NAIZ

Amaitutzat eman dute gose greba preso palestinarrek

40 egunez egin dute gose greba 1.600 preso palestinar inguruk. Israelgo espetxe zaintzako agintariekin izan dituzten negoziazioen ostean, baina, protestari amaiera ematea erabaki dutela adierazi dute hainbat hedabidek, tartean Efe albiste agentziak.

40 eguneko protestaldia egin dute preso palestinarrek. (AFP)
40 eguneko protestaldia egin dute preso palestinarrek. (AFP)

Qadura Fares preso politiko palestinarren kolektiboko ordezkariak eman du protestaren amaieraren berri, Efe albiste agentziarekin izandako elkarrizketan. Orotara, 40 eguneko grebaldia egin dute 1.600 preso palestinar inguruk.

Atzo, ostiralez, jada ohartarazi zuten hainbat presoren osasun egoerak okerrera egin zuela, horietako 182 ospitaleratu egin behar izan zituztela gaineratuz. Hala, Faresek adierazi du presoek osatutako komite batek hartu duela erabakia, eta tartean zela Marwan Barguti Al Fatah-ko ordezkaria, protestaren ikurretako bat. Barguti bera ere ospitaleratua izan da gose grebaren ondorioz.

Ez dira negoziazioen ondorioak argitara eraman, baina jakitera eman denaren arabera presoek Israelgo espetxe zaintzako agintariekin izan dituzten harremanen osteko erabakia izan da presoena.

Aipatu negoziazioez gain, Mahmud Abbas presidenteak ere ABEetako ordezkariekin hitz egin du asteon, Benjamin Netanyahuren Gobernua estutu dezan. Asteon ere Trumpek Israel bisitatu du, eta adierazi du palestinarren eta israeldarren arteko bake prozesuak aurrera egin behar duela.

Bestalde, BDS boikotaren aldeko mugimenduak Israeli arma blokea ezartzea nahi du eta hori lortzeko kanpaina bat abiaraziko duela jakinarazi du.