NEREA GOTI
MUNGIA

Giro paregabea eta Hezkuntza Legearen eskaera, elkarrekin Mungiako Ibilaldian

Goiza haizetsua izanik ere, milaka euskalzale bildu dira Mungian 39. Ibilaldian. Giro onean, antolakuntzak prestatutako lau gune ezberdinez gozatzeko parada izan dute bertaratutakoek. Jaiarekin batera, baina, eskaera bat luzatu du Ikastolen Elkarteak: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Hezkuntza Lege bati ekiteko akordioak bilatzea.

Gazteenak, Ibilaldiaz gozatzen. (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)
Gazteenak, Ibilaldiaz gozatzen. (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)

«Egunero Alkarregaz» leloa nabarmendu dute antolatzaileek 39. Ibilaldian, familia eta herriko eragile ezberdinetan urteetan zehar izan duten elkarlana goraipatuz. Hasiera ekitaldian, besteak beste, Adolfo Arejita euskaltzainak hartu du hitza eta gogoan izan ditu San Pedro elizako lokaletan sorturiko ikastolaren lehen gelak. Izan ere, 50 urte egin ditu aurten Larramendi Ikastolak Mungian. Hasierako ikasle horiek izan dira gaur Ibilaldiari hasiera eman diotenak.

Cristina Uriarte Lakuako Hezkuntza sailburua ere hasiera ekitaldian izan da eta nabarmendu du euskal familiek hezkuntzari ematen dioten garrantzia eta gaineratu du bere departamenduak «etenik gabe» diharduela hezkuntza hobetzen, «eragile guztien parte hartzearekin». «Adostasuna da bidea», defendatu du, hezkuntza tresna bezala erabili ezin daitekeela azpimarratuz.

Bestalde, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak euskal hezkuntza sistema propio bat eraikitzeko deia egin du. «Bere honetan geratzea atzeraka egitea da», esan du Tellituk, legealdi hau ezin dela «galdu» gaineratuz.

Goiza aurrera joan den heinean bete dira antolakuntzak prestaturiko lau guneak. Era berean, nabarmena izan da «eragile moreen» presentzia, eraso sexisten aurrean jarraitu beharreko protokoloaren berri ematen ari diren neska-mutilen taldea. Eguraldia lagun izan dute bertaratutakoek. Musika, tailerrak, jolasak, gaztetxoentzat erronkak... adin eta gustu guztietako ekitaldiak izan dira aukeran.

Santurtziko Ikastolak hartuko dio lekukoa Mungiakoari 2017ko Ibilaldia amaitu bezain pronto, hurrengo urtekoaren prestaketa lanekin bihartik hasteko.