NAIZ
DONOSTIA

Udan hasiko dira Praileaitzeko sarrera berriaren indusketa lanak

2014an aurkitutako Praileaitz I kobaren sarrera berriaren indusketei udan ekingo diete arkeologoek, Xabier Peñalver lanen zuzendariak jakinarazi duenez.

Praileaitz I kobari buruzko monografikoaren aurkezpena. (GIPUZKOA.EUS)
Praileaitz I kobari buruzko monografikoaren aurkezpena. (GIPUZKOA.EUS)

Praileaitz I haitzuloaren liburua aurkezteko egin duten agerraldian azaldu du Peñalverrek datozen hilabeteotan hasiko direla leizearen sarrera berriaren indusketa lanak.

«Ahal dela, ekainean» hasiko dira lanak sarrera berrian, zeina Erdi Paleolitikoaren mailan dagoen hasieratik (40.000 eta 125.000 urte bitarteko aintzinatasunarekin). Hala, neanderthalen garaian murgiltzeko aukera izango dute. Ondoren, sakonago dauden geruza eta espazio batzuetara iristea dute helburu.

Etorkizunean «emaitza garrantzitsuak» lortzea espero dutela esan du Peñalverrek.

Sarrerak zentimetro gutxi batzuk baino ez zituen 2014an aurkitu zutenean, baina egun, hegalean eginiko lanari esker, hiru bat metro ditu.

Liburua

Bestalde, barrunbe horretan 2000 eta 2009. urteen artean egin diren lanak biltzen dituen monografikoa aurkeztu dute.

Deban kokatuta dagoen aztarnategi honen ezaugarri garrantzitsuenen berrikuste bat egiten du publikazioak, eta Paleolitiko (Goikoa eta Erdia) denboraldiko ikerketa berriak jarraitzeko ikuspuntuak ere jasotzen ditu.

Monografiko hau Aranzadi Zientzia Elkarteak bultzatutako Munibe Monographs, Anthropology and Archaeology Series publikazioaren lehenengo liburukia da, Gipuzkoako Aldundiaren, udaletxe desberdinen eta beste agente pribatuen laguntzari esker plazaratu dena.

Xabier Peñalver indusketa eta ikerketa proiektuaren zuzendariak, Sonia San Jose arkeologoak eta Jose Antonio Mujika-Alustiza historian doktoreak editatu dute liburua. Eremu eta laborategi lanak burutzeko, Peñalverrek zuzendutako jakintza alor anitzeko talde batek egin du lan, herrialde desberdinetako 20 erakunde eta 38 ikertzailez osatuta dagoena.

Liburuaren sortze prozesua ikerketa proiektuarekin batera hasi zen, orain dela 17 urte baino gehiago, 2000. urtean, hain zuzen. Monografikoa paperezko edizioan zein bertsio digital librean atera da, azken hau, Aranzadiko webgunean artikulutan banatuta ikus daiteke.