritzaren sustatzaile izan denari. Izan ere, berak sortu zuen 1982an herrialdeko lehen bertso-eskola, Aiaraldean, eta geroztik antolatzailea, gai-jartzailea eta epailea izan da.

Beste sariak Arabako bertso-eskoletako ordezkariek banatuko dituzte, antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Belaunaldien transmisioa

Sei finalistek nabarmendu dute seikotean eman den transmisioa; belaunaldi ezberdinetakoak izanik batzuk besteen irakasleak izan dira eta finalean topo egingo dute.

Larunbateko finalerako sarrerak Printzipal antzokian bertan eskuratu ahal izango dira, ohiko bideetatik: leihatilan, telefonoz eta antzokiaren webgunean.