NAIZ
GASTEIZ

Soldatak modu orokorrean igotzeko eskatu du Gasteizko Parlamentuak

Negoziazio kolektiboaren esparruan soldatak modu orokorrean igotzeko eskatu du Gasteizko Parlamentuak. EAJ, EH Bildu eta PSEk adosturiko emendakin bat bozkatu da gaur. EH Bildurena zen jatorrizko proposamena. Ahal Duguk abstentziora jo du eta PPk aurkako botoa eman du.

Iker Casanova, EH Bilduko parlamentaria. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Iker Casanova, EH Bilduko parlamentaria. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

EH Bilduko parlamentari Iker Casanovak azaldu duenez, «igoera horrek bi helburu izan behar ditu: lehena, langileek azken urteotan erosteko ahalmenean galdutakoa berreskuratzea; bigarrena, aberastasunaren banaketa bidezkoagoa bultzatzea».

Casanovak EAJ eta PSErekin lortutako akordioaren garrantzia azpimarratu du, besteak beste, «Legebiltzarrak lan erreforma errefusatzea eta berau indargabetzeko eskatzea ekarri duelako», erreforma horretan jasotako arauek «enpleguaren baldintzak debaluatu eta prekarizatzen» dituztelakoan.

EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, «lan erreforma bertan behera uztea ezinbestekoa da gizarte eragileen arteko oreka bermatuko dituen eta lan eskubideak berreskuratzea ahalbidetuko duen lan harremanen eredu bat ezartzeko».

Horren haritik, Casanovak salatu du lan erreformak negoziazio kolektiboa blokeatzea ahalbidetzen duela, eta hortxe dagoela lan baldintzen okertze progresiboaren jatorria, patronala Rajoyren Gobernuak eman dien tresna juridiko horretaz baliatzen ari delako. «Confebask da lan erreforma aplikatzen ari dena eta bera da negoziazio kolektiboaren blokeoaren eta lan baldintzen eta soldaten okertzearen arduraduna, baina kritikoak gara, halaber, Jaurlaritzarekin, Confebaski babesa ematen diolako etengabean».