NAIZ

Entrenatzen ari zela kamioi batek harrapatu eta hil egin da Scarponi txirrindularia

Michele Scarponi, Astana taldeko 37 urteko txirrindulari italiarra, hil egin da entrenatzen ari zela kamioi batek harrapatu ostean. Giroko irabazlea 2011n, Italiako itzulia lehiatzera itzultzeko prestaketa lanetan zebilen murgilduta.

Michele Scarponi, artxiboko irudi batean.
Michele Scarponi, artxiboko irudi batean.

Larunbat goiz honetan jazo da istripua, Italiako Filottrano herrixkan. Goizeko 8.00ak aldera, entrenamenduan zela, kamioi batek harrapatu eta bizia galdu du Michele Scarponi txirrindulari italiarrak, 'La Gazetta dello Sport' egunkariaren arabera.

Istripua izan bezain laster, eta egoeraren larritasuna medio, azkarren batean gerturatu dira osasun zerbitzuak, eta eskualdeko Ancona Torres ospitaletik ere helikoptero bat bidali dute. Hauek, baina, ez dute txirrindulariaren heriotza ziurtatzerik baino izan, kolpea jaso eta momentuan zendu baita.

37 urte zituen txirrindulariak eta 2002tik zebilen profesionaletan lehiatzen. 2011n Giroa irabazi zuen eta Italiako itzulia lehiatzeko Astana taldearen buru izendatu berri zuten, taldekide Fabio Aruren hutsunea ordezkatuz.