NAIZ
ZORNOTZA

Zornotzan hildako bat eragin duen lan istripua salatzeko lanuztea deitu dute

Astelehenean Zornotzako Jauregizahar igerilekuan Ametx erakunde autonomak azpikontratutako Impacto enpresako langilearen heriotza dela eta lanuztea deitu du Udaleko eta Ametxeko langileen batzordeak. Bide batez, Osalani eta Lan Ikuskatzaileari gertatua ikertzeko exijitu diote.

Zornotzako Jauregizahar igerilekuan hil zen 48 urteko langilea, ustez gas isuri bat izan zelako. Honekin batera, obra eta zerbitzuetako udal brigadako beste langile bat ospitalera eraman behar izan zuten.

Langileen batzordeak salatu duenez 22 langile hil dira euren lanpostuetan aurten, «azken urte hauetan izan dugun ildo beltz berberari jarraituz».

«Lanean gertatzen diren heriotzak, eta lan-siniestralitatea, gaur egungo lan ereduaren ondorio dira; lantokietan prekarietatea zabaldu baino ez du egiten-eta. Argi dugu gizartean dugun gaitz honi konponbidea emateko modu bakarra lan duina eta segurua edukitzeko eskubidea bermatzea dela; kalitatezkoa eta langile guztiei baldintza berdintsuak aitzortzen dizkiena», salatu du Langileen Batzordeak.

Honekin batera, Zornotzako Udalak eta Ametx erakunde autonomoak duten azpikontratazio maila ordezkari politikoekin eztabaidetzeko asmoa azaldu du Langileen Batzordeak, «kalitatezko lana lortze aldera».

Gertakizun hauek direla eta, deialdia egin dute asteazkenean kontzentrazio isila egiteko, 12.00etatik 12.30era Udaletxe aurreko plazan. Honekin batera, udal-langileak 12.30etik 14.30era bitarteko lanuztea egiteko deia ere egin dute.